Pastor
DARWIN ETA GU

Mikroerasoak

2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Humberto Ak'abal poeta guatemalarra hil zen astelehenean. Ak'abalek kitxeeraz idatzi zituen lan gehienak. Poemetan herri maiaren unibertsoa islatu zuen. Hogei hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dituzte.

Poetak hainbat sari jaso zituen. Halarik ere, Guatemalan prestigio handiena duena baztertu zuen. 2003an, uko egin zion Miguel Angel Asturias Guatemalako Literatura Sari Nazionalari, 1967ko Nobel saridunaren izena baitu. «Miguel Angel Asturias du izena. Meritu asko izan zituen idazleak, baina Indioaren Arazo Soziala tesia idatzi zuen, Guatemalako herri indigenak iraindu zituena. Eta ni herri horietako partea naiz». Herri indigenen aldarrikapenei lotu zitzaien Ak'abal. Naturarekin bat egin zuen. «Zuhaitzetako hostoek/ ahotsa tindatzen dute/ Horregatik/ txorien kantua/ berdea da».

Bere herriko kultura indigenaren aurkako erasoak salatu zituen Ak'abalek. Kitxeerak, haren hizkuntzak, milioi bat hiztun inguru ditu Guatemalan eta milioi erdi pasatuta Mexikon. Inon ez da hizkuntza ofiziala. Guatemalan hizkuntza nazionala da. Mexikon ere estatus hori du eta espainierak adina balio du. Teorian. Praktikan...

Euskarak baino hiztun gehiago ditu kitxeerak. Onarpen ofizial txikiagoa du, ordea. Eta alfabetizazio maila baxuagoa. Hala ere, euskarak ez bezala, kitxeerak elebakarrak ditu oraindik, batez ere herri txikietan. Asimilazioa ez da erabatekoa izan.

Gurean, aldiz, bai. Denak elebidunak gara hemen —euskaldunoi buruz ari naiz, noski—. Hori abantaila da, arma, herritar eta agintari askok euren nagusitasunari eusteko. Jadanik ez dute esaten «hable en cristiano», baina baztertzen segitzen dute haien hizkuntzaren inposizioaren kontra egiten dugunok. Gure etxean bertan. Euskara hutsez aurkeztu du EH Bilduk lege proposamen bat Eusko Legebiltzarrean eta tramitera onartzeko erabakia atzeratu dute bertan, espainierazko itzulpena eskuratu arte. Koalizioak salatu duenez, proposamenak erdara hutsez aurkezten direnean tramitazioa ez da atzeratzen euskarazko bertsioa ekarri arte.

Diskriminazioa ez da albistea izan. Harrigarria da zeinen azkar eta zorrotz identifikatzen ditugun egunerokoan hizkuntzaz haratagoko beste edozein eremutan izaten diren mikroerasoak. Harrigarria zeinen itsu, indarge eta erreflexu aldetik eskas gabiltzan hizkuntzaren ekologiari egindako mikroerasoez konturatu eta haien kontra egiteko. Errealitate linguistiko gordinarekin jokatzen dute erasotzaileek. Alde dute. Azken batean, euskaldun elebakarrik ez dago. Erdaldunak dira elebakar bakarrak. Hortik abiatuta, edozer da zilegi hizkuntzaren arloan.

Bozgorailutik espainieraz helarazten dizkigute mezuak lehen-lehenik, eta euskaraz jarraian, eta pozik gaude. Ez gara konturatzen euskara bigarren lekuan jartzea erdaldunen botereak emaniko opari sinboliko testimonial hutsa dela, haien burua eskuzabal agertzeko. Menpekotasunean, bigarren leku horretan tinko mantentzen gaituela. Lehen abisua euskaraz izateak emango lioke benetako balio erantsia hizkuntzari, baina horrela hutsaren hurrengoa da euskararen garrantzia komunikazioan. Noizko ahalduntze linguistikoa?

Itzulpenik gabe funtzionatuko luke Eusko Legebiltzarrak? Bai. Baldin eta kide guztiak euskaraz ulertu eta mintzatzeko gai izango balira. Bitartean, ez. Elebitasunaren onuraren tranpan segitzen dugu korapilatuta, espainiera baita benetan hizkuntza baliagarri bakarra. Zenbait legebiltzarkide euskaldunek barneratua dute hori. Beren agerraldietan bi hizkuntzak tartekatzen dituzte, baina askotan diskurtsoaren alde mamitsuena erdaraz ematen dute, mundu guztiak uler dezan. Apirilean 21. Korrika izango dugu. 2020an, 2. Euskaraldia. Zenbat mikroeraso jasoko ditugu bitartean?

Humberto Ak'abalek Pier Paolo Pasolini Nazioarteko Poesia Saria irabazi zuen, Italian. Munduari begiratzeko modu bat zuen, elkartasunean oinarrituta. «Jaio nintzenean/ bi malko jarri zizkidaten/ begietan/ nire jendearen minaren tamaina/ ikusi ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.