Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Espainiako alderdiak

UNIDAS PODEMOS. Gobernatu ala berrasmatu

Jaitsiera handia iragarri diote inkestek Pablo Iglesiasen alderdiari, baina kontua izango da ea gobernuan sartzeko aukerari eutsiko dion; hala ez bada, etorkizun ziurgabea izango dute bai alderdiak eta bai buruzagiak

UNIDAS PODEMOS. Gobernatu ala berrasmatu.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Bandera errepublikanoak, moreak eta ikurrinak Eibarren (Gipuzkoa), Errepublikaren Egunean, Pablo Iglesiasen eta Unidas Podemoseko beste hainbat buruzagiren mitinean. «Espainiaplurinazionala» aldarrikatu dute, aspaldian alde batera utzitako kontzeptuak eta sinbologia berreskuratuz, duela hiru urteko Espainiako bozetan alderdi abertzaleetatik bereganatu zituzten botoei eutsi nahian. Baina zaila dute 2016an Hego Euskal Herrian erdietsitako arrakasta berriz lortzea.

Espainian eta Katalunian ere jaitsiera nabarmena eman diote inkestek, eta Andaluzian izandako emaitza kaskarrak izan dira azken neurgailua. Zenbat galduko duen da, ordea, koska. Onenean, PSOErekin gobernatzeko adina indar lor dezake, baina, txarrenean, eragiteko indarrik gabe geratuko da, eta bere burua berrasmatu beharko du, bizirik iraun nahi badu. «Gobernuan sartu edo ez», hortxe jarri du Javier Franze Madrilgo UnibertsitateKonplutentseko irakasle eta Podemosen ikerlariak (Buenos Aires, 1965) alderdiaren etorkizunaren giltza: «Salbazioa litzateke koalizioarentzat, baina ez da erosoa, PSOErekin duen harremanak errezeloa sortzen baitu oinarrietan. Zerbait egitekotan, halere, PSOErekin egingo du».

Gobernu lehiatik kanpo geratuko balitz, berriz, «alderdi federal moduan funtzionatzeko bidea egin beharko luke Podemosek». Deszentralizazio prozesua «ezinbestekoa» izango du Franzeren ustez. Izan ere, orain arteko kontraesanen ondorioz dago Podemos inoizko atakarik zailenean. Batetik, ezberdina defendatzen duen alderdi gisa definitzen du bere burua —alderdi plurinazional bat dela dio, nazioekin sentsibilitate berezia duena—, baina, bestetik, alderdia oso zentralizatua dago. Euskal Herrian, Katalunian, Valentzian, Andaluzian, Galizian... sortu diren arazoak Madrildik esku hartuta konpontzeko joera egon baita, eta zerrendak ere Madrildik bertatik osatu izan baitituzte, haserrea eta hausturak eragiteraino tokian tokiko arduradunen artean. «Horri irtenbidea emateko aukera bakarra da konfluentziak alderdi federalen antzekoak izatea». Arazo handi bat du, ordea: «Espainian ezin duzu ahots nazional bat ez eduki, auzi nazionala jokoan baitago. Arazoa ez baita lurraldetasuna, baizik eta Espainiako estatu auzia».

Bi liderren lehia

Madrildik agintzeak ez ezik, alderdiaren buruzagitzan bi liderren arabera antolatutako bi proiektu egoteak ere ekarri ditu Podemosen pasarterik beltzenak, Madrilen bezala adar guztietan ere eragin baitu bi joeren ezin ulertzeak. Vistalegre IIko kongresuan islatu zen hori, 2017ko otsailean, eta kongresu hartatik eratorritako arazoak jasaten aritu dira orain arte. Iñigo Errejonek eta Pablo Iglesiasek nork bere programa aurkeztu zuen. Errejonen programak lortu zuen boto gehien; lidergoa, berriz, Iglesiasi eman zioten. Hori guztia, norgehiagoka estu batean. «Ariketa demokratikoaren izenean egin zuten, baina ez zuen zentzurik lidergoa eta programak bereiz bozkatzeak; aldiz, defizit demokratikoa egon da alderdiaren eraikuntzan». Hor lehertu zen dena, eta Errejon zokoratuta geratu zen. Orain, berriz, Errejon Madrilen Manuela Carmenarekin aurkeztu izanak bazterrak harrotu ditu, eta txiki-txiki eginda utzi du Podemos. Franzeren ustez, Madrilen ere epe labur-ertainera konfluentzia gisara funtzionatzea izan daiteke irtenbide bakarra ezkerrak indarra izaten jarraitu nahi badu, baina gaur egun urak nahasiegiak daude bide hori hartzeko.

Podemosen barruko suteak gutxi ez, eta 2016ko ekainaren 26ko hauteskundeetarako IUk eta Podemosek egindako Unidos Podemos aliantzak are gehiago bereizi zituen Podemosen bi familiak. Aliantzaren alde egin zuten azkenean, pentsatuz horrela gain behera zihoan PSOEren aurretik geratuko zirela, baina ez zen hala izan, batez ere IUko boto emaile asko etxean geratu zelako. «Alderdiaren lehen urteak pisu handia zuen oraindik, hasieran Podemosetik ezkerrari egiten zitzaion kritika gogor horrengatik. Garai hartan, kultura politikoan alde handia zegoen bi formazioen artean». Orain, berriz, ez ditu elkarrengandik horren urrun ikusten. «Azken batean, elkartze natural bat da».

Podemosen zailtasunen beste ertz bat Katalunian garatu zen. Alderdiaren sorreran auziari aurre egiteko gai ziruditen, erabakitzeko eskubideaz hitz egiten hasi zirenean. «Ausartak izan ziren. Gainerako alderdiek ez bezala, erreferenduma onartu zuten, haiek Espainian geratzeko aukeraren alde egin arren, baina batez ere defendatu zuten jendeak zer nahi zuen jakiteko galdetu egin behar zitzaiola». Politikoki borroka hegemonikoa da, ordea, oso epe luzerakoa, eta epe laburrera arazoak besterik ez dio ekarri, «batez ere alderdiko alderik espainiarrena kontra jartzen delako, eta baita Kataluniako alderik subiranistena ere». Orain, kanpainan, berriz jarri dute erabakitzeko eskubidea agendan, ezinbestean boto nazionalista erakartzeko, baina mezu ezberdinak emanez Espainiari edota Katalunia eta Euskal Herriari begira, Madrilgo lubakietatik ezin atera daudelako.

Arrakastaren giltzak

Podemosen gainbehera ulertzeko 2014an lortu zuten arrakasta ere aztertu behar dela uste du Franzek: «Jokaleku politikoan diskurtso berritzailea ezartzea lortu zuten, eta lekuz kanpo utzi zituzten aurkariak»; ezker-eskuin ideiarekin hautsiz, goikoak eta behekoak aipatuz, kasta salatuz, trantsizioari kritika eginez, eta demokraziaren erreskatzaileak izango zirela aginduz. Ideologia markatu bat alboratuta, indar populista zen, eta Espainia alda zezakeelako sortu zuen esperantzak goratu zuen alderdia. Estrategikoki pentsatutako bidea zen, inpaktua lortzearren. Eta lortu zuten.

Trantsizioaren diskurtso ezarria haustea izan zuten helburu. «Trantsizioaren diskurtsoa sendoa zen; ez zen ezer zalantzan jartzen, eta, oinarrizko gauzak auzitan jarrita, arreta erakarri zuten». Baina diskurtso hori ezaguna bilakatu zenean, diskurtsoa bera aldatu egin zuten, instituzioetara jauzi egitearekin batera. Kastaren jarrera zalantzan jartzen jarraitu zuten, baina ez instituzioak. Beste kontraesan bat da, Franzeren ustez, «kastaren portaerak ordena baten instituzioetatik eratortzen baitira». Trantsizioa eta PSOE bera gutxiestea «oker handia» da: «Pentsatu zuten bi egia esanda bakarrik eroriko zela, krisi organiko izugarria egongo zelako. Ordezkaritza krisi bat zegoen, baina ez organikoa». Medioetan eta sarean oinarritu den alderdi bat izateak ere ez dio mesederik egin. «Ez dute sortu alderdi organiko bat, ezta aparatu politikorik ere. Alderdi bertikal bat sortu zuten».

Estatuaren estoldak

Podemosek kanpaina onak egin ohi ditu, eta botoa erabakia ez dutenei esker lor dezake porrota saihestea. Pablo Iglesias aitatasun baimenarekin zela harrapatu zuen bozen aurrerapenak, eta itzulera polemikoa izan zuen martxoaren 8aren atarian,jendez betetako plaza more batean besoa altxatutaVuELve zioen kaltelarekin iragarri baitzuen bazetorrela. Estropezu horren ondoren, hala ere, lortu du heldulekua kanpainan sartzeko: estatuaren estolden bidez mafia sare baten estortsioaren eta proba faltsuen biktima izan baita. Bide batez, PSOEren gobernuari leporatu dio estolden ardura. Eliteen kontrako «egiak» esatera ere atera da, eta herritarren beharren konponbidea dela ziurtatzera. Jendeari berriz ere «egia» horiek benetakoak direla sinetsarazten ahaleginduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.