Udal eta foru hauteskundeak. Gizarte zerbitzuak. Zaintza sistema

Egiteko eran dago aldea

Nabarmenduta daude bozetarako proposamenetan babesgabeen eta mendekoen zaintza bermatze aldera gizarte zerbitzuak sendotzeko asmoak; zerbitzu hori emateko ereduei begira, berriz, hainbat ikuskera ageri dira.

Bizkaiko zahar etxeetako langileak, grebaldia eten berritan. L.JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ozenduta daude zaintzarekin lotutako sektoreetako langileen aldarriak. Oraintxe, esaterako, Gipuzkoako zahar etxeetako borroka dago bor-bor. 60 greba egun baino gehiago eginak dituzte langileek lan itun «duin» baten eske, baina auziak ez du konpontzeko tankerarik. Izan da legealdi honetan bertan antzeko beste gatazka bat;2016ko apirilean Bizkaiko zahar etxeetako beharginek hasi zuten protesta. Eta ez zen samurra izan: 370 greba egun egin behar izan zituzten itun bat lortzeko. Badira sektorean kexu gehiago. Etxez etxeko langileak ere, adibidez, lan baldintza hobeen eske ari dira hiru herrialdeetan. Bizkaian, kasurako, mobilizatuta daude asteotan. Zaharrentzako zerbitzuetan bakarrik ez: gizarte zerbitzuetan ari diren sektore guztietan gatazkak ia «iraunkorrak» direla diote sindikatuek. ELAko kide Idoia Elustondoren arabera, zerbitzu horiek egituratzen dituen «eredua» da gatazka horien sorburua. «Izan ere, zerbitzu publikoak dira, baina enpresa pribatuen esku uzten dituzte». LAB sindikatuko ordezkari Oscar del Buei bat dator kritika horretan: «Ez da kudeaketa arazo bat: eredua da arazoa».

Presente dago gaia alderdiek bozetarako egin dituzten proposamenetan. EAJk udal eta foru hauteskundeetarako ondu duen Euskadi bat eginik agirian, esaterako, propio aipatzen da edadekoen arta. Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzara begira, herrialdeka «orekatutako» zentroen sare bat eskaini behar dela gogorarazi du, eta horien «unibertsaltasuna» bermatu behar dela: «Pertsonen gaitasun ekonomikoak ez du eraginik izan behar». Berririk ez da horretan; egun ere zerbitzu horien berrordainketa izaten da egoiliar bakoitzaren ahalmenaren araberakoa. Zentro horien funtzionamenduaren muinean dagoen «ereduari» begira ere, berritasunik ez EAJren asmoetan. Gizarte zerbitzuen sistemak «erantzukizun publikoa» izan behar du, baina laguntza eta zerbitzuek «titulartasun publikokoak eta titulartasun itunpeko pribatukoak» izan behar dute. Sistema hori «indartzera» egin nahi du heldu den legealdian ere. Antzeko asmoak, PSE-EEren agirietan. Gipuzkoako erakundeetara so atondutako liburu zurian —Aukera ederra izena du— esan du adineko pertsonen arreta egokirako kontuan hartu behar direla «sektore publiko-pribatuaren arteko elkarlanerako formula onenak».

EH Bilduk Herri duina izeneko herri programan ondorioztatu du adinekoen zaintzan «gabezia handiak» dituztela egun aplikatzen diren politika publikoek. Horiek horrela, hainbat neurri proposatu ditu adinekoentzako «bizi baldintza duinak» bermatzeko, eta pertsonen beharretara egokitutako «laguntza eta zainketa politikak» ezartzeko. Ekintza zehatzak ageri dira, halaber, zerbitzu publikoei buruzko atalean. Esate baterako, aldundiarekin kontratazioa publikoa egiten duten enpresetan 1.200 euroko gutxieneko soldata ipintzea proposatu du, zerbitzu «pribatizatuak» berreskuratzea, eta egun azpikontratatuta dauden horietan lan baldintzak hobetzea. Antzeko asmoak ditu Elkarrekin Podemosek ere: «Zerbitzuen kanpo kontratazioa murriztea, eta haien zuzeneko kudeaketa publikoa berreskuratzea». Etxez etxeko laguntza zerbitzua ere «indartu» behar dela nabarmendu du EH Bilduk.

Zaintzarako orduak

Zaintzaileen lan baldintzak hobetzeko neurriez gain, «ratioak» ere aldarrietarako motibo dira sektorean. Langile bakoitzak artatu beharreko pertsona kopurua zehazten dute ratioek, eta, langileen aburuz, egun handiegiak dira. ELA sindikatuak egin duen ikerlan baten arabera, zahar etxeetako langile bakoitzak gehienera ordu eta erdi izaten du egoiliar bakoitza artatzeko, eta kanpaina bat abian dute zaintza zuzen hori indartzeko. Denbora ratio horiek hobetu beharra nabarmendu du EH Bilduk ere: «handitu» egin behar dira. Baliabideak «gizarte zerbitzuen zorroak ezartzen dituen ratioen gainetik» sendotzea proposatu du Elkarrekin Podemosek ere.

Kanpainaren harira egin dituzten agerraldietan, jarrera aldaketarik ez dute azaldu ordezkari politikoek. Markel Olano ahaldun nagusia, esaterako, Gipuzkoako zahar etxeetako gatazka hizpide, orain arteko jarreran irmotuta azaldu da: konponbideak sindikatuen eta enpresen arteko «elkarrizketetatik» etorri behar duela esan du, eta aldundiak esku hartzeko asmorik ez duela. Areago, Gipuzkoako zahar etxeetako langileen lan baldintzak, inguruko herrialde eta erkidegoetakoekin alderatuta, goitik daudela erantsi du. EH Bilduko ahaldun nagusirako hautagai Juan Karlos Izagirrek, berriz, jarrera hori gaitzetsi du: «Aldundiak esku hartu behar du auzian, eta askoz ere diru gehiago jarri». Podemosek ere jarrera hori bera defendatu du: bere programan agerian utzi du ezinbestekoa dela foru erakundeak halakoetan «inplikatzea».

«Ezkutuko» ekonomia

Sektorearen prekaritatearen ondorioz, etxeko langileen sektorea «handitzen» ari dela ohartarazi izan dute sindikatuek. Langile horiek, kasurik onenetan, lan erregimen aparteko batean aritzen dira —oinarrizko lan eskubide batzuk gabe—, eta beste askotan kontraturik gabe; beraz, aski babesgabe. Horri buruzko aipamenak badira hauteskundeetarako proposamenetan. PSE-EErenean, kasurako. Menpekoen zaintzan ari diren langileen «ezkutuko ekonomia» saihesteko formulak bilatu behar direla adierazi du eta langile horien «profesionalizazioa» eta «prestakuntza» sustatzera egin behar dela. Kezka orokorra da. Alor horretan, adibidez, bide urratzailea izan da Gipuzkoako Diputazioa igaro urteotan: arloan ari diren langileen prestakuntza bermatze aldera neurriak hartu ditu, eta mendekotasun kasuetan ematen diren laguntzen bidez familiek profesionalak kontratatzea sustatu du. Gainerako diputazioak ere jeltzaleen esku egon dira, baina bestela jardun dute; mendekoak etxe barruan zaintzeko laguntzak lehenetsi dituzte. EH Bilduk Gipuzkoan urratutako bidean jarraitu nahi du aurrera: hain justu, laguntza pertsonalerako prestazioa «lehenestea» nahi du.

Arazoon muinean «zaintza» ulertzeko era dagoela esan du Elustondok: «Orain arte emakumeen esplotazioan oinarritu da». Orain lan merkatuan ari dira andre zaintzaileak, baina nahi baino apalago. «%30eko soldata arrakala dute». Horregatik, funtsean, «eredua» aldatzera egin behar dela uste dute langileen ordezkariek, sustraietara: «Izan ere, egun dugun eredua politikariek patronalarekin ebatzitakoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.