Irakurzaletasuna aldarri

Miren Billelabeitiak, Joseba Larratxek, Maialen Berasategik, Joxe Mari Berasategik, Patxi Zubizarretak eta Arantxa Urretabizkaiak aurtengo euskarazko Euskadi literatura sariak jaso dituzte Getxon

Joxe Mari Berasategi eta Maialen Berasategi, itzulpeneko Euskadi saria jaso zutenean, atzo, Getxon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Iban Urizar Amorante musikariak girotuta egin zuten atzo iluntzean aurtengo Euskadi literatura sariak banatzeko ekitaldia, Getxoko Muxikebarri zentroan (Bizkaia). Zortzi sarituek Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik jaso zituzten garaikurrak, eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere parte hartu zuen ekitaldian. Irabazleak banan-banan igo ziren oholtza gainera, eta esker oneko hitzak izan zituzten guztiek. Idazleen lanari balioa emateaz gain, irakurzaletasuna sustatzea da sari horien xedea.

Euskarazko saridunen artean, Miren Billelabeitia izan zen hitza hartzen lehena, Norberak maite duena (Pamiela) saiakeragatik. Irakurketak sortzen duen plazera nabarmentzea eta ariketa horrek duen garrantzia azpimarratzea da saiakeraren muina, eta, besteak beste, horixe izan zuen hizpide saria jasotzekoan ere: «Irakurketa bakardadean, barne giro epelean gozatzen dugun zaletasuna da, baina eguneroko kezka eta bizipenez hausnarketa egiteko gogoaren garra ere pizten du gugan: sugar hori kideekin solasaldian esateko nahia. Horregatik dira hain beharrezko liburutegiak, irakurketa saioak eta irakurketa planak».

Haren ondotik, Joseba Larratxe igo zen agertokira, ilustrazioko Euskadi saria jasotzera. Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) liburuagatik jaso du aitortza. Unai Iturriagarekin eta Harkaitz Canorekin elkarlanean ondu du lana Larratxek: Iturriaga eta Cano arduratu ziren gidoia idazteaz, eta Larratxek eraman zuen hitza irudietara. «Komiki ederra geratu zaigu, baina zuekin lan egitea are ederragoa, aberasgarriagoa eta dibertigarriagoa izan da», adierazi zuen.

BERRIAko Euskara Taldeko kide Maialen Berasategik eta Joxe Mari Berasategik jaso zuten itzulpengintzako saria. Abdulrazak Gurnah Tanzaniako idazlearen Paradisua eleberriaren nobela ekarri dute euskarara, lau eskutara. «Zer da, ba, itzulpengintza, mundua hobeto ulertzeko zubi ametsezko bat ez bada?», galdegin zuen Berasategik. Jokin Zaitegi sariketari esker itzuli zuten eleberria, eta Elkarrek argitaratu zuen iaz.

Patxi Zubizarretaren txanda etorri zen gero, haur eta gazte literatura saria jasotzeko. Idazleak iazko apirilean atera zuen Zerria, Erein argitaletxearekin. Gizatasunaren eta animaliatasunaren inguruko gogoeta egin zuen, eta, oholtzara igo bezain laster, Miguel Delibes kazetari eta idazlearen hitzak izan zituen hizpide. Kontakizun bat egiteko hiru p behar direla esaten zuen idazleak: pertsonaia, pasioa eta paisaia. Baina hau gaineratu zuen Zubizarretak: «Beharbada gutako bakoitzak izan behar du bere bizitzaren protagonista propioa; gure bizitza sortu eta idatzi behar dugu».

Garaikur hori aintzat hartuta, modalitate horretan lortu duen bosgarren Euskadi saria du Zubizarretak. Gizon izandako mutila (Pamiela, 1998); Pantaleon badoa (Pamiela, 2006); Xia Tenzinen bidaia miresgarria (Ibaizabal, 2010); eta Korri, Kuru, Korri! (Ibaizabal, 2019) lanengatik eskuratu zuen lehenago.

«Jardun eta jardun»

Halaber, Arantxa Urretabizkaia izan zen azkena saria jasotzen; Azken etxea nobelagatik (Pamiela) eman diote saria. Bigarrenez saritu dute Urretabizkaia Euskadi literatur sarietan, baina aurtengoa du lehenbizikoa narratiban. Umoretik jo zuen idazleak: «Berrogeita koska urte joan dira lehen eleberria argitaratu nuenetik. Geroztik, bospasei argitaratu ditut, baina hau da Euskadi saria irabazi duen lehena. Honek esan nahi du berrogei urtez lanean jarraitzen baduzu, etsi gabe, jardun eta jardun, lan eta lan, zertxobait ikasten duzula. Ikasten jarraitzeko asmoa daukat oraindik ere. Hori bai, beste berrogei urtez... ez dakit ba, askotxo iruditzen zaizkit». Barre artean agurtu zuen publikoa.

Gaztelerazko literaturako kategorietan, Alejandro Morellonek eta Ander Izagirrek jaso zituzten aitortzak atzoko ekitaldian, El peor escenario posible (Fulgencio Pimentel) eta Vuelta al pais de Elkano (Libros de K.O.) lanengatik.

Ekitaldia amaitzeko, literaturaren beharra nabarmendu zuen lehendakariak: «Hitzaren ordez buila, liskarra, garrasia, biolentzia neurriz kanpo nagusitzen ari zaizkigun garaiotan, bereziki garrantzitsua da hitzaren balioa aldarrikatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.