Argindarraren prezioarekin INEk egiten duen neurketa, oraindik eztabaidagai

Espainiako estatistika institutuak soilik merkatu arautua hartzen du aintzat. Merkatu librea gehituta, Caixabanken ustez, inflazioa txikiagoa litzateke

Irune Lasa.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Eguneroko bizitzaren garestitzea behar bezala neurtzen du gaur egun KPIak? Eztabaida hor dago, eta galdera horren erantzunak beste hainbat aldagai baldintza ditzake. Izan ere, neurketa egokia ez bada, KPIa bezainbeste handitu behar lukete erretiro pentsioek, edota soldatek?

Ez da kasualitatea izango inflazioa errekorretan dabilenean sortu izana eztabaida. Are gehiago, inflazioarekin kezka handienabigarren itzuliko efektuekin dagoen honetan: inflazioak soldatak asko igotzea ekarriko ote duen, eta horrek, era berean, inflazioa are gehiago handituko duen.

Baina zergatik dago zalantzan INE Espainiako Estatistika Institutuak KPIarentzako egiten duen neurketa? Argindarraren prezioaren zenbaketa egitean hartzen dituen irizpideengatik. INEk soilik merkatu arautuko argindarraren prezioak hartzen ditu kontuan. Ez ditu merkatu libreko prezioak aintzat hartzen, eta Espainian, adibidez, merkatu horretan daude etxebizitzen %60 inguru.

Argindarraren prezioa bi merkatuetan igo da azken hilabete luzeetan, baina igoera askoz ere handiagoa izan da tarifa arautuetan, zuzenean lotuta daudelako handizkako merkatuko uneko prezioetara. Merkatu libreko kontratuetan prezioak egonkorragoak dira, eta haietan igoera ez da hainbestekoa izan

Horrek esan nahi du KPIa ez dagoela egoki neurtua? Caixabank Researchen ustez, argindarraren prezioak handitu egiten dira INEren emaitzetan.

Ezin dira Euskal Herriko datuak lortu, baina Espainiakoak erreferentzia izan daitezke: urtarril amaieran Caixabank Researchek bankuko bezeroen argindar fakturak oinarri hartuta egin zuen kalkuluaren arabera, INEk merkatu libreko prezioak ere kontuan hartu izan balitu, iazko abenduko Espainiako KPI orokorra %4,7koa izango zen. Ofiziala, berriz, %6,5ekoa izan zen. 2021eko batez besteko inflazioarekin ere ia puntu batekoa izango zen aldea: bi merkatuak kontutan hartuta, %2,2ko izango zen, Caixabank Researchen ustez; ofiziala, berriz, %3,1ekoa izan zen.

Otsailean, INEk berak ere aitortu zuen hobetu behar zuela datuen bilketa. Halako egokitzapenak aldiro egiten ditu estatistika institutuak, besteak beste saskitik gaiak atera edo sartuaz. Urteroko egokitzapenak daude, eta aldaketa sakonagoekin bost urtero egiten dituenak.

Hain zuzen, urtarril honetako KPIarekin ezarri zituen bost urteko berrikuspeneko aldaketak. Eta, Caixabanken ikerketari erantzunez, adierazi zuen asmoa zuela«argindarraren prezioen neurketaren estaldura handitzeko». Baina aldaketa hori ez zen garaiz iritsi: «INE eta sektoreko enpresak elkarlanean aritu dira merkatu librea adierazlearen kalkulura gehitzeko. Baina INEri emandako informazioak ez dauka oraindik gehikuntza hori beharrezko kalitate bermeekin egiteko adina zehaztasunik».

Madril eta Brusela, adi

Edonola ere, INE ez zegoen ados Caixabank Researchekin. Estatistika erakundearen ustez, argindarraren helbideratutako fakturetako zenbatekoez gain, kontsumo kopuruak, kontratu motak eta beste hainbat aldagai ere kontuan hartu behar dira, argitzeko, batez ere, fakturaren zein zati dagokien prezioen aldaketei eta zein zati kontsumoaren aldaketei. «Enpresek izandako harremanetan, hain zuzen, ondorio nagusiak bi horiek izan ziren: diru sarrerek ez dutela prezioen eboluzioa neurtzeko balio, eta bezeroen fakturek ez dutela inflazioa neurtzeko balio».

Hala ere, inflazioa gero eta handiagoa izanda Espainian, gobernua gero eta muturtuago dago INEren neurketarekin, eta Nadia Calviño Ekonomia ministroak berak esan du tarifa jakin batek (argindarraren tarifa arautuak) gehiegizko balioa duela KPIan. Nius diario egunkariak argitaratutakoaren arabera, Brusela ere adi dago gaiari, besteak beste ikusten duelako Espainian eta Portugalen inflazio tasetan aldea nabarmena dela —argindar merkatu bera dute—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.