Medikuak zergatik falta diren

Lehen mailako arreta hizpide, usu adierazten da medikuak falta direla; baina auzia «zailagoa» da. Osasun artari bere osoan begiratu behar zaio

Donostiako osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hilaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak eta Galiziako Xuntak, lehen mailako osasun artako medikuen eskasiarekin arduratuta, «larrialdi plan bat» eskatu zioten Espainiako Gobernuari. Gaur egun osasun sistemek duten arazo «larriena» mediku falta dela argudiatu zuten. Iragan astean, berritu egin dute eskea. Lehen mailako osasun arretan dauden arazoez jarduteko orduan, lehendik ere, osasun agintariek sarri aipatu izan dute argudio hori: medikuak falta dira, eta horrek zailtzen du arta ona ematea. Arloko zailtasunei, ordea, aldagai horri begira bakarrik ezin zaiela erantzun adierazi du Osatzen elkarteko lehendakari Gorka Maizek; arazo «zaila» da, ertz askokoa. Horregatik, ezin ditu ontzat jo agintariek sendagile faltaz eta horren ondorioez hauspotzen dituzten mezuak. «Medikuen inguruan guztiz ardaztutako ikuskera bat dago horren atzean», esan du, eta ikuspegi horri meharregi deritzo: «Osasun arta zerbait zabalagoa da».

Horregatik, arazoa ikuskera zabalago horrekin aztertu behar dela uste du Maizek. «Medikuak falta dira lehen arretan? Bestelako profesionalak ere badaude. Rolak berrantolatu behar dira. Beste era batean lan egitea: hori litzateke helburua».

Amets bat du: jendeak «medikuarengana» joan behar duela esan beharrean «osasun zentrora» joan behar duela esatea. Erizain, administrazioko langile, mediku: han ebatziko da zeinek eman behar dion arta. Horiek horrela, mediku gehiago «trebatzeko» eskeaz harago, familia medikuntzaren aldeko hautua egiten duten mediku gazteak zaintzera egin behar dela uste du. «Gaur egun, sarri trebatzen ditugu, eta gero ez dira geratzen trebatu ditugun toki horietan».

Hobetu beharrekoak

Hori ez gertatzeko neurriak hartzea oso garrantzitsua dela uste du Osatzen-ekoak; lehen mailako arta gazteentzat «erakargarria» izateko bideak ireki behar dira, eta «lan baldintza onak» bermatu behar zaizkie horretarako. Lansariez haragoko kontuak hartu behar dira hor aintzakotzat. «Lan gainkarga arintzea garrantzitsua da, eta lantalde batean era jarraituan jarduteko modua izatea ere bai: hori erakargarria da». Sarri, ordea, malkarra izaten da egonkortasunerako bidea.

Era berean, gazteei trebakuntza emateko prozesua ere hobetu egin behar dela pentsatzen du Maizek, askotan tutore ari diren medikuek tutoretza lan horiek nahi eta ezinean egiten dituztela adierazi baitu: «Komunera ere joateko astirik gabe ari bazara lanean, nola trebatuko duzu mediku bat? Jarduera hori ondo egitea ere sustatu beharko litzateke».

Espainiako Gobernuak egiten du mediku espezialitateen banaketa, eta hori egiteko modua «kolokan jartzeko erakoa» izan daitekeela onartu du Maizek, baina uste du autonomia erkidegoek «kanpora erantzun bila» joan gabe ere bila ditzaketela irtenbideak. Eta kasu honetan, batez ere, «aurreikuspen falta» izan dutela adierazi du, aurrez jakina baitzen noiz helduko zen profesional askok erretiroa hartzeko garaia.

Carmen Solorzano Gipuzkoako Medikuen Elkargoko presidentea da. Datu bat du esku artean: aurten estatuan barruko mediku egoiliar izateko bidea bukatu eta espezialitatea aldatzeko bidea ireki duten mediku gazteen %44k prozesua egin dute familia medikuntzako espezialitatea utzi eta beste baterako atea irekitzeko. Iaz %37 izan ziren. Espezialitate horretan mediku egoiliar izateko prozesuari uko egiten dioten medikuak ere gainerako espezialitateetan baino ugariagoak dira. Horiek horrela, argi du arloa gazteentzat «erakargarri» izateko bideak ireki behar direla, eta«prestigioa» eman behar zaiola. «Izan ere, askorentzat erakargarriagoa da erietxetako jarduna». Ordutegiak, oro har, hobeak dira, eta egonkortasuna lortzea ere errazagoa. Halaber, lehen arretara osagile gazteak erakartze aldera «denbora» gako garrantzitsua dela argi du: «Lehen mailako arretako arazorik handienetakoa da asti falta: astia behar du».

Solorzano ere kritikoa da administrazioek izan duten «aurreikuspen faltarekin»: «Badira 25 urte esaten ari ginela arazo hau bazetorrela... Bazekiten jendea erretiroa noiz hartzen hasiko zen, eta jakina da profesional gazte batek hamar urteko trebakuntza prozesua behar duela medikuntza ikasketak hasi eta lanean hasteko». Orain ikasle kopurua handituta ez dela deus konponduko uste du, gero horiek trebatzea ere ez delako lan samurra. «Ez da behar fakultate eta medikuntza ikasle gehiago. Gero nola trebatuko ditugu espezializaziorako? Hor dago auzia. Tutoreak behar dira horretarako, baina oso zaila da lortzea, lan horri dagokion aitortzarik ez dutelako jasotzen».

Neurriak mahai gainean

EAEko Medikuen Elkargoak ohar bat atera zuen ekainean mediku faltaren inguruan; han esandakoak guztiz berresten dituela esan du Solorzanok. Hainbat gako eman zituzten. Baga: medikuntza ikasleen kopurua handitzea ez da beharrezkoa. Biga: mediku gazteak trebatzeko bideak findu egin behar dira. Higa: mediku egoiliar izateko nota apaltzeak lagun dezake profesional gehiago erakartzen alorrera. Lauga: «prekaritatea» baztertu behar da. Osatzen-ekoak ez bezala, elkargoetako ordezkariak uzkurrago mintzo dira funtzio banaketez: «Baztertu egiten dugu erizainek medikuak ordezka ditzaketen ideia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.