Inflazioak %9,6rako jauzia egin du martxoan Hego Euskal Herrian

Azpiko inflazioak ere igoera handia izan du: %3,5era iritsi da. Erregaiak %37 garestiagoak izan ziren iazko martxoan baino, eta elikagaien prezioak, %6,8 handiagoak. %68ko igoera ezohiko izan dute etxebizitzetako ohiko gastuek

Inflazioak %9,6rako jauzia egin du martxoan Hego Euskal Herrian.
Irune Lasa - Joxerra Senar
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ohiko bizitza garestiagoa dela berrestera etorri da martxoko KPI kontsumo prezioen indizea. Inflazioa %9,6raino igo da Hego Euskal Herrian, bi digituetara iritsi gabe baina goranzko bidean bizi, otsaileko %7,5etik jauzi nabarmena eginda.

Datua espero izatekoa zen, INE Espainiako Estatistika Institutuak datu aurreratuan azaldu baitzuen herrialdeko inflazioa %9,8 izan zela. Datu hori berretsi egin zen atzo, eta inflazio datu handiekin daude beste herrialde garatu asko ere. Atzo bertan, Alemanian %7,3ko tasara iritsi ziren, azken ia 30 urteetan ikusitako inflaziorik handiena. AEBetan bertan ere %8,5eko inflazio tasa izan dute martxoan.

Ikusi gehiago:Argindarraren prezioarekin INEk egiten duen neurketa, oraindik eztabaidagai

Hego Euskal Herriko datu esanguratsuenen artean nabarmentzekoa da, besteak beste, azpiko inflazioarena, %3,5. Elaboratu gabeko elikagaiak eta energia gaiak —aldakorrenak izan ohi direnak— kanpoan uzten dituen inflazioaren halako datu bat ikusteko, 2003. urteko otsailera egin behar da atzera. Azpiko inflazioak erakusten du prezioen igoera beste sektoreetara hedatzen ari dela, eta egonkortzen.

Gerraren eragina

Ukrainako gerrak, nola ez, eragin zuzena du kontsumo gaien garestitze orokor horretan. Gas garestiaren ondoriozko argindar garestiak gorantz zekarren inflazioa, baina gerrarekin, adibidez petrolioa eta ondorioz erregaiak modu ikusgarrian garestitu dira: iaz baino %37 garestiago salerosi dira Hego Euskal Herrian.

Elikagaien salneurria ere nabarmen igo da iazko martxokoekin alderatuta, %6,8. Datu ikusgarrienetako bat, hori bai, etxebizitzako gastuen prezioan ikusi da (berokuntza, argia eta ura): gastu horiek %68,4 garestiago dira.

ETB1en elkarrizketa egin zioten atzo Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun kontseilariari, eta onartu zuen %10etik gertu den inflazioa «oso arazo handia» dela langileentzat, enpresentzat eta ekonomiarentzat oro har. Azaldu zuenez, energia kostuen eta lehengaien garestitzearen ondorioz igo dira %70 inguru kontsumo salneurriak, eta aldagai aldakorrago horiek kenduta geratzen den azpiko inflazioa kontrolatzea «zailagoa» da.

Gurpil zoroaren arriskua

«Kapaz bagara argindarraren eta gas naturalaren prezioa kontrolatzeko, inflazioaren parte handiena kontrolpean egongo da», azpimarratu zuen Azpiazuk. Dena den, gogorarazi zuen batik bat Europako Batasunaren esku dagoela gasaren salneurriarekin zer gertatuko den. Inflazioari dagokionez, EBZ Europako Banku Zentralak interes tasak igo ditzake, baina Azpiazuk gaineratu du hori neurrian egin beharko lukeela, kontsumoari eta inbertsioari kalte ez egiteko. Jaurlaritzak espero du bigarren seihilekotik aurrera beherantz egitea KPIak.

Sindikatuen eta enpresaburu elkarteen artean «akordio zabal bat» lortzera deitu zuen Azpiazuk, eta soldaten igoerari begira azpiko inflazioa erreferentzia gisa hartzeko eskatu. «Arazo handi bat da». Izan ere, haren ustez, KPIa erreferentzia gisa hartuz gero, baliteke prezioak are gehiago igotzeko gurpil zoroa sortzea, eta horrek kalte egingo lioke enpresen lehiakortasunari. Gaineratu zuenez, %4,5 inguruko azpiko inflazioa aintzat hartuta, langileek izan dezaketen 6,5 puntuko erosahalmen galera etorkizunean enpresek konpentsatu beharko lukete: «Esfortzua egin bada, esan nahi du gauzak onbideratzen direnean konpentsatu egin behar dela».

Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteorde lehenaren eta Ekonomia ministroaren arabera, egungo inflazioa «onartezina» da. Haatik, espero du behera egingo duela datozen hilabeteetan, erregaien prezioa 20 zentimo apaltzeko laguntzari, argindarraren gaineko zerga jaitsierari eta Europako Batasunarekin handizkako merkatuen inguruan egindako negoziazioei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.