Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Kanpainako estrategia maisua

Hauteskunde kanpainan ohikoa da promesak egitea eta konpromisoak hartzea. Estatus berriari eta erabakitzeko eskubideari lotutakoak hizpide izan zituzten atzo hautagai batzuek, eta nork bere jarrerari eutsi zion.

Iñigo Urkullu, igandean, Zaldiaran mendian egin zuen ekitaldian. J.R.B. / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Quintus Tullius Zizeronek Hauteskunde kanpainako eskuliburua idatzi zuen, Kristo aurreko 64.urtean. Hauteskundeetan arrakasta lortu eta Erroman kargu publiko bat lortu nahi zuten hautagaientzat taktika erabilgarri eta interesgarriak idatzi zituen bertan: hiri, herrixka eta auzo guztietara joatea eta pertsona garrantzitsuen laguna egitea gomendatu zien, eta etsaiekin nola jokatu azaldu zien. Hauteskundeetan porrotik ez jasotzeko, gainera, «estrategia maisua» praktikan jartzera animatzen zituen hautagaiak: «Mundu guztiari zin egin zure zerbitzuak, eta bete ditzakezunak baino konpromiso gehiago onartu». Promesak «airean» geratzen direla uste zuen Zizeronek, eta, beraz, ez zuen beharrezko ikusten hitzemandako guztia bete behar izatea.

Sarritan, hautagaiek hitzemandakoaren eta betetakoaren arteko harremana lausoa izaten da. Ahula. Hautagaiei eta alderdiei euren itxaropenak hobetzen eta botoak erakartzen laguntzen diete, baina oso gutxitan betetzen dira oso-osorik.

Egunotan, promesak eta konpromisoak ahotan hartu dituzte hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiek. Orain arte, koronabirusak eragindako krisialdi ekonomiko eta soziala izan da kanpainaren ardatz nagusia, eta alderdiek horiei buruzko promesekin bete dituzte hauteskunde ekitaldiak. Joan den legealdian agenda politikoaren erdigunean izan zen estatus berriari buruzko eztabaidari, ordea, apenas eskaini dioten tarterik.

EH Bilduk izan ezik, gainerako alderdiek zokoratuta izan dute gaia euren agerraldi publikoetan. Erabakitzeko eskubidearen defentsan argi eta garbi agertu zen kanpainaren hasieratik koalizio subiranista, eta gai horretan «emandako hitza ez betetzea» leporatu zion Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari, gogoratuta ia hamarkada bat daramala herri kontsulta bat hitzematen, baina oraino ez duela bere konpromisoa bete. Izan ere, 2012ko Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainan Urkulluk ziurtatu zuen autogobernuari buruzko kontsulta 2015ean egingo zuela. Joan den legealdirako agindu zuen gero.

Kanpaina hasi zenetik, gai horri buruz hitz egiteari izkin egin dio Urkulluk. Igandean, gainetik aipatu zuen Zaldiaran mendian (Araba) egin zuen ekitaldi sinbolikoan. Bertan esan zuen datozen lau urteetako «gailur nagusiak» enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua direla. Atzo, berriz, estatu ereduaren gaiari heldu zion, Ajebask enpresari gazteen elkarteko kideekin izandako topaketa batean. Gaiaz galdetuta, EAJko lehendakarigaiak argi esan zuen ez duela babesten independentziarako aldebakarreko bidea, eta «autogobernu zabalago» baten aldekoa dela. Hortaz, enpresaburu gazteei esan zien «beldurrik» ez dutela zertan izan karguan jarraitzen badu. Haren ustez, gainera, «zaharkituta» dago autogobernua independentziarekin lotzea.

Ez da berria Urkulluk estatus berriaren inguruan duen ikuspegia, azken urteotan sarritan defendatu baitu aldebiko harremana bermatuko duen eredu berri bat estatuarekin. Urkulluk kanpainan ez du esan, baina EAJk hauteskunde programan konpromisoa hartua du estatus berriaren testu artikulatuak nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea ere jaso ditzan, bai eta proiektu politiko berriaz herritarrei galdetzeko ere.

«Denentzat, eta inorena ez»

Jakina da sozialistek ez dutela bat egiten gobernuko bazkideen planteamenduarekin, eta diferentzia horiek azaleratu zituen atzo Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak. Mendiak ohartarazi zuen ez duela babestuko erabakitzeko eskubidea jasoko duen estatutu berririk: «Nire alderdiak ez du bat egiten erabakitzeko eskubidearekin, ez du bat egiten lehen eta bigarren mailako euskal herritarrak sailkatzearekin». Mendiak gogora ekarri zuen autogobernuan sozialisten konpromisoa zein den: «Ezberdinen arteko babesa» duen estatutu bat nahi dutela esan zuen, «denentzat balio duena, baina inorena ez dena». Igandean, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak lagunduta aritu zen Mendia Bilbon, eta biek ala biek bide beretik bidali zituzten mezuak:«Hausturarik gabeko» autogobernuarekin engaiatu zen Mendia, eta bide «transbertsalarekin» Sanchez.

EH Bilduren aldeko botoak erabakitzeko eskubidearen aldeko botoak direla esaten ari da Maddalen Iriarte koalizioko lehendakarigaia kanpainan. Atzo, ideia horretan indarra jarri zuen Errenterian (Gipuzkoa) egindako ekitaldi nagusian. Haren esanetan, Urkulluk eta Mendiak «erabakitzeko eskubidearen aurkako koalizioa» osatzen dute, eta, beraz, «boto subiranista» bakarra EH Bildurena da.

Elkarrekin Podemosek, berriz, ez du kanpainako lehentasunen artean jarri erabakitzeko eskubidea. Koalizioak Bilbon egin zuen atzo ekitaldi nagusia, eta bertan Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak autogobernu handiagoa eskatu zuen: «Gehiengo sozialaren mesedetan jarri nahi dugu autogobernua». Nazio errealitate guztiek tokia izango duten estatu eredua aldarrikatu zuen, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.