Suizidioa. Jaurlaritzaren estrategia

Suizidioen «tabua» hausteko

Eusko Jaurlaritzak estrategia bat onartu du suizidioei aurre egiteko. Plazara atera nahi du gaia, prebentzioa handitzeko. Arriskua sumatzean, historia klinikoan sartuko dute
CC0

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko ekainak 4
Errepideko istripuetan baino jende gehiago hiltzen da bere buruaz beste eginda. Euskal Herrian, urtean 300 bat lagunek hiltzen dute beren burua. «Osasun arazo handia» da suizidioa, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi duenez. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere lehentasunezko arloen artean jarri du. Suizidioei aurre egiteko estrategia bat taxutu dute hainbat adituk, Jaurlaritzaren enkarguz. Oinarri nagusi gisa, helburua da suizidioaren inguruan gaur egun dagoen «tabua» apurtzea, gaia plazara ekartzea, eta horrekin batera prebentzio neurriak hartzea. Besteak beste, Osakidetzak historia klinikoan txertatuko du suizidio arriskuari buruzko kode bat.

Bere buruaz beste egindakoen kopurua ez da jaitsi urteotan; areago, datuak ematen dituztenetik jasotako handienetakoak dira azken urteetako zenbakiak: astean ia sei lagunek egiten dute beren buruaz beste Euskal Herrian. Aldea dago sexuari dagokionez: lau suizidiotik hiru gizonenak dira. Herrialdeka ere badaude aldeak: suizidio tasa handiagoa ageri da Ipar Euskal Herrian —herrialdekako daturik ez da han, eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduari dagozkio zenbakiak—. Kontuan izatekoa da zenbaki horietan hildakoak daudela sartuta, ez saiatu eta lortu ez dutenak.

Zenbakiek mahai gainean jartzen dute arazoaren larritasuna. Hain justu, duela urtebete aditu batzorde bat osatu zuen Jaurlaritzak. Orain arte ez zuen suizidioen aurkako estrategia zehatzik, nahiz eta baziren neurriak han-hemen. Nafarroako Gobernuak buru osasuneko estrategiaren barruan sartua du suizidioen auzia —besteak beste, telefono bidezko jarraipena egiten diete beren buruaz beste egiten saiatu direnei—, eta Espainiako Gobernuak oraintsu iragarri du osasun arloko lehentasunen artean duela gai hori.



Jaurlaritzak osatutako batzordean neurri ugari proposatu dituzte suizidioen «tabua» hausteko eta prebentziorako. Hona aurkeztutako proposamen nagusiak:

ZAINTZA EPIDEMIOLOGIKOA

Suizidioei buruzko jarraipena eta ikerketa egiteko baliabideak jarriko dituzte martxan. Suizidioaren Behatokia sortuko dute, eta haren ardura izango da ikerketak egitea eta neurriak proposatzea. Ikerketaren esparruan, suizidioen erregistro bat sortuko dute, orain baino datu gehiago jasoko dituena —besteak beste, hildakoaren lanbidea—; horrekin batera, kasu jakin batzuetan «autopsia psikologikoak» ere egingo dituzte.

Ikerketetan, hildakoak ez ezik, kontuan hartuko dituzte beren buruaz beste egiten saiatu eta lortu ez dutenak. Osasun zerbitzuetan halako kasuak artatzen dituztenean bilduko dute informazioa.

KONTZIENTZIAZIOA

Suizidioaren «tabua» haustea da estrategiaren gakoetako bat. Eusko Jaurlaritzak iragarri du aldian-aldian suizidioari buruzko kanpainak egingo dituela: «estigma murriztea» izango dute helburu, eta «kontzientzia areagotzea». Uste dute herritarrek kontzientzia izatea giltzarri dela beren buruaz beste egiteko arriskuan dauden pertsonak identifikatzeko. Informazioaren arloan, Interneten egingo dute urrats bat: suizidioari buruzko webgune bat jarriko dute «informazio kontrastatua eta kalitatezkoa» zabaltzeko.

Komunikabideen esparrua ere giltzarritzat jo dute adituek. Maiz, joera izan da gaia isiltzea, suizidioaren berri ez ematea, gaia hizpide izatea arriskutsua zelakoan, bere buruaz beste egiteko asmotan zeudenak horretara bultzatzen zituelakoan. Jaurlaritzak kazetarientzako gida bat egingo du, horrelako kasuetan nola jokatu jakiteko. Uste dute «pedagogia» lana ere badaukatela hedabideek.

HILTZEKO BITARTEKOAK

Estatistika publikoen arabera, bi bide dira ohikoenak suizidio kasuetan: altuera batetik salto egitea eta lesioak eragitea —urkatzea, itotzea eta halakoak—. Aldaketak gertatzen ari dira azken urteetan, hala ere: handitzen ari da botikekin pozoituta hildakoen kopurua.

Bere buruaz beste egiteko moduen azterketa bat egingo dute: bai erabilitako bitartekoena, bai lekuena. Tokiei dagokienez, leku beroak identifikatuko dituzte, suizidio asko pilatzen diren lekuak. Hesiak eta halakoak jarriko dituzte. Bitartekoen esparruan, kontrola areagotu nahi dute hiru arlotan: botiketan, pestizidetan eta armetan. Armen kasuan, poliziak eta ehiztariak hartu dituzte bereziki kontuan, eskura dauzkatelako armak. Nahasmendu depresiboko kasuak antzematean armekin zer egin, protokolo bat abian jartzea proposatu dute.

Beste aldagai bat ere hartu dute aintzat: alkohola. Ohartarazi dute lotuta daudela alkohola eta portaera suizida. Alkohol kontsumoa murriztea ere aipatu dute, hortaz.

LARRIALDIAK

Suizidio ahaleginen kasuan nola jokatu, jarduteko protokolo bat sortuko dute larrialdi zerbitzuentzat. Prestakuntza emango diete osasun langileei, krisialdi suizidetan eta lehen laguntza psikologikoetan aritzeko. Horrekin batera, herritarrei laguntzeko zerbitzuak ere prestatuko dituzte suizidioen gaian esku hartzeko: haurrentzako telefonoan, indarkeria matxistari buruzkoan, Itxaropenaren Telefonoan eta era horretakoetan.

INGURU KOMUNITARIOA

Prebentzio lana osasun arlotik harago zabaltzea jarri dute helburu: ikastetxeetara, gizarte zerbitzuetara eta lan esparrura, besteak beste. Horietan guztietan prestakuntza emango dute suizidio arriskua identifikatzeko eta gaiari heltzeko. Hezkuntzaren arloan, esate baterako, jarduteko protokolo bateratu bat sortuko dute Hezkuntza eta Osasun sailek; gizarte zerbitzuei dagokienez, suizidio arriskuaren balorazioa aintzat hartuko dute historia soziosanitarioan; eta lan arloan, bere buruaz beste egiteko arriskua kontuan hartuko dute mediku azterketetan eta horrelakoetan 

FAMILIA

Suizidioak prebenitzeko bidean, giltzarri da familiaren rola. Helburu horrekin, aldagai hori txertatuko dute familia bitartekaritzako programetan, gurasotasun positiboa sustatzeko egitasmoetan eta andreei jaiotzen bueltan ematen dizkieten zerbitzuetan.

OSASUN ARLOA

Osakidetzak herritar bakoitzaren historia klinikoan sartuko du suizidio arriskuari buruzko kodea. Helburua da «pazienteen identifikazio eta jarraipen hobea» egitea, gutxieneko arreta irizpide batzuk finkatuta. Historia klinikoan sartuko dute bere buruaz beste egiteko arriskua ikusi dioten herritarra nola artatu duten, eta bermatuko dute kasu bakoitzari jarraipena egitea: laguntza ibilbideak zehaztuko dituzte, eta telefono zerbitzuan profesional bat izango da kasu bakoitzaren erreferentea.

Suizidio arriskuaren inguruan nola jokatu, gida batzuk kaleratuko ditu Jaurlaritzak: bai arriskuan dauden pazienteentzat eta haien hurbilekoentzat, bai osasun arloko profesionalentzat. Suizidioari buruzko informazioa jasoko dute gida horietan: arrisku faktoreak, alerta seinaleak eta krisialdietan erabili behar diren bitartekoak.

ONDORENA

Behin norbaitek bere buruaz beste egin duenean edo saiatu denean zer egin, berehala esku hartzeko protokolo bat taxutuko dute. Neurrien artean aipatu dituzte bizirik atera direnen elkarteak bultzatzea eta Osakidetzako zerbitzuetan propio tratatzea pertsona horiek —esaterako, dolua egin behar dutenei banako edo taldeko psikoterapia zerbitzua ezartzea—.

KOLEKTIBO KALTEBERAK

Ohartarazi dute bere buruaz beste egiteko arriskua handiagoa dela kolektibo jakin batzuetan, eta jarraipen berezia egin behar dela. Besteak beste, honako talde hauek aipatu dituzte: haurrak eta nerabeak, bereziki eskola jazarpena jasaten dutenak, eta sexu abusuak edo tratu txarrak pairatu dituztenak; indarkeriaren biktimak; zaharrak eta gaixotasun kroniko edo hilgarriak dituztenak; presoak; sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik diskriminazioa jasaten dutenak; eta etxegabeak. Ohartarazi dute laguntza lortzeko bidea erraztu egin behar zaiela horiei, dituzten «premia bereziak» aintzat izanik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: