gotzon hermosilla
Luizia Zaldibarren. ANALISIA

Otsoa non aipa

2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

Joan den ostegunean, Zaldibarrerako, Ermurako eta Eibarrerako emandako aholku prebentiboak bertan behera utzi zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Bi arrazoi eman zituzten horretarako: dioxina eta furano mailak modu esanguratsuan egin du behera, eta sutea —dioxinen isuriaren iturri nagusia— amatatua zegoenez, pentsatzekoa zen egoera bere onera itzultzen ari zela.

 

Prentsaurrekora agertutako kazetariok nahikoa harriturik gelditu ginen neurketen emaitzak jakinarazi zituztenean: neurketa egindako azken egunean, otsailaren 16an, Ermuko Sallabente auzoan dioxina kopurua ez zen aholku prebentibo horiek eman zituztenean baino apalagoa. 730 femtogramo neurtu zituzten metro kubiko bakoitzeko, eta otsailaren 9an, berriz —egun hartako datua izan zen Osasun Saileko arduradunak neurri prebentiboak hartzera eraman zituena—, 719 neurtu zituzten. Bezperan, otsailaren 15ean, 1.237 izan zen kopurua.

Horretaz galdetuta, azalpenak eman zituzten Osasun Sailekoek: aurrekoan emandako aholkuak «prebentiboak» ziren, baina inoiz ez da benetako arriskurik egon, dioxinak kaltegarriak direlako soilki haiekin oso denbora luzean kontaktuan egonez gero; Eibarren eta Zaldibarko Eitzaga auzoan egindako neurketek askoz emaitza hobeak izan zituzten —bide batez, egon da zalantzan jarri duenik Eibarko neurketa herriko plazan egitea egokiena ote den, goiko auzoetako batean egin beharrean—, eta sutea itzalita egoteak arrazoiak ematen zituen pentsatzeko hurrengo egunetako datuak hobeak izango zirela.

Beharbada, arrazoia izango dute Osasun Saileko arduradunek, dagoen dioxina maila ez da herritarrek uste duten bezain kaltegarria, eta zuhurregi jokatu zuten alerta jo zutenean. Baina Osasun Sailak berak ezarri zuen langa, 719 femtogramoko maila batekin leihoak ahalik eta gutxiena zabaltzeko eta kirolik ez egiteko aholkatu zuenean. Orain, guztiz logikoa da herritarrak aztoratuta egotea, ikusita aholkuak bertan behera gelditu direla, azken neurketaren emaitza 730 femtogramo izanik.

Sutea berriro pizteko aukeraz, Osasun sailburuorde Iñaki Berraondok esan zuen ez zutela hipotesi hori aintzat hartzen, eta gertatuko balitz ere, askoz errazagoa litzatekeela hori amatatzea, hara iristeko bideak ireki dituztelako eta azkar asko itzaliko zutelako.

Otsoa non aipa, han gerta. Berraondok hitz horiek esan eta ordu gutxira, berriro piztu zen zabortegiko sua. Sailburuordeak kontuan hartu ez zuen xehetasun batekin: sutea gauez piztu zen, eta, hortaz, makinei ezinezkoa izan zitzaien hara iristea itzali ahal izateko. Egunsentiarekin hasi ziren lanean, eta, orotara, 17 ordu igaro ziren erabat amatatu arte. Pizturik egon zen bitartean, gomendio horiek berriro jarri zituzten indarrean Sallabenterako.

Onartu behar da ez dela erraza izan behar horrelako egoera bat kudeatzea. Sailak badu desabantaila handi bat: dioxina eta furano mailari dagokionez, ezin ditu unean uneko datuak erabili, neurketa egiten denetik emaitzak ezagutzen diren arte lauzpabost egun igaro behar direlako.

Datorren astean, datuak berriro jakingo dira: seguru asko, otsailaren 20ra artekoak onak izango dira, eta atzokoak, aldiz, ez hain onak. Baina berandu izango da, orduan beste egoera batean egongo garelako. Horrek zaildu egiten du erabakiak hartzeko prozedura, eta inprobisatzen ari direlako ustea areagotzen, arrazoiz edo arrazoi gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.