Luis Baraiazarra. Itzultzailea eta ohorezko euskaltzaina

«Idazleen giroan sartu beharra dago; bestela, itzulpenak hotz geratzen dira»

Hasierako urteetan apenas zekien gaztelania, eta obra mordoa euskaratu ditu dagoeneko hizkuntza horretatik: besteak beste, Santa Teresa Jesusenaren eta, berriki, San Joan Gurutzekoaren hitzak. Haurtzaroko oroitzapenak poesiara doitzen dabil egun.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Markina-Xemein
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Teresa Lisieuxkoa, Santa Teresa Jesusena edo San Joan Gurutzekoa. Orobat, Vatikanoko kontzilioen testuak, baita lagunenak ere. Hainbat eta hainbaten hitzak euskaratu ditu Luis Baraiazarrak (Meñaka, Bizkaia, 1940), hezkuntzan ibili da, baita Euskaltzaindian ere —euskaltzain urgazle izendatu zuten 1996an eta ohorezko 2010ean—, eta olerki, bertso eta oroitzapen propioak ondu eta argitaratu ditu. Hainbat eginkizun, Baraiazarrak berak aise sinplifikatu dituenak: «Zerbait banaiz, bertso eta olerki idazlea naiz». Meñakartzat zein markinartzat du bere burua, eta liburu bana egin ditu bi herrietan bildutako oroitzapenekin.

Zure haurtzaroko oroitzapenak jaso zenituen Nire umetako Meñaka liburuan (Meñakako Udala, 2005).

Haurtzaroa oso kuriosoa izan zen. Erdi Aroko ume bat biziko litzatekeen moduan bizi nintzen. Meñaka Sollube mendiaren magalean dago, eta geratzen zen zoko batean. Errepide nagusirik ez zen pasatzen handik.

Garai hartako zer oroitzapen dituzu?

Batez ere neure etxekoak ditut gogoan, familia, etxeko sutondoa... Nik, zorionez, nahiko oroimen ona daukat, eta txikitako gauzak ondo gogoratzen ditut: jolasak, lanak, nola bizi ginen... Esate baterako, gerratean borroka latza egon zen Sollube mendian, eta gogoan daukat nola joan ginen eskolatik mendira, erre egin zelako. Beltz-beltz ikusten zen mendia, eta hura ikustera joateko aholkatu zigun maisuak, esperientzia bat izango zelako. Gerrako aztarnak agertzen ziren pausoan-pausoan: metraila, obus zatiak...

Jolasak ere gogoan dituzu, esan duzunez.

Batzuk garaian garaikoak izaten ziren: esaterako, udazkenean intxaurrekin jolasten genuen. Nesken jolasak izaten ziren pixka bat irudimentsuagoak; mutilenak, biziagoak eta zakarragoak, eta ez zuten originaltasun handirik, nagusiek egiten zituzten kirolak egiten genituelako: pilota, futbola... Neskek sokasaltoa egiten zuten, formulatxoak... Baina batez ere basoan ibiltzen ginen ondo. Txorien adiskide ginen.

Lanak ere aipatu dituzu.

Etxean egiten genituenak. Familian asko ginen, eta anai-arrebon artean banatzen genituen lanak; gehienetan, nire lana izaten zen behiak zaintzea. Gure etxetik gertu landa zabat bat zegoen, altuera samarrean, eta Mungialde guztia ikusten zen handik. Urduliz aldeko harkaitz batzuk ere ikusten ziren. Ni oso pozik egoten nintzen, behiak zaintzeko ez zegoelako lan asko egin beharrik, eta iluntzen hasten zenean kortara joaten ziren mantso-mantso.

Eta euskarari dagokionez, nolakoak izan ziren garai haiek?

Guk ez genekien gaztelaniarik, eta eskolako maisua Leongoa zen [Espainia], eta ez zekien euskararik. Baina, alde horretatik, zortea eduki genuen, egoera onartzen zuelako: eskolan ere euskaraz egiten genuen berba gure artean, eta gaztelaniaz, berak ematen zituen ikasgaietan. Behin, inspektorea zetorrenez, esan zigun gehiago prestatu behar genuela gaztelania. Orduan agindu zorrotzak egoten ziren, Falangeko jendea-eta, bueno! Maistra oso gogorra zen, ordea, zigortu egiten zigun, eraztuna eta klasikoak diren zigorrak. Neskek debeku zorrotzagoak zituzten.

Karmeldarren seminariora joan zinen ondoren.

11-13 urtekoak ginen, batzuk 10 urtekoak; gaur egunean, halako adinean ez dira etxetik joaten. Jakina, garai horretan ez zegoen ikasteko eta kulturaz janzteko biderik, eta jendea seminarioetara eta erlijiosoen kolegioetara joaten zen. Gurasoek ere bultzatu egiten zituzten: erlijio giroa zegoen familietan, ez beharbada sakon-sakona, baina bazegoen.

Eta han zelan euskararekin?

Ez nekien gaztelaniarik. Gure irakasle gehienak euskaldunak ziren, bi taldeetako bat euskaldunena zen, eta astean behin euskarazko eskolak edukitzen genituen. Irakurtzen genituen aita Hipolito Larrakoetxea arratiarrak [Bizkaia] itzulitako Grimm anaien ipuinak, eta gero irakasleak azaldu egiten zizkigun guretzat arraro samarrak izan zitezkeen hitzak. Kristau ikasbidea ere astean behin izaten genuen, hori ere euskaraz.

Hortik, Alesbesera (Nafarroa).

Han hiru urte egin genituen. Azkoitiar [Gipuzkoa] mordo bat zegoen, eta euren artean euskaraz hitz egiten zuten; Mungialdekoak ere baginen taldetxo bat, eta guk ere euskaraz egiten genuen geure artean. Gertatu zen gutariko batzuk ez genekiela ondo gaztelaniaz, eta, ondorioz, debekatu egin ziguten euskaraz egitea. Nobizio etxera pasatu ginenean, Zornotzako Larreara [Bizkaia], euskara oso torpetuta eta zabartuta geneukan; herrialdeko euskara banuen, baina landu gabe zegoen. Handik, Markina-Xemeinera[Bizkaia] joan ginen.

Eta han landu zenuen euskara?

Kirikiñoren Abarrak eta Agirreren Kresala eskura aurkitzen nituen, eta nik gazte-gaztetatik irakurri ditut liburu horiek. Bazegoen, eta oraindik ere bibliotekan gordetzen da, Zornotzan ateratzen zen Ekin astekaria; herrietako albisteak ekartzen zituen, eta ni Meñakakoen bila ibiltzen nintzen, neure euskara berriztatzeko eta txikitatik nekiena indartzeko asmoarekin. Juan Ormaetxe izeneko bertsolari batek idazten zituen. Ni beti ibili izan naiz euskararen bidetik; Alesbesen egon eta gero, ahal nuen guztian euskara indartzera jo nuen, kolegio nagusietan, teologian, Karmel aldizkarian idazten...

Hezkuntzan ere, beste horrenbeste.

Irakaskuntzan ibili izan naiz hainbat urtetan Berakruz ikastolan. Garai batean, ikastoletan ez zegoen materialik euskaraz, irakasleak ahal genuen moduan ibiltzen ginen gaztelaniazko liburuetatik zatiak aukeratu eta euskaratzen. Euskal Herriaren historia txiki bat idatzi nuen, Gero argitaletxeak publikatutakoa, ikastoletarako egina.

Noiz hasi zinen itzulpengintzarekin?

Itzulpen sistematikoak nahiko oraintsuko lanak dira, baina betidanik egin ditut itzulpenak. Eduki ditut lagun batzuk gaztelaniaz idazten zutenak, euskaldunak izan arren euskaraz alfabetatu gabekoak zirelako, eta haien lanak itzuli izan ditut. Adibidez, Julen Urkizaren Elizaren historia Euskal Herrian [Karmel, 1995]: gaztelaniaz idatzi zuen, zatika bidali zidan, eta nik euskaratu nuen.

Autore jakin batzuk landu izan dituzu.

Efemeride batzuen harira itzuli ditut batez ere karmeldarrei dagozkienak. Adibidez, Teresa Liseuxkoaren idazlanak. Klausuran bizi zen, eta komunitateko jaietarako antzerkiak eta olerkiak idazten zituen. Ni izan nintzen itzultzaile nagusia, baina beste batzuek ere parte hartu zuten. Nik itzuli nituen Arima baten historia eskuizkribu autobiografikoak eta poesia. Lan arinagoak iparraldekoek itzuli zituzten: sartu zen Mixel Itzaina, Marijane Minaberrik itzuli zituen antzerki lanak... Xarriton izan zen koordinatzailea.

Nola joan zen lana?

Hegoaldeko itzulpenak koordinatzeko ardura niri eman zidaten eta iparraldekoak, Xabier Kaltzakortari. Euskara polit-polita zuten. Pentsatu genuen euskara batuan egitea, baina zer da euskara batua? Hegoaldeko eta iparraldeko euskara batua daude. Orduan, hemengo erara koordinatzeko proposatu ziguten, eta iparraldekoen lanak pixka bat moldatzeko, baina nik ez nuen nahi hori egiterik.

Nola itzuli halako egileak?

Beren idazketa giroan sartu behar duzu, beren pentsamenduetan. Bestela, itzulpenak oso hotzak geratzen dira, ez dute ezer esaten. Zaila izaten da, baina zeu konturatu barik pertsonaiak bere baitan hartzen zaitu eta gero dena izaten da errazagoa. Lisieuxekoaren kasuan, poesiekin hasi nintzen, eta eskuizkribu autobiografikoak azkenerantz egin nituen.

Azken itzulpenarekin ere berdin, San Joan Gurutzekoaren idazlanekin?

San Joan Gurutzekoaren idazlanekin zama astunegia hartu nuen beharbada, liluratuta geratu nintzen olerkiekin, batez ere Kantu espirituala-rekin. Zama esan dut, lira deritzon metrikan daudelako olerki batzuk, eta nik ere liran itzuli ditut. Gaztelaniaz errimatzen duten bertso lerroetan egiten ditut errimak euskaraz ere. Hasieran, pozik geratu nintzen.

Zer gertatu zen?

Bere bertsoez iruzkinak egiten ditu prosaz, eduki sakona eta doktrina handia dutelako, eta hori doa azaltzen bertso lerroz lerro. Hainbat olerkitan konturatu nintzen itzultzerakoan ez nuela mamia ondo ulertu. Beti gogoratzen naiz xehetasun batekin: recordar erabiltzen duenean, oroitu itzuli nuen; baina, iruzkinak irakurri eta gero, ikusi nuen ia beti adierazi nahi duela despertar, esnatu. Bertsoak eta errimak originalaren parean itzuli nituenez, birmoldatu beharrean egon nintzen.

Santa Teresa Jesusenaren itzulpena nolakoa izan zen?

Horiek barruko bizitza kontatzen dute. Santa Teresari fenomeno mistikoak gertatzen zitzaizkion, eta bere konfesoreekin kontsultatzen zituen ea Jainkoarengandikoak ziren edo parte txarrekoak. Konfesoreek agindu zioten bere barruko gauza horiek idatziz ipintzeko. Barruko ispilura begira idazten zuen. Berak esaten du momentu batzuetan ezin izan zuela hori idatzi, hitzekin adierazi ezinak iruditzen zitzaizkiolako hain gauza espiritualak. Esaten du goiko argitasunak lagundu ziola ulertzen.

Eta formari dagokionez?

Azkar idazten zuen, eta ahozko gaztelerazko esapide asko botatzen ditu. Esamolde horiek euskarara hitzez hitz itzultzen baditut, kalkoak egiten ditut, eta hori ez da egin behar inondik inora ere. Hori izan zen zailtasun handienetariko bat, esamolde horientzako euskarazko baliokideak topatzea. Gero, barruko gauzak adieraztea zaila bazen berarentzat, niretzat ere bai euskaratzea.

San Joan Gurutzekoarekin ere antzeko zailtasunak izan zenituen?

Logikoagoa da, filosofia zekien. Ez du erabiltzen, Santa Teresak bezala, ahozko gaztelaniaren hainbeste molderik, baina barruko bizitza kontatzen du horrek ere, psikologian eta ariman zer dabilen. Hori izan da pixka bat zaila.

Hori izan duzu azken itzulpen argitaratua. Zerekin zabiltza orain?

San Joan Gurutzekoaren obrak fotokonposizioan zeudela, pixka bat inspiratuta nengoen, haren poesietan sartuta, eta hasi nintzen egiten Nire umetako Meñaka-ren moldaketa olerkiz eta bertsoz. Gehienak kantatu daitezke, doinua aipatzen dut hasieran; gure kantutegitik hartutakoak dira, batzuk zaharrak, beste batzuk, ez hainbeste. Errezitatzekoak ere badaude. Batzuk bertsoak dira, beste batzuk, poesia —gorago dabiltzanak, metaforak eta abar dituzte— eta beste batzuk narratiboak dira. Ez dakit noiz agertuko den, baina aurreratuta dago.

Bertsoa ere jorratu duzu, hortaz.

Bertsolariekin ibili izan nintzen, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen idazkari izan nintzen hainbat urtean, eta gero epaile moduan ibili izan naiz txapelketetan, bai eskualdekoetan, baita Euskal Herriko nagusian ere. Bertsoak idazteko nahiko erraztasun daukat, baina neure buruarekin oso zorrotza naiz, asko eskatzen diot.

Zure olerkiei dagokienez, gai espiritualetara jotzen duzu?

Gai lokalak dira. Nik bi herri ditut bihotzean: neu jaio nintzena eta Markina-Xemein. Hemen bizi naiz 53 urte inguruan, eta bertoko moduan hartzen dut neure burua. Esker oneko agertu nahi dut, bi herri horiei olerkiak eta bertsoak idazteko inspirazio pixka bat daukadanean; biei oparitxo bat egin nahirik nabil oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.