Hamabi artistak lan bana sortu dute Wellbeing Summit kongresurako

Nikhil Chopra, Grimanesa Amoros, June Crespo eta Daan Roosegaarde artistak daude Bilbon lan berri bana erakutsi dutenen artean

Erredakzioa
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Askotariko gobernu, enpresa eta gizarte eraldaketaren aldeko 60 ordezkaritik gora bildu dira Bilbon egunotan, Wellbeing Summit aldaketa sozialaren aldeko nazioarteko lehen kongresuan. Euskalduna jauregian hitzaldi ugari entzun ahalko dira, eta hiriko beste hamaika ertzetara ere zabalduko da egitasmoaren oihartzuna. Solasaldiez gain, sormen laborategiak, kontzertuak eta bestelako ikuskizunak izango dira, eta, tartean, Manuel Bagorrok komisariatutako erakusketa bat ere ikusi ahalko da. Hamabi artistak hartu dute parte horretan, eta berariaz Bilborako sortu duten lan bana erakutsiko dute.

Proiektuan parte hartu dute Nikhil Chopra, Grimanesa Amoros, June Crespo eta Daan Roosegaarde artistek, besteak beste; eta, hurrenez hurren, 24 orduko antzezlan bat, eskala oso handiko eskultura lan bat, hormigoizko piezak eta su artifizial biodegradagarrien euria ondu dituzte.

Halaber, nazioarteko beste 85 artistak baino gehiagok ere jarriko dute euren lana ikusgai Bilboko hamar zentrotan —Guggenheimen, Arte Ederren Museoan eta Azkuna zentroan, besteak beste—.

Sandrine Woitrin egitasmoaren zuzendarietako batek azaldu duenez, gaur egungo kulturan «aldaketa bat katalizatzea» izango da xedea. «Artearena lengoaia unibertsala da, eta aldaketa bat eragiteko bitartekaririk onena», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.