Jokin Bildarratz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

«Gu beti egongo gara itunpekoen alde, nahiz eta gure ardatza, noski, eskola publikoa izan»

Sailburuak uste du irakasgai batzuk ingelesez emateak ez diola «kentzen» euskarari. Haren esanetan, pausoak eman dituzte segregazioa murrizteko, eta asmoa dute bidea urratzen segitzeko.

JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Etxerako lanak eginak ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak: Hezkuntza Lege proiektua duela hilabete pasatxo bidali zuen Eusko Legebiltzarrera, iazko hezkuntza akordioan oinarrituta. Jokin Bildarratz (Tolosa, Gipuzkoa, 1963) sailburuak ez du zalantzarik: legealdia amaitzerako onartuko dute legea.

Ondu duzue Hezkuntza Lege proiektua. Zure esku soilik balego, sinatuko zenuke Hezkuntza Legea testu hau izatea?

Urte osoa daukagu ekarpenak jasotzeko. Legebiltzarkideei utzi behar zaie, ahalik eta eskuzabaltasun eta laguntza handiena eskainiz. Testua sartu baino hobeto aterako da.

PSE-EEk esan zuen zuzentzekoak zituela. Zer eskatu du?

Batik bat ereduen kezka du, eta beste kezka batzuk guztiz teknikoak dira. Oso testu zabala eta sakona da; ez dugu uste inongo arazorik egongo denik legea onartzeko.

Zer eskatu dizue Elkarrekin Podemos-IUk?

Gure konpromisoa izan da iazko apirilaren 7an adostutako testua testu artikulatura ekartzea. Jakin nahi nuke zein den haien iritzia, zer den testu hartan zegoena eta momentu honetan ez dagoena.

Ba al du babes sozial nahikorik?

Legebiltzarkideen %90ek baino gehiagok babestea lortu zen. Orain, %82rena izango luke. Alderdiek entzungo dute eragile sozialek esateko dutena, emango dute iritzia.

LABek argitara atera du zuekin eginiko ituna. Zer irizten zaizu?

Pozgarria da. Gobernu honen ezaugarri nagusietako bat da elkarrizketa. Akordio bat sinatu da LAB eta Interinok sindikatuekin; lortu dugu etorkizuneko Hezkuntza Legearekiko babes bat eta lege hau garatu ahal izateko lan baldintzak jartzea, arlo publikoan zein itunpekoan.

Zertarako balioko du?

Adostutakoa mahai sektorialetara eramango da negoziatzeko. Beste sindikatuak ere animatuko ditugu parte hartzera.

Lege proiektuarekin, hizkuntza ereduek hor jarraituko dute?

Bat: gurasoek eskubidea izan dute, dute eta izango dute seme-alabak hezteko eta hazteko eredua aukeratzeko. Beraz, garbi geratzen da. Bi: eskola bakoitzak aukeratu eta garatu behar du hizkuntza proiektua. Hiru: markatzen du euskaraz, gazteleraz eta gutxienez hirugarren hizkuntzan eduki beharreko irteera profila.

Legebiltzarrean esan zenuen espero duzula gero eta zentro gehiagok irakasgai batzuk ingelesez ematea. Nola?

Sistema eleaniztuna izango da, euskara ardatz hartuta. Hizkuntza proiektuaren barruan, eskola bakoitzak erabaki dezake nola erantzun hizkuntza betebeharrei. Legez, D ereduaren definizioa da gai guztiak euskaraz direla, Gaztelera izan ezik; garbi dago zaharkitutako definizioa dela. Ikastetxe askok sartzen dute gutxienez hirugarren hizkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen dutenean, euskaraz eta gazteleraz gain hirugarren hizkuntza edukitzeko. Hori ona da. Ondo diseinatu behar da, ondo planifikatu.

Baina sustatu behar da Matematika edo beste irakasgai batzuk ere hizkuntza horretan ematea?

Ikastetxe bakoitzak erabaki behar du, proiektu bakoitzaren arabera; ni ez naiz sartuko. Ikusten ari da hori gehiago sustatzen ari dela, bermatzen edo errazten duelako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzen denean markatzen ari garen helburuak lortzea.

Ez al da kaltegarria euskararentzat?

Ez. Eskola askotan egiten da. Benetan pentsatzen duzu hainbat gai edo astean zehar Plastikako, Gizarteko edo Historiako hiru eskola ingelesez emateak euskarari kentzen diola? Ez dio inondik inora euskarari kalte egiten. Azkenean, ikastetxeko bizitza osoan espazio asko dauzkazu euskaraz aritzeko.

Nafarroan kontrako bidea egiten ari dira: PAI ingelesez ikasteko programatik ateratzea eskatu dute pare bat eskolak.

Ez diegu esango sartu edo atera daitezen: eskola bakoitzak edukiko du askatasuna, marko batean. Batzuk egongo dira horrelako eredu batean; beste batzuk, ez. Ezagutzen ditut ikastetxeak —publikoak, ikastolak nahiz kristau eskolak— hainbat gai ingelesez egiten ari direnak, eta oso gustura daude. Bakarrik eskatuko dugu eskola komunitateak onartutako proiektuak izatea, koherenteak eta egonkorrak.

Gutxienez B2 lortu beharko dute euskaraz zein gazteleraz DBH amaitzerako. A ereduan lortu daiteke euskara maila hori?

Ez da A eredua bakarrik; A eredua eta euskara ardatz izango duen hizkuntza proiektua da. Beste era batera erantzungo dut: familia hizkuntza euskara duen ikaslerik ez duen gela batean eta familia hizkuntza euskara dutenak ia %100 diren gela batean, biak D ereduan, berdin lor dezakete euskalduntzearen helburua? Garbi dago ezetz. Lehenengoan jarri beharko dituzu beste bide, tresna, baliabide eta elementu batzuk, bigarrenetik ahalik eta gertuen egon daitezen, baina inoiz ez da izango lehenengoan bezala.

Irakasgaien %80 gazteleraz emanda lor daiteke?

Kontua da zergatik izan behar duen %80.

Aukera edukiko dute hizkuntza proiektuan hala zehazten badute, ezta?

Edukiko dute haiek nahi duten aukera, azkenean, legeak aipatzen duen aukeraren barruan eta hizkuntza proiektua gauzatzeko dagoen markoaren barruan. Irteera profila da helburua, eta eredua, bitarteko bat. Deitu A, B edo D, D ingelesarekin edo ez... Ikastetxe bakoitzak definitu beharko duen hizkuntza proiektuak helburu argi bat dauka: B2a lortzea, gazteleraz zein euskaraz. Zeren aurkako arazoa ere bai baitugu, nahiz eta gutxienekoa izan: gaitasun nahikoa ez izatea gazteleran.

Horrek esan nahi du herri euskaldunenetan ikasgai batzuk gazteleraz izango direla?

Ez, ez. Egun dagoen gizartearekin, D ereduarekin nahikoa da ikastetxe horietan B2 maila lortzeko, neurri handi batean.

B2 maila lortzen ez duten ikasleek DBHko titulua jasoko dute?

Egoera diferenteak duten ikastetxeek —ISEK batezbestekotik oso behera duenak edo ISEK batezbestekoa baino askoz altuagoa duenak— helburu berak dituzte, baina argi dago ez dutela berdin beteko. Lehenengoari tresna eta baliabide gehiago emango zaizkio, baina emaitzak ez dira berdinak izango.

ISEK altua edo baxua eduki arren, orduan, tituluak ez dira jokoan egongo, ezta?

Baina ez da euskara; azkenean da batzuek eta besteek merezi dutela ekitatea, inklusibitatea eta bikaintasuna.

Proiektuak dio Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko kide izateko printzipio bat dela hizkuntza xedeak betetzea. Diru publikoa jasoko dute helburu horiek betetzen ez dituztenek?

Ez da parte izateko, eskaintzeko baizik. Eskainiko duten zentro guztiek bete beharko dituzte baldintzak. Ez badute betetzen kontratazioaren gardentasunaz zehazten dena, ezin dute jaso. Edo ez badute errespetatzen sexuagatik ez banatzea, ezin dute. Edo eleaniztasun proiektuan euskara ez bada ardatz, ezin dute.

Eta hizkuntza helburuak ez badituzte betetzen?

Ez dakit zer esan nahi duen.

B2a ez lortzea.

Nork ez du lortzen? Edozein ikastetxe hartuta, ikasle guztiek ez dituzte helburu guztiak lortzen. Baina zer gertatuko litzateke edukiko bagenu ikastetxe bat non ikasle bakar batek ere ez duen inongo helbururik lortzen? Nabarmena da, ez? Lege batez ari gara; lege batean oinarriak eta printzipioak jartzen ari gara.

Esan zenuen Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua ez dela izango aparteko gastu bat, sailaren berrantolaketa bat baizik. Beste baliabide bat izango da, ala egungoa?

Egungo funtzioez gain, beste batzuk hartuko dituzte: horien artean, ikastetxeetan hizkuntzen garapenaren zaintza eta irakasleen formakuntza. Irakasleek kalitateko formakuntza behar dute euskaran eta hirugarren hizkuntzan.

Hezkuntza Sailean lanean ari diren langileek osatuko dute?

Bai. Nagusiki, bertan dagoen jendea izango da.

Irakasleek erabakiko dute ikasleek B2 maila lortzen duten. Zergatik ez egin kanpo ebaluazioa?

Egiten dugu.

Ebaluazio diagnostikoa?

Bai. Zergatik behar dugu euskara kanpoko eragile batek neurtzea, baina ez gaztelera, matematika edo beste konpetentziaren bat? Profesionalak ditugu, eta gaitasuna dute hori neurtzeko.

Hasi zarete segregazioaren aurkako neurriekin, matrikulazioan eraginda. Ikastolen Elkarteak esan du batzuetan ateratako familiak gehiago izan direla bertara bideratutakoak baino, eta legezko baliabide denak erabiliko dituela horri aurre egiteko; Kristau Eskolak eskatu du ez bideratzeko beste eredu batzuetara. Zer egingo duzue?

Harritzen nau hausnarketa izatea zenbat ikasle galtzen eta irabazten ditudan, benetan dagoen arazoa baino. Hartu ditugun erabakiekin zaurgarritasunaren inguruan urratsa egin al dugu? Nabarmen ikusten da pauso oso baikorrak eman direla. Legezko bideak erabili nahi dituztela? Ona da. Nire kezka nagusietako bat da zaurgarritasunaren inguruan urratsak egitea eta jendeari pixkanaka-pixkanaka esplikatzea. Datorren urtera begira, zentzu horretan jarraitu beharra daukagu. Oro har, ondo joan da, eta eragile gehienek asko lagundu dute.

Espero zenuten erantzun hau? Haiekin hitz eginda zeundeten?

Bilera asko izan ditugu. Betetzen ari gara legeetan edo arautegian duguna. Arautegia zabal esplikatu dugu, baina ulertzen dugu zalantzak egotea, hainbat gauza esplikatu behar izatea, eta horrela jarraituko dugu, beti eskuzabaltasunez. Seguruenik kezka nagusia jaiotze tasaren eraginez dator: matrikulak jaisten ari dira, eta horrek sortzen ditu kezkak. Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak planteamendu hauek egiten dituzte: «Zergatik ez zait tokatzen alde batetik bestetik galdu dudana?». Ez da irabazi edo galdu; kontua da nola orekatu zaurgarritasuna.

Segregazioa murriztu daiteke itunpekoek pisua galdu gabe?

Uste dut ez duela zerikusirik. Gurasoek erabakitzen dute seme-alabak zer ikastetxetara bidali. Hortik aurrera, esaten dugu: zaurgarritasuna orekatu ahal izateko, edozein ikaslek —egoera batean zein bestean egon, kolore batekoa zein bestekoa izan...— eskubidea du edozein ikastetxetara joateko. Eskatzen dugu edozein zentrok, gure zerbitzu publikoa eskaini nahi badu, baldintzak betetzea; horien artean, zaurgarritasunari erantzutea.

Zaurgarritasuna, gardentasuna, ikasleak sexuka ez bereiztea... Espero duzue zentroren batek ez betetzea baldintzak?

Ez. Hitz egin dugu ikastetxeekin, eta oraindik ez dut ezagutzen atzera egitea erabaki duenik. Esan beharra dago —eta Podemosek kritikatuko dit esango dudana— gu beti egongo garela itunpeko ikastetxeen alde, nahiz eta gure programa eta ardatza, noski, eskola publikoa izan. Sistemaren parte garrantzitsua dira itunpeko ikastetxeak, eta gu itunpeko ikastetxeei ere laguntzeko gaude.

Legebiltzarrean aipatu zenuen Eusko Jaurlaritzarentzat hezkuntza publikoa dela lehentasuna. Hori islatzen al da Hezkuntza Lege proiektuan?

Islatzen da apirilaren 7ko akordioan bezala, berdin-berdin.

Noizko izango dira itunpeko eskolak doakoak?

Lehenik eta behin, legea onartu beharko da. Legeak memoria bat dauka, eta horrek esan nahi du landu egin behar dela. Zergatik? Salto ekonomiko garrantzitsua eskatzen duelako eta ikusi beharra dagoelako hurrengo urteetan zein den ekonomiaren garapena. Zehaztu beharra dago zein den ikaspostu bakoitzaren kostua ere, bai itunpeko ikastetxeetan eta bai publikoetan.

Beraz, oraingoz ez dago epe zehatz bat jartzerik?

Ez, baina komeniko litzateke, behin legea onartuta, ahalik eta azkarren zehaztea.

Nola kontrolatuko duzue doakotasuna?

Ezingo da kobratu ordaintzen ari garen arrazoiengatik. Alegia, guk ordaintzen badugu irakasle bat, guk ordaintzen dugun kontzeptu horrengatik ezingo da kobratu. Ja hasita gaude, eta itunpeko ikastetxe guztiei eskatu zaie guri datuak eta informazioa bidaltzeko. Bidali behar den mezua da gu diru laguntzak areagotzen ari garen heinean ikastetxeek kuotak jaisten joan beharko dutela. Adibidez, 2023-2024ko ikasturteari begira, 2 urteko gela guztiak %100ean finantzatzen ditugun heinean—orain arte %60 zen—, horrek isla eduki behar du.

Posible al da kristau eskola batean laikotasuna bermatzea?

Noski. Laikotasunak zer esan nahi du? Ikastetxe bakoitzak eduki ditzakeela bere ideiak, bakoitzak aukeratzen dituenak. Beste gauza bat da norbanakoen ideologiaren errespetua eduki behar dutela zentro guztiek.

Laikotasunaren printzipio hori ez doa kristau eskola baten ideien kontra?

Ez. Azkenean, laikotasuna da ikasle bakoitzaren sinesmenaren errespetuari begiratzea, ez ikastetxe horren ideiei begiratzea.

Legegintzaldia bukatzerako onartuko al duzue legea?

Dudarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.