Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketa. Laia Serra. Abokatua

«Sakoneko arazoa polizia sistemaren diseinua da»

Giza Eskubideen Aldeko Kataluniako Elkarteko kidea Iñigo Cabacasi buruzko epaiketan egon da, begirale gisa; susmoa du ertzainak ez direla ematen ari daukaten informazio guztia.

gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Laia Serra abokatua da, Bartzelonako Abokatuen Elkargoaren Defentsa Batzordeko kidea, eta eskarmentu handia bildu du giza eskubideen alorrean. Giza Eskubideen Aldeko Kataluniako Elkarteko kidea ere bada, eta egunotan Euskal Herrian egon da, Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko egiten ari den epaiketan begirale gisa parte hartzeko.

Joan den asteazkeneko saioanegon zinen, ertzainak lekuko gisa deklaratzen hasi zirenean, alegia. Zer ondorio atera duzu han entzundakoetatik?

Alde batetik, oso gogorra iruditu zitzaidan Iñigoren [Cabacas] gurasoen egoera, eta deklarazioetan informazio garrantzitsua ezkutatzen dela ikusteak nolako frustrazioa eragin behar duen. Indarkeria moral ikaragarria da hori.

Ikuspegi profesionaletik, poliziaren indarkeriari buruzko beste auzi batzuetan ikusitakoa ikusi nuen: akusaziooi ezinezkoa den zerbait eskatzen zaigu. Epaiketa baino garrantzitsuagoa da lehenago egindako ikerketa, eta ikerketa hori egin ezean nekez iritsiko da epaiketa behar den ondorioetara.

Lekuko gisa deklaratu zuten ertzainen testigantzetatik ondoriorik atera zenuen?

Inork ez du tirorik egiten, inork ez du agindu zehatzik ematen edo jasotzen, eta nahaspila izugarria da dena. Seguru asko, gau hartan gertatu zenari buruzko informazio ugari ezkutatu egin zen, eta, auzia zehatz-mehatz ezagutzen ez badut ere, harritu ninduenikusteak nolako adostasuna zegoen ustez egondako istiluen inguruan, nahiz eta han erakutsi zituzten irudietan normaltasun egoera ikusten zen.

Honen moduko epaiketetan zeintzuk dira ebatzi beharreko erantzukizunak?

Bi ardatz daude: alde batetik, xedea da jakitea nor den egile materiala; hots, nork sakatu zuen katua. Oso lantegi zaila da hori. Baina beste ardatz bat ere badago, lehenengoa bezain garrantzitsua, batzuetan itzalean gelditzen den arren: ematen dituzten aginduengatik edo delitua gerta ez dadin ezer ez egiteagatik erantzukizunak dituzten agintariena.

Eta erantzukizun horiek ebazteko zeintzuk dira gainditu beharreko oztopoak?

Alde batetik, agenteak identifikatzeko zailtasunak inpunitatea bermatzen du. Adibidez, ustez agenteak identifikatzeko balio beharko luketen mekanismoak diseinatuta daude identifikazio hori ezinezko bilakatzeko. Eta inpunitatearen beste katebegia da epaile eta fiskalak askotan ez daudela prest azken ondorioetaraino ikertzeko. Estatuaren korporatibismoak pisu handia du.

Poliziak lagundu egiten al du ikerketa horietan?

Aspalditik, polizia operazio guztiek sofistikazio maila militarra dute ia: elkarrizketa guztiak grabatu egiten dira, bideoak erabiltzen dira, furgoneten kokatzea GPS bidez kontrolatzen da eta abar. Begien bistakoa da zauri larriak edo heriotzak ekarri dituzten operazioen ondotik den-denek dakitela han zer gertatu den. Baina polizia mota guztien kolaborazio faltaren ondorioz, ikerketak ez dira behar bezain sakonak izaten, eta horrek porrota dakar epaiketa iristen denean.

Beharrezkoa al da eztabaida soziala gai honen inguruan?

Ondorioei erreparatzen diegu, baina ez arrazoiei. Ondorioa da eskubideen zanpatzea, eta epaiketaren bidez saiatuko gara hori zuzentzen, baina sakoneko arazoa polizia sistemaren diseinua da, eta horren inguruan eztabaidatu behar da: polizia ereduaz, polizien kontu emateaz eta abarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.