«Matxismoaren aurka», 60 neurri proposatu ditu Elkarrekin Podemosek

Erredakzioa
Gasteiz
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Elkarrekin Podemosek lege egitasmo bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, «gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka». 60 neurri jasotzen ditu, eta horiek garatzeak 7,5 milioi euroko kostua izango luke, Eukene Arana legebiltzarkideak azaldu duenez.

Lege proposamena bilduma bat da, legebiltzarrean «azken urteotan» egin dituzten akordioenak bi alor horietan. Horietako asko «aho batez» onartu ziren, eta, «urgentziazkoak» izan arren, Aranak azpimarratu du garatu gabe jarraitzen dutela edota aurrera eramateko zailtasunak dituztela, eta hori hala gertatzen dela, besteak beste, Jaurlaritzak ez dituelako finantzatzen.

Legebiltzarrak aurtengo aurrekontu egitasmoa atzera bota ondoren, Jaurlaritzak diru sail batzuk lege bidez atera nahi ditu aurrera. Etzi bozkatuko dituzte horietako hiru, eta bik —diru sarrerak bermatzeko errentaren igoerak eta langile publikoen soldatenak— aurrera egingo dute Elkarrekin Podemosen abstentzioari esker.

Aranak, halere, salatu du Jaurlaritzak ez duela diru sailik proposatu sexu berdintasunaren alorrean eta indarkeria matxistarenean, eta erantsi du horri erantzuteko aurkeztu dutela lege egitasmoa; haren hitzetan, Iñigo Urkulluren gobernuak «egiten ez duena» agerian uzteko. «Urkulluk, beste behin, albo batera utzi ditu emakumeak. Berdintasunaren aldeko politikak inbertsioekin egiten dira, ez argazkiekin».

Elkarrekin Podemosen egitasmoko neurriak askotarikoak dira: besteak beste, jasotzen du Emakunderen aurrekontua handitzea, talde feministentzako diru laguntzak gehitzea, justiziaren alorreko langileei formakuntza ematea genero berdintasunean eta indarkeria matxistarenean, eta Emakume Nekazarien Estatutua osorik garatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.