Bigarren saioa beharko du

Pere Aragones ERCko hautagaiak ez du Kataluniako presidente izateko adina babes lortu, eta asteartean izango du bigarren bozketa. Ez da ezustekorik izan, eta abstenitu egin da JxC

Pere Aragones ERCko hautagaia bere izendapenaren aldeko botoa ematen, atzoko saioan. QUIQUE GARCÍA / EFE.
Julen Aperribai - Iosu Alberdi
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
«Bidea partekatzen dugun horiekiko deskonfiantza gainditu beharra daukagu». JxC Junts per Catalunyari zuzendutako mezu batekin hasi zuen Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentegaiak bere diskurtsoa inbestidura saioan, jakinik ere bere eskakizunek ez zutela esperotako erantzunik izango, emaitza aurrez emana baitzegoen atzoko bozketan. Eskaera berbera egin zion hamar ordu geroago, baina ez zen ezustekorik izan, eta ezezkoa gailendu zen. Hala egin zuten 61 diputatuk —PSC, Vox, EnComu Podem, Ciutadans eta PPkoek—. ERCko eta CUPeko 44 diputatuen babesa jaso zuen, eta abstenitu egin ziren JxCko 32ak.

Horrenbestez, bigarren ahalegin batean saiatu beharko du Aragonesek presidentetza eskuratzen. Hurrengo asteartera arteko tartea izango du, printzipioz, JxCrekin akordioa egiteko, eta alderdi horretako 32 diputatuen babesa lortzeko.Epe hori nahikoa ez dela iritzita, bigarren saio horretara ez aurkezteko eskatu zion atzo Albert Batet JxCko bozeramaileak: «Gaurtik asteartera bitartean ez dago akordio bat lortzeko denborarik. Badakizu nola doazen negoziazioak».

«Prest nago egunean 24 ordu lan egiteko», adierazi zien Aragonesek JxCko kideei. Bateten arabera, baina, Katalunian gobernu bat izateko «aste bat edo bi» itxaron beharko dira. Izan ere, gobernu «sendo bat» bermatuko duen «akordio on baten» beharra azpimarratu zuen, eta bere alderdiak ERCrekin duen korapilo nagusiari heldu zion ondoren, 2017ko urriaren 1a mintzagai hartuta: «Ulertezina litzateke, orain, independentismoaren zati batek erreferendumari zilegitasuna kentzea».

JxCko eledunak behin eta berriz gogoratu zuen independentistek botoen %50eko langa gainditu zutela azken bozetan, eta egoera hori «aukera bat» dela 2017ko erreferendumarekin hasitako bideari jarraipena emateko. Horrek, Bateten esanetan, ez luke zertan bigarren erreferenduma izan helmuga gisa: «Botoen %52 eskuratu izanak ondorio politikoak izan behar dituela uste dugu».

Azken legealdiko «gudak» alboratzeko beharra azpimarratu zuen CUPek. «Batasun politiko estrategiko bat lortu beharra daukagu, alderdikeriak alboratuta», adierazi zuen Dolors Sabater diputatuak, eta, alde horretatik, «etxeko lanak egiten» lehenak izan direla esan zuen. ERCrekin egindako akordioa «abiapuntu bat» da, Sabaterrentzat, eta, hobetu beharra badago ere, Aragonesen aldeko botoa emango zutela aurreratu zuen. Ohartarazpena egin zion.

PSCko bozeramaile Salvador Illak ERCri eginiko kritika nagusiak PSOEk eta Espainiako Gobernuak azken astean eginikoen bide beretik jo zuen: CUP «antisistema eta erradikala» da, eta ez luke Generalitatearen jardunean eragin behar. Bi alderdi independentisten arteko akordioak aurreikusten duen puntuetako bat elkarrizketa mahaiari aukera bat ematea da. Illak ere jakinarazi zion «batera joango» dela Kataluniako mahaian adostutakoa Espainiako Gobernuarekin hasitako elkarrizketa mahaira eraman nahi badu. Atea itxi zion, baina, «haustura» helburu duen negoziazio bat hasteari: «Ez dago zuzenbide estatua errespetatuko ez duen konponbiderik». Horren aurrean, errealitatea ez ikusteko «begiak ixteaz» akusatu zuen Aragonesek PSC: «Pandemiarekin edo gabe, ez diogu uko egingo independentziari, ezta autodeterminazioari, ezta amnistiari ere».

Fronte zabalari keinua

Argudio batean bat egin zutenCiutadanseko diputatu Carlos Carrizosak eta En Comu Podemeko Jessica Albiachek, Aragonesen aurka egiteko orduan. Biek leporatu zioten porrotera kondenatuta dagoen akordio batekin tematu izana. Marmotaren eguna filmarekin parekatu zuen ERCren eta CUPen ahalegina Carrizosak. Albiachek, berriz, «zaharkitze programatua duen» legealdi batekin tematu izana egotzi zion Aragonesi, eta larritzat jo zuen «erabakigarria izango den» legealdi batean hori egin izana.

Albiachi emandako erantzunean eskua luzatu zion ERCko hautagaiak, ordea. «Ez zarete harmailatik partida ikusten ari zareten ikusleak» esan zion, eta, eragiteko gaitasuna dutela gogorarazi; bide batez, hauteskunde kanpainan haizatutako «fronte zabala» berriz aipatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.