COP26

«Nahikoa da» esatera behartuta

NBEk estatuei eskatu die isuriak %45 murrizteko hamarkada amaierarako. Indiak adierazi du 2070erako lortuko duela karbono neutraltasuna

Harrera. Johnson eta Guterres, atzo, COP26 goi bileran, irekiera ekitaldian. ROBERT PERRY / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Mundu oso bat bildu zen atzo Glasgown (Eskozia), COP26 klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi bileran. 200 bat estatutako agintariak hasi ziren iristen hirira, azaroaren 12ra arte luzatuko den bilkuran parte hartzeko, eta alertarako dei batekin hartu zituen Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. «'Nahikoa da' esateko ordua da», nabarmendu zuen inaugurazio ekitaldian. «Utz diezaiogun biodibertsitatea zakar tratatzeari, utz diezaiogun geure burua karbonoarekin hiltzeari, utz diezaiogun natura komuneko zuloa balitz bezala erabiltzeari [...] eta gure hilobiak zulatzeari».

Guterresen iritziz, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko helburua «bizirik mantentzeko» balio behar du COP26k, eta, horretarako, premiazkoa da berotegi gasen isuriak %45 murriztea 2030erako. Bestela, «hondamendia» izango da.

«Klimari buruzko iragarpen berriek adieraz dezakete egoera gainditzen ari garela». Hori, baina, «ilusioa» besterik ez da, NBEko buruaren esanetan. «Erregai fosilekiko daukagun mendekotasunak muturreko egoerara darama gizadia».

Adituen ustez, Glasgowkoa azken aukera izan daiteke Lurraren berotzeak mende amaieran 1,5 graduko tenperatura gainditu ez dezan. Egungo konpromisoekin, urrun dago helburua: 2,7 gradu beroagoa litzateke planeta 2100. urtean. Helburua lortzeko, ezinbestekotzat daukate 2030erako isuriak nabarmen murriztea eta 2050erako karbono neutraltasuna ziurtatzea. Indiak bestelako epe bat ezarri dio bere buruari. Neutraltasuna 2070erako beteko duela iragarri zuen atzo. 2060an dute ezarria Txinak eta Errusiak. Lau isurtzailerik handienetan daude hirurak, AEBekin batera.

«Amaieraren hasiera»

Inaugurazio ekitaldian hitz egin zuen Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ere, anfitrioi gisa. Johnsonen ustez, COP26k ez du klima larrialdiaren amaiera ekarriko, baina «amaieraren hasiera» izan behar du.

Parisko Hitzarmenak (2014) jarri zuen lehen mugarria, berotegi gasen isuriak amaitu eta mende amaierarako berotzea 1,5 gradura mugatzeko helburuak ezarrita. Baina hitzarmen hori «berriketa besterik ez» da izango agintariek COP26 «errealistak izateko garaia» bihurtzen ez badute. «Porrot egiten badugu, gure seme-alabek ez digute barkatuko. Saminez epaituko gaituzte, eta arrazoi izango dute».

Hartu beharreko neurririk garrantzitsuenak lau arlotan laburtu ditu lehen ministroak goi bilerarako aukeratu duen leloan: «Ikatza, autoak, dirua eta zuhaitzak».

Fridays For Future mugimenduak, berriz, elkarretaratze bat egin du goi bilera egiten ari diren gunearen ondoan, eta, bertan, Greta Thunberg ekintzaileak nabarmendu du aldaketa ez dela bilkuratik etorrriko. «Lidergoa hemen kanpoan dago, eta ez COP26aren barruan». Haren esanetan, Glasgowko kobentzioa aurrekoen «berdina» izango da. «Ez gaitu inora eramango». Egungo «eredu ustiatzailea» da aldatu beharrekoa, Karen Watson talde bereko kidearen iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.