Euskara Ipar Euskal Herrian. Datu soziolinguistikoak

Aldaketa, baina ez aski

Euskararen ezagutza eta erabilera hazten ari dira belaunaldi gazteetan, hezkuntzak eta transmisioak eraginda. Hala ere, ez da aldaketa orokorrak sor ditzakeen igoera bat: euskara lekua galtzen ari da oraindik.

Aldaketa, baina ez aski.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Isuria etengabea izan da hamarkada luzez: euskaldun gero eta gutxiago Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Azken ikerketek, ordea, galera eten dela erakutsi dute. Eta horretan zuzeneko zerikusia izan dute hezkuntzak eta familiako transmisioan egindako aurrerabideak: belaunaldi berrien ekarpenagatik eten da euskaldunen galera. Hala ere, aldaketa oso mugatua da. Batetik, belaunaldi gazteen euskalduntzea ez dagoelako inondik ere orokortzear: 16-24 urterekin, bostetik batek daki euskaraz, eta hirutik bik ez dute ulertu ere egiten. Bestetik, gero eta herritar erdaldun gehiago daudelako, biztanleria haztearekin eta migrazioekin lotuta. Egoera horrek erabat mugatzen du hezkuntzako aldaketa.

Ipar Euskal Herriko belaunaldi gazteetan aldaketak gertatzen ari direla diote euskarari buruzko bi ikerketa nagusiek: inkesta soziolinguistikoak eta kaleko erabileraren neurketak. 2016koak dira bien azken datuak, eta bilakaera aztertu du BERRIAk, hezkuntzan urteotan emandako pausoek zer eragin izan duten neurtze aldera.

EZAGUTZA ETA GAITASUNA
Gazteek, igo; oro har, jaitsi

Euskara Ipar Euskal Herrian jasaten ari den atzerakadaren ikurretako bat dira ezagutzari buruzko datuak: euskaraz hitz egiteko gai diren herritarren ehunekoa gero eta txikiagoa da; 1996tik 2016ra, sei puntu jaitsi da: %20 dira gaur egun. Areago, kontuan izatekoa da euskararen galera prozesua dezente lehenagotik datorrela, eta, beraz, euskararen atzerakada askoz handiagoa dela. Jaitsierarik handiena Nafarroa Beherean eta Zuberoan izan da urteotan: 1996an, hiru herritarretik bi ziren euskaldunak; orain, erdiak eskas.

Egoera hori iraultzeko ahaleginik handiena belaunaldi berrietan egin dute hamarkada hauetan, eskolan, eta fruitu batzuk badatoz. Beherakada orokorraren aldean, euskaldunen portzentajea gero eta handiagoa da adin talde gazteetan. Hogei urtean, euskaldunen portzentajea ia bikoiztu egin da 16-24 urtekoen artean: %11 ziren 1996an, eta %19 2016an. Areago, 25-34 urteko adin taldean ere hasi da goraldi bat, txikiagoa, euskaraz eskolatutako belaunaldiak multzo horretan sartu ahala. Hortik gora, orokorra da euskararen galera. Ez da amaitu. Bada beste isuri bat ere: gaitasun erlatiboa. Euskaldunen artean gutxiengoa mintzatzen da euskaraz frantsesez baino aiseago (%21), eta are gutxiago gazteen artean (%9).

Inkesta soziolinguistikoaren datuek erakusten dute, hala ere, eskolak zer muga dituen eta galera prozesuak zer ondorio dituen. Batetik, belaunaldi arteko jaitsiera: adin talde gazteek aurrera egin arren, oraindik adinekoen belaunaldian dago euskaldunik gehien. Bestetik, euskaldun berrien ehunekoa: gainerako herrialdeetan baino txikiagoa da, eskolak izan duen pisu eskasagoaren erakusle.

TRANSMISIOA
Euskaldun berri gutxiago

Inkesta soziolinguistikoan bada, ezagutzarekin eta erabilerarekin batera, funtsezko beste aldagai bat: lehen hizkuntza. Alegia, zein den umetan etxean eskuratutako hizkuntza. Hara: Euskal Herrian, oro har, hiru euskaldunetik bat da hiztun berria (%36), euskara ikastetxean ikasi duena, eta datozen urteetan areagotu egingo da portzentajea, belaunaldi gazteen eskutik; Ipar Euskal Herrian, berriz, seitik bat eskas (%16). Portzentaje hori handitu egingo da datozen urteetan Ipar Euskal Herrian ere, eskolaren bidez, baina Euskal Herriko datu orokorretatik urrun.

Euskararen familia transmisioa da tentuz aztertzeko beste aldagai bat: seme-alabek zer hizkuntza jaso duten etxean. Datuek diotenez, Ipar Euskal Herrian oraintsu arte izan dira hutsuneak. Hara: 16-24 urteko gazteak hartuta, guraso biak euskaldunak dituztenen herenek ez dute euskara jaso etxean (%36), eta euskalduna guraso bakarra denean, lautik hirutan eten da transmisio hori (%74). Azken urteetan zuzendu da isuri hori, inkestako datuen arabera: 3-15 urteko herritarrei begiratuta, bi gurasoak euskaldunak direnean zazpitik batek ez du euskara jaso (%14), eta euskalduna guraso bakarra denean, ia erdiek (%46).

ERABILERA
Umen artean gora

Testuinguru horretan, euskaldunen portzentajea gero eta txikiagoa izanik, euskararen erabilerak ere norabide berbera darama Ipar Euskal Herrian: gero eta gutxiago egiten da euskaraz. Herritarren %8k egin ohi dute euskaraz, frantsesez adina edo gehiago, inkesta soziolinguistikoaren arabera; hogei urtean bost puntu jaitsi da erabilera. Aldaketa gazteen artean ageri da berriro ere: gutxitzen ez, areagotzen ari da haien erabilera, ezagutza ere gorantz doan gisan.

Mugatua da aldaketa, hala ere: 16-24 urterekin, herritarren %4k egin ohi dute euskaraz. Erabilera orokorra baino nabarmen txikiagoa da gazteena: erdia. Are, haien artean dago salto handiena euskara jakitetik erabiltzera: dakitenen laurdenek ere ez dute erabiltzeko ohiturarik. Ez da harritzekoa, egoera ikusita: eskolan ikasi dute gehienek, etxean ez dute egiten, erraztasun mugatua dute, eta testuinguru orokorrean leku oso mugatua du euskarak. Datua: herritar gehien bizi den eremuan, Baiona-Angelu-Miarritzen, %8k dakite euskaraz, eta %1ek ere ez dute euskaraz egiteko ohiturarik.

Kaleko erabileraren neurketak ere erakusten du zein den egoera. Ipar Euskal Herrian egindako azken neurketan, solasaldien %5 entzun zituzten euskaraz, inoiz baino gutxiago. Datuak adinaren arabera begiratzeak erakusten du bidea egiten ari dela hezkuntza: umeak mintzatzen dira euskaraz gehien, 2-14 urtekoak, baina nabarmen mugatuta haiek ere: %10. Erabilera igo egin da urteotan. Gazteen erabilera, berriz, jaitsi egin da, nahiz eta ezagutza handitu, eta helduena baino apalagoa da.

JARRERA
Gazteetan apalago

Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den aldaketa soziodemografiko eta soziolinguistiko hori ikusita, aintzat hartzekoa da zein den herritarrek euskarari buruz daukaten iritzia. Aldekotasuna jaisten ari da urterik urte: azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, herritarren %35 daude euskara sustatzearen alde —1996an, %42—. Aurkako iritzia mugatuagoa da, nahiz eta handitu egin den: %17. Erdiko jarrera ari da zabaltzen: ez alde, ez aurka. Ia herritarren erdiek daukate jokabide hori (%48).

Jarrerari buruzko datuak adinaren arabera aztertzeak zantzu batzuk ematen ditu, nahiz eta ez dagoen diferentzia oso handirik talde batetik bestera. Hara: 16-24 urterekin da aldekotasuna txikiena (%31) eta aurkakotasuna handiena (%21). Gazteen artean ere indiferentziazko jarrera da nagusi: %48 ez daude ez alde, ez aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.