Herriko bozak. Ondorena

Parisen erabakiaren zain

Frantziako Ministroen Kontseilua gaur da biltzekoa herriko bozen gibelatzeko erabakia finkatu eta modalitateak zehazteko. Senatuak eta Asanbleak berretsi beharko dute erabakia ondoren

Herritarrak, igandean, lehen itzuliko bozkak kontatzen, Donapaleuko herriko etxean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Hartu du erabakia Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: herriko bozen bigarren itzulia ez da igande honetan eginen. Astelehen gauean jakinarazi zuen, Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko Frantziak hartu dituen neurriak iragartzeko egin zuen adierazpenean. Espero zen gibelapena, baina berandu heldu dela uste dute Ipar Euskal Herriko arduradun politiko anitzek. Ikusirik egoera ezezaguna sortzen duela, Parisek hartuko dituen erabakien beha gelditu dira.

Lehen itzulia bertan behera utzi behar zen, Anita Lopepe EH Baiko bozeramailearen hitzetan. «Ez zela egin behar uste dugu. Arrunt kontrajarria zen hartzen ari ziren neurriekin: ikastetxeak ixtea, jendeari ez elkartzeko gomendatzea...». Frantziako Gobernuaren «inkoherentzia» deitoratu du. Kontrako diskurtsoa zabaldu du Emilie Dutoya Akitania Berria eskualdeko kontseiluko PSko hautetsiak, Frantziako Estatua herriko bozak atxikitzeko gai zela baieztatuta: «Konstituzionalki blokeatuak izanen ginen. Ezeztatzearen erabakia askoz goizago hartu beharko zen, ez zen posible bezperan halakorik erabakitzea». Ez daki nola hartua izan den erabakia: «Dirudienez, alderdiei ez zaie iritzia eskatu. Ez da erabaki kolektiboa izan». Hala ere, «politikakerian» ez erortzeko eskatu du. «Philipperen adierazpenek etxean gelditzeko kontsigna eman zuten, baina era berean, erran zuen bozka bulegoetara joan zitekeela, baldintza sanitarioak egonen zirela, eta dena egina zela segurtasunez bozkatu ahal izateko». Dutoyaren hitzetan, argi da hautesle anitzen ikuspegia besterik izan dela. Eta funtsean, igandean, segurtasun neurriak arinki hartuak zirela ikusi ahal izan zen bozka bulego batean baino gehiagotan.

Max Brison Errepublikanoetako senatariak ez du «gaurkoa bezalako egoera batean» gobernua kritikatzeko gogorik. «Herrialdeak beste kezka batzuk ditu. Gobernua egunerokoan ari da jokatzen, osasun aginteak ematen dizkion informazioen arabera». Koronabirusak kutsatutakoen kurba begiratzean, Frantziak neurriak biziki goiz hartu dituela dio, Italiak edo Espainiak baino lehen.Brissonen hitzetan, Frantziako Gobernuak «arrazoi» izan du bozak atxikitzean, «ez zelako kontsentsu politikorik», eta adierazi du «normal eta legez» iragan direla hauteskundeak; «jendeak bozkatu ahal izan du». Honela laburtu du: «Iragan dira, kito».

Asteburuan, herriko bozak baliogabetzeko aukera aipatu zuten batzuek, hautesleek libreki bozkatzeko baldintzak ez zirela bete argudiatuta. Lopeperen hitzetan,Frantziako Konstituzioan ez da aurreikusten gisa horretako egoerarik. «Ez dakigu zer den posible, eta zer ez. Nik ez dut elementurik. Egia da abstentzio tasa biziki handia izan dela. Baina lehen itzulian bozkatzera joan direnen bozka zilegia da, eta zaila da kontrakoa baieztatzea. Aurkezten ziren zerrenda guziei eragin die, nehor ez da pribilegiatua izan. Pixka bat dekalatua da eztabaida hau orain ukaitea», adierazi du. Lehen itzuliko emaitzak baliogabetzea baztertu du Dutoyak: «Bozkatu duten hautesleen hitza baliogabetzea litzateke, eta, beraz, hautatuak izan diren hautetsien kargua moztea. Estatuak lehen itzulia atxikitzea erabaki ondotik, ez luke zentzurik orain zalantzan jartzea. Egin da, emaitzak onartu behar dira». Datu bat eman du Brissonek: Ipar Euskal Herriko 160 herrietatik dozena batean baizik ez da bigarren itzulia antolatu beharrik, gainerakoetan lehen itzulitik erabaki baita hauteskunde lehia. Frantzia guzian 5.000 bat herri baizik ez lirateke izanen.

Bigarren itzulia

Bigarren itzulia gibelatzea ezinbestekoa zela badiote ere, egoera ezezaguna sortzen duela azpimarratu dute batzuek eta besteek. Gaur eta bihar jakinen dira gibelatze horren xehetasunak. Frantziako Ministroen Kontseilua gaur bilduko da gibelatze hori ofizial egiteko, eta, ondoko egunetan, Frantziako Senatuaren eta Asanblearen bozka bat beharko da. Erabakia aho batez hartuko dutela espero du Brissonek. «Urgentziaz eta alderdi politiko guzien adostasunarekin hartutako erabakiei lege esparru bat emanen zaie. Demokratikoa da».

Gaur-gaurkoz, bozak ekainera gibelatuko dituztela aipatzen da, data zehatzik gabe. Anartean, lehen itzulian hautatuak izan diren hautetsiek lekua hartuko dute, eta asteburu honetan auzapezak hautatu beharko dituzte. Gainerako herriko etxeetan orain arteko herriko kontseiluen agintearen luzapen bat gertatu beharko litzateke. Horien gain izanen da herriko etxeen aurrekontuak onartzea, apirilaren 30a aitzin erabaki behar dituztelako legez.

Behin-behinekotasun horrek egoera arraroak sortuko ditu, Euskal Hirigune elkargoan azken agintaldiko hautetsiak eta joan den igandean hautatutakoak elkarrekin izanen direlako, berez. Ikusteko dago behin-behineko lehendakari bat hautatzen duten ala orain artekoari agintaldia luzatzen dioten. Xehetasun horiek zehaztekoa da gaur bilduko den ministroen kontseilua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.