Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa. Memoria

Duintasuna azaleratu da lurpetik

Memoria historikoaren esparruan, 80 urte iraun duen hutsune handi bat betetzen hasi dira aldaketaren erakundeak. Gerrako 84 fusilaturen arrastoak aurkitu, hobien mapa osatu eta diktadurako ikurrak kentzea bultzatu dute.

Apirilaren 1ean ekitaldi berezia egin zen Iruñeko hilerrian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Hutsune handi bat betetzen hasi dira, azkenik, Nafarroan. 1936ko gerran frankistek fusilatutako milaka herritarren arrastoak ez dira lurpetik atera 80 urtez. Orain arte, Nafarroako erakundeek ez dute zirkinik egin. Legealdi honetan, lau alderdien bultzadaz, hori aldatu eta duintasuna lurpetik azaleratu dute Nafarroako Gobernuak eta aldaketaren udalek. Lau urteotako aldaketa instituzionalak utzitako emaitzarik ukigarrienetako bat izan da akaso.

2015eko udan Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak akordio programatikoa izenpetu zutenean, agerian geratu zen memoria historikoak hartuko zuen garrantzia. Gobernuaren egituran bertan, lehen aldiz, Bake eta Bizikidetzaren zuzendaritza eratu zuten, eta legealdiaren bukaera aldera, iaz, Memoria Historikoaren institutuaren proiektua aurkeztu zuten.

Ez zen aurpegi aldaketa hutsa izan. Ordura arteko hutsunea estali nahirik, fusilatuen arrastoak berreskuratzeko lana bultzatu du gobernuak, Aranzadi zientzia elkartearen laguntzaz. Lau urteotan, 84 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte. Azkena, Anuen, Ezkabako presondegitik ihes egin zuten hiru lagunen arrastoak aurkituta. Hobien mapa bat osatuz joan dira, halaber.

Legealdi amaieran, apirilaren 1ean, ekitaldi berezia egin zen Iruñeko hilerrian. Aurreko bi urteetan Nafarroan lurpetik ateratako 46 biktimaren arrastoak modu duin batean hobiratu zituzten berriro, gerrako biktimen omenezko panteoian —46 horietatik 36 identifikatu gabe zeuden—.«Batzuek esaten dute ekitaldiok zauriak berriz irekitzen dituztela, baina egiazki zauriak ixten laguntzen dute», aldarrikatu zuen gobernuak. Alta, 80 urtez ezer egin ez izanaren ondorioz, lan handia dute egiteko. Senideetako asko hiltzen ari diren heinean, denboraren aurkako lasterketa bat da.

Era berean, 2013ko memoria historikoaren legea betez, ikur frankistak eta diktadurako agintarien izenak erakundeetatik eta kale izendegietatik kentzera behartu dute. Zeregin horretan, bi une gogoangarri nabarmendu dira. Batetik, Iruñeko Udalak Rodeznoko Kondea plazaren izena kendu eta Askatasunaren plaza izena jarri zion. Gainera, udalak altxamendua bultzatu eta babestu zuten Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneralen gorpuzkiak eta beste bost militarrenak atera zituen Erorien Monumentutik.

Bestetik, gobernuak kendu egin zuen Nafarroako armarria bere egoitza nagusitik. Fructuoso Orduna eskultoreak 1951n egin zuen armarria, eta gurutze ereinoztuna zuen, Espainiako armadaren saririk preziatuena —Francisco Franco diktadoreak 1937an eman zion Nafarroari, gerrara joandako boluntarioek kolpe militarrari emandako babesagatik—.Kasu guztiotan, eskuinak ozen egin zuen protesta, baina denborarekin isilduz joan ziren.

Iragan hurbileko memoria

UPNk eta PPk are jarrera gogorragoa erabili dute frankismo amaierako eta ondorengo biktimekin. Alderdi popularrak auzitegira eraman zuen 2015eko motibazio politikoko biktimen legea, eta iragan udan Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen haren eduki nagusia. Biktima horiei aitortza eman asmoz, laukoak oreka zail bati eutsi nahi izan dio, eta otsailean lege berri bat onartu zuen: batetik, Konstituzionalak epaian ezarritako mugak onetsiz, eta, bestetik, biktima horietako batzuei aitortza instituzionala eman asmoz.

Auzitegiek bestelako balaztak ezarri dituzte. Memoriaren inguruko azterlanak sustatu asmoz, gobernuak lehiaketa publikoa antolatu zuen, eta 30.000 euroko laguntza adjudikatu zion EHUko ikerketa talde bati. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin bezala, tortura eta eskuin muturraren indarkeria ikertzea zuen helburu lanak, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen iazko urtarrilean.

Dena den, bestelako pausoak eman dituzte. Adibidez, Foro Sozialarekin batera, 2016ko azaroan ETAren biktima batzuk eta motibazio politikoko beste batzuk elkarrekin jardun zuten parlamentuan. Halaber, 2017ko apirilean, frankismotik hona tortura jasandako hainbat belaunalditako emakumeren lekukotzak entzun ziren. Sinbolismo handiko keinu txikiak, orain gutxi arte ezer egiten ez zen tokian: parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.