Oroimenetik eztabaidara jauzi

Duela urtebete Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuetan hildakoak omendu dituzte Bartzelonan. Espainiako errege Felipe VI.aren aurkako protestak egin dituzte

CDRetako kideak protestan, atzo, Bartzelonan. SUSANNA SAEZ / EFE.
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Bartzelonan oroimenerako eguna izan zen atzo. Duela urtebete Kataluniako hiriburuan izandako atentatuen biktimak omendu eta oroitu zituzten Rambletan. Hamasei pertsona hil zituzten, furgoneta batek azpian harrapatuta. Hamabi gizoni leporatu zizkieten atentatuak. Horietatik zazpi Poliziak hil zituen;bi kartzelan daude; eta beste bi libre utzi zituzten, karguekin. Azken urtean, ordea, Kataluniako egoera soziopolitikoa baldintzatu duten gertakari handiak izan dira, eta atzo horren isla ere nabarmendu zen.

Goizeko ekitaldi ofizialean izan ziren Quim Torra Generalitateko presidentea eta haren gobernuko kideak. Bai eta Felipe VI.a Espainiako erregea, Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta hainbat politikari ere. Goiz-goizetik nabarmendu ziren erregearen aurkako protestak. Beste hainbat pertsonak «Gora Espainia eta gora erregea!» oihukatu zuten biktimen omenaldian. CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako hainbat kidek antolatutako protestek Katalunia plaza ere hartu zuten. Biktimen alde elkartasuna adierazi, eta erregearen «hipokrisia» salatu zuten. CUP alderdiak ere bat egin zuen protestekin. Rambletatik Katalunia plazarako bidea egin zuten 500 bat lagunek, isilik, pankartak eskuan. Monarkiaren eta arma trafikoaren aurkako pankartek hartu zuten bidea, eta biktimekiko errespetua aldarrikatu zuten.

Felipe erregea agertzekoa zela-eta, ostegunean, Katalunia plazan zenbait independentistak pankarta handi bat eseki zuten. Erregearen irudia buruz behera ageri zen, eta «Erregea ez da ongi etorria Katalunian» zuen idatzia, ingelesez.

Atzo arratsaldean, ANC Biltzar Nazional Katalanakelkarretaratze batera deitu zuen Lledoners kartzelan, Joaquim Forn Barne kontseilari ohia espetxeratuta dagoen lekuan, hari omenaldia egiteko, Forn izan baitzen mossoen arduraduna atentatuak gertatu zirenean. Torrak bisita egin zion Forni espetxean, eta esan zuen «bidegabekoa» dela Forn espetxeratuta egotea. Aurrez, goizeko ekitaldian, Felipe VI.ari zuzenean oroitarazi zion Forn espetxean dagoela. Torrak eskerrak eman zizkien mossoei eta larrialdi zerbitzuei beren lan «paregabeagatik»; batez ere, Josep Lluis Traperoren lana goraipatu zuen. Mossoen burua zen atentatuak gertatu zirenean, eta erasotzaileak aurkitzeko ikerketa eta ondorengo operazioa zuzendu zituen. «Katalunia harrera herria izan da mendeetan. Indarkeria darabilten horien aurrean, guk bakean eta harreran oinarritutako herria eraikitzen jarraitzen dugu. Gizarte indartsua eta ausarta gara, intolerantziaren eta basakeriaren aurka borrokan», nabarmendu zuen Torrak.

2017ko abuztuaren 17 hura

Arratsaldeko bostak baino zertxobait lehenago, Kataluniako hiriburuan, furgoneta zuri bat Rambletan sartu, eta jendea harrapatzen hasi zen. Jende asko zegoen kalean ordu horietan, bertakoak zein turistak. Hamar bat pertsona hil ziren momentuan, eta dozenaka zauritu ziren. Ordu batzuk geroago, Cambrilsen, beste atentatu bat egin zuten itsasondoko pasealeku turistiko batean. Pertsona bat hil zuten han. Poliziak lau egun geroago aurkitu zuen Rambletako furgoneta gidaria, eta hil egin zuen, baita beste sei kide ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.