Eskolaz kanpo ere, euskarari bultzada

Euskaraz egiteko zailtasunak dituzten haurrei errefortzu eskolak ematen dizkiete herri batzuetan, udalekin eta ikastetxeekin elkarlanean. Haien xedea da euskara gai akademiko bat baino zerbait gehiago izatea.

Irati Txapartegi euskara irakaslearen ikasleak jolasean, Zarautzen. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Azken urteetako azterketek erakusten dute haurren eta gazteen euskara maila gero eta kaskarragoa dela. Hori hala, hezkuntza mundutik mezu argia helarazi izan dute: eskolak bakarrik ezin ditu ikasleak erabat euskaldundu, kanpotik ere eragin beharra dago. Ikastetxe batzuek AEK dute bidelagun: euskaltegietako irakasleek ikastetxeko orduetatik kanpo euskara errefortzuak ematen dizkiete euskaraz larrien dabiltzan ikasleei. Dena den, talde horiek ez daude sartuta AEKren ohiko eskaintzan, duela urte batzuetatik zenbait udalekin eta ikastetxerekin aspaldi sinatutako akordioen emaitza baitira. Hortaz, eskola mota hori ja ez dute toki gehiagotara zabaltzen gaur egun.

Hori da, esaterako, Urola Kostako AEKren kasua. Zumaiako, Orioko eta Zarauzko (Gipuzkoa) eskola umeei laguntzen diete, euskaltegietan nahiz euskaltegietako irakasleak ikastetxeetara joanda. Irakasle lanetan aritzen direnetako bat da Irati Txapartegi. Batez ere, Euskal Herrira iritsi berriak izaten dituzte ikasle, baina baita bertan jaio arren etxetik euskara jaso ez dutenak ere: «Eskola bakoitzak esaten digu zein haurrek behar duen gehien». Horiek astean bi orduz jasotzen dute errefortzua.

Teoriaz harago

Behin beharrak zehaztuta, euskara eskola arruntak baino zerbait gehiago eskaintzen dizkietelakoan dago Txapartegi, eskola magistraletatik harago doazela: jolasak, marrazki bizidunak, liburuak, komikiak, BERRIAren Mantangorriko denbora-pasak, hitz egitea bera... dituzte tresna. Finean, umeek eta gazteek euskarazko baliabideak kontsumitzea nahi izaten dute. Baina esperientziak erakutsi dio Txapartegiri badagoela hutsune bat euskara irakasteko materialgintzan: «Asko dago gaztelaniara edo frantsesera egokituta, eta hori ez da egungo errealitatea; jatorri eta hizkuntza askotakoak datoz».

Eta zein da, hortaz, euskara ikasteko gakoa? Goxotasuna hitza darabil behin eta berriro Txapartegik. «Nahiz eta gu euskara irakasleak izan, ezin dugu joan eta esan: 'Aditzak ikasiko ditugu'. Ikasten ditugu, baina jolasten ikasten ditugu. Goxotasunetik, umeak direla pentsatzen... Zerbait atsegina izan behar du». Horrela, eskolatik kanpo euskarekin «familia giroko harremana» izatea nahi dute, harreman akademiko huts bat izan ez dadin eta euskara «goxotasunetik» har dezaten.

Ikastetxeekin egiten duten elkarlan horren ondorioz, ikasleek euskara maila hobea lortzen dutela nabarmendu du Txapartegik: «Eskolan ere errefortzuak jasotzen dituzte normalean, baina gu laguntza bat gehiago gara». Hala ere, ikasleak benetan euskaldundu daitezen, argi du euskarak espazioak irabazten jarraitu beharra daukala: «Euskaraz bizi ez diren haurrek behar dute akademikoaz eta eskolakoaz aparte, euskaraz bizitzeko motibazioa». Eskolaz kanpoko ekintzei erreparatu die: «Eskola kirola-eta euskararen ikuspuntutik begiratzea ezinbestekoa da. Uste dut beharrezkoa dela horrelako leku bat balioestea euskara ere sartzeko. Denon arteko lan bat izan behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.