ATZEKOZ AURRERA

Sutondoa nola kozinatzen den

Basque Culinary Centerrek, Caritasekin batera, mila menu banatuko ditu Gabonetan, baztertze arriskuan dauden Gipuzkoako familien artean. Unibertsitate osoa inplikatu da proiektuan.

Basque Culinary Centerreko ikasleak, menuekin. MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Supazter bat bazterrekoari, epela ospelari, beroa hotzari, eta gozoa garratzari. Nola eman erantzun bat gastronomiatik pandemiak areagotutako egoera larrienei. Hori da Basque Culinary Centerren euren buruari egindako galdera, eta topatu dute erantzuna: kozinatuz. Eta kozinatu dituzte jakiak, baina kozinatu dituzte taldeko lana, konpromisoa, ekintzailetza, pasioa eta ilusioa. Eta sutondo bat bera, irits dadin bazter(reko) guztietara.

Itsaski krema, txahal erregosia eta txokolatezko browniea. Mila menu, eta ehunka usain eder Basque Culinary Centerreko sukaldeetan. Ikasleak lanean. Kozinatzen batzuk, eta kozinatutakoa paketatzen besteak. Irakaslearen aginduetara denak, boluntario. Ikastorduez kanpoko jarduna da. Pablo Elizetxea irakasleak azaldudu: «Harrera bikaina izan du egitasmoak ikasleen artean. Gelditu behar izan ditugu, esanez ez dugula boluntario gehiago behar».

Ez da ausaz ezer egiten Basque Culinary Centerren. Menua ez da ausazkoa izan, eta helburuak ere ez. «Haien ikasketa prozesuaren parte ere izan da. Aukeratutako menuari esker, hainbat gauzalandu dituzte: haragia zatitzea, garbitzea, kozinatzea, pasteurizatzea, ontziratzea eta etiketatzea», azaldu du Elizetxeak. Menua irakasleek eurek aukeratu dute, eta denak du arrazoi bat: «Bilatu duguna izan da menua tradizionala izatea, eta maila honetako ikasleek egiteko modukoa. Gauden garaian gaude, eta bilatu dugu haragiak mozketa garbi bat izatea, eta ahalik eta gutxien manipulatzea. Itsaskia ere karramarroa aukeratu dugu, alergia gutxien eragiten duena delako. Ardorik ez dugu erabili, eragile kultural eta erlijiosoak ere zaintzeko».

Begi batekin kazetariari, eta bestearekin sukaldeari begiratzen dio Elizetxeak. Badoa abailan: «Kontuz esne horrekin! Txo! Ez erregosi horrenbeste haragia! Gutxiago egin! Gehiegi egingo zaizu!». Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Graduko ikasleak dira. Pozarren daude. «Aktibitate berri bat zen denontzat. Gure lanbidearen beste alde hori ezagutzea izan da: jendea zoriontsu egitea, eta horretan laguntzea. Oso polita izan da», azaldu du Joan Campillo ikasleak.

Elkarri txaloka gelditu dira denak kamerak sukaldetik irtendakoan. Okintza eta gozogintza tailerra da hurrengo helmuga. Pantxineta usainari segika irits daiteke bertara. Eduardo Jimenez eta Ana Gonzalez irakasleena da harrera. Egindako brownie guztiak jarri dituzte ikusgai. Eguneko menurako opilak dituzte labearen epelean. Ez da erraza kontzentratzea.«Browniea aukeratu genuen ia jende guztiari gustatzen zaion zerbait delako», nabarmendu du Jimenezek. «Frutatxo batzuekin apaindu dugu, Gabon itxura emateko. Ikasleei proposatu genienean, berehala erantzun zuten, eta izena eman. Bete-betean aritu dira», goratu ditu Gonzalezek. «Polita izateaz gain, beharrezkoa iruditu zait ideia», berretsi du Aiora Andueza ikasleak.

Lehen aldia du proiektuak, eta harrera ikusita, ez da agian azkena izango. Jimenenezek dioenez, unibertsitate «guztiak» hartu du parte: «Logistikakoak, ikasleak, irakasleak, beharginak... denak. Etiketaren diseinua, kaxena... dena egin da hemen. Proiektu galanta izan da».

Herenegun hasi ziren menuak banatzen. Kaxetan sartuta, eta delivery formatuan, Caritas Gipuzkoaren hainbat ordezkaritzatan. Sutondo zatiak balira bezala, hainbat sutondotara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.