Jaurlaritzaren Kultura Planak bultzada eman nahi dio ikus-entzunezkoen sektoreari

Eusko Jaurlaritzak datozen hiru urteetarako helburuak jaso ditu 'Kultura Plana 19/22' txostenean. Filmen, telesailen eta sareko edukien ekoizpenean iragarri dute apustu handiena. Euskal Liburutegia sortuko dute, funtzio nazionalarekin

Memoriaren gordailuak. Industria ondaretzat dute Barakaldoko (Bizkaia) Orconera enpresako kargalekua. BARAKALDOKO UDALA.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak dokumentu estrategiko batean jaso ditu datozen hiru urteetarako konpromisoak: Kultura Plana 19/22 aurkeztu zuten atzo. Bingen Zupiria sailburuak azaldu zituen lan ildo nagusiak, eta lehentasunak nabarmendu: «kulturaren oinarrian» dauden sortzaileak babestea, nazioartekotzean laguntzea, eta euskal kulturaren liburutegi digitala sortzea. Azken finean, «kulturak presentzia gehiago» izan dezan nahi du Zupiriak, eta proiekzio hori zehazteko sortu dute plana. Sailburuak legealditik harago joan nahi izan du, eta horregatik aurkeztu du 2019-2022 aldirako plana, «kultura politiken jarraitutasuna eta koherentzia» bermatze aldera.

«Globalizazioaren eta uniformizazioaren garaian», kulturari garrantzia eman nahi izan zion Zupiriak atzoko prentsaurrekoan, horrek egiten duelako komunitate bat berezi, haren ustean. Sorkuntza eta sortzaileen lan baldintzak jarri nahi izan dituzte erdigunean, eta kultur ekoizpenari heldu nahi izan diote orokorrean: «Badira berez irauteko gaitasunik ez duten arlo batzuk; horiek erakundeen laguntza behar dute». Sailburuak adierazi zuen sektore publikoak «bideratu edo lagundu» behar dituela kultur proposamenak, «berritzaileak edo konplexuak» direlako, eta, hizkuntza gutxitu batek duen merkatuari begira, bestela ez luketelako existitzerik ere izango. Planak «arreta bereziz» sustatu nahi du euskaraz sortzen den kultura, «hori beste inork ez baitu egingo», Zupiriaren hitzetan. Gizonen eta emakumeen aukera berdintasuna da, hizkuntzarekin batera, Kultura Planaren zeharkako beste ardatz bat.

Planean adierazi dute kultura politikak oinarrizko hiru funtziotan azal daitezkeela: herrialdea «bere kulturaren sortzaile» izan dadin ahalbidetzea, euskal gizarteari «kultura bizitzeko» aukerak eskaintzea, eta euskaldunen memoria kolektiboa gizarteratzea. Ideia hori garatzeko, hiru azpisistematan antolatu dute plana: Sorkuntza eta ekoizpena, baldintzak hobetzeko; Kultura eskaintza, erreferentzialtasuna lortzeko; eta Memoria bizia, kultura gordetzeko, «sormen iturri» ere bilaka dadin.

Dokumentuak ez du koadro ekonomikorik; Jaurlaritzak ez ditu zenbakitara eraman zerrendatutako asmoak. Zupiriak argitu zuen hiru azpisistemen arteko oreka ezinbestekoa izango dela, baina horrek ez duela esan nahi aurrekontuak parekoak izango direnik: «Kultur eskaintza zein Memoria bizirik azpisistemek beti izango dute pisu handiagoa aurrekontu publikoetan», jasotzen du dokumentuak berak. Halere, sailburuak esan zuen plana garatzeko «harreman estua» izan dutela Ogasun eta Ekonomia Sailarekin.

1. SORKUNTZA ETA EKOIZPENA

Zupiriak sortzaileen «duintasun profesionala» izan zuen gogoan atzo; izan ere, sortzaileen lan baldintzak hobetzea da Kultura Planean jaso duten lehendabiziko helburua. Esparru publikoak «erabateko eragina» dauka kultur sisteman, dokumentuak adierazten duenez, eta, horregatik, «eredugarria» izan behar du sortzaileekiko harremanetan. Zehatzera jota, bi ekintza aipatzen ditu planak: sortzaileentzako PFEZ berezi baten aukerak «aztertzea eta lantzea», eta Espainiako Kongresuan lantzen ari diren Sortzailearen estatutuarekin «osagarri eta koherente» jokatzea hartzen dituzten neurriekin.

Kultura industrian, ikus-entzunezko alorrean antzeman dute «hazkunderako gaitasunik handiena», eta, beraz, hari lotuta egingo dute «apusturik nabarmenena». Egungo «loraldiak» bidea egin dezan, Jaurlaritzaren deialdietatik urtean film bat gehiago laguntzeko konpromisoa jaso dute planean, baita ETBk euskal film gehiagotan parte hartzekoa ere. Gainera, ikus-entzunezkoak zinemara mugatu gabe, EITBk telesailen ekoizpena sustatu beharko lukeela dio dokumentuak, eta sarerako sortutako produktuak ere «beharrezkotzat» jo ditu. Animazioaren sektorea suspertzeko asmoa ere badute.

Kultur sorkuntza nazioartera zabaltzeko, mundu osoko eragileekin harremana estutzeko helburua zehaztu du Kultura Planak: azoka gehiagotara zabaltzeko, eta munduko azoka garrantzitsuetako antolatzaileekin harremanean sakontzeko.

Kultur eta Sormen Industrietarako politiketan jauzi nabarmena eman nahi dute: Kultura Sailaren eta Garapen Ekonomikorako Sailaren arteko lankidetzan, Basque DC2 Basque District of Culture and Creativity sortuko dute, sareak sortu eta nazioarteratzeko.

2. KULTURA ESKAINTZA

Jaurlaritzak bitan banatu ditu kultura herritarrengana iritsarazteko asmoak: batetik, sare publikoak hobetu nahi ditu; bestetik, dagoeneko badauden eskaintza «erakargarriak» indartu edo eraberritu. eLiburutegia irakurketa publikorako euskal liburutegi digitala hedatu nahi dute, zinemagintzan, batez ere. Euskaraz sortutako zinemagintza osoa txertatu nahi dute, baita euskaraz bikoiztu edo azpidatzi diren filmak ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren zinemaldietako pelikulak jartzeko asmoa ere badute.

Gainontzean, nazioarteko proiekzioari begira, museoetako bildumak aberastu nahi ditu planak, «euskaldunon arteari lehentasuna emanez», eta arte museo nagusiak indartuz. Musikan ere izango da aldaketarik: Euskadiko Orkestra Sinfonikoari baliabideak eman nahi dizkiote nazioartera zabaltzeko, eta Euskal Herriko Gazte Orkestra eraberritu nahi dute, hogei urteko ibilbidearen ondoren.

3. MEMORIA BIZIA

Maiatzean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Euskal Kulturaren Ondarearen Lege berria, 1990eko araudia aldatuta, eta ondasun immaterialak besteen mailan jarri zituen horrela. Laster, Jaurlaritzak Euskadiko Dokumentu-Ondarearen eta Artxiboen Sistemaren Legea aurkeztuko du. Ondare immaterialaren babesa zabaltzen segitzeko asmoa ageri da dokumentuan: Kultura Ondarea Balioztatzeko deialdia zabaltzeko asmoa dute, baita ondare immaterialaren «mapa» marraztekoa ere. Industria ondarearen garrantzia nabarmentzen du planak.

Memoriarako erakundeen artean, Euskadiko Filmategian aurreikusi dituzte aldaketa handienak. Programazioa Bilbora eta Gasteiza zabaldu nahi dute, modu egonkorrean. Arte eszenikoen memoria jasotzeko erakunderik ez dago, ordea. Jaurlaritzak gordailu digitala sortu nahi du, orain arte hainbat elkartek eta eragilek jasotako dokumentazio guztia bateratzeko eta gordetzeko.

Dena den, Euskal Liburutegia sortzeak du anbizio handiena. «Liburutegi Nazionalaren funtzioak» beteko ditu: euskaraz sortutako, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan ekoitzitako eta euskal gaien inguruko sormen lanak jasoko ditu. Jaurlaritzak «euskal kultura osoaren bilgune» izan dadin nahi du. Horretarako, guztientzat eskuragarria izango den atari digital bat irudikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.