Trafiko eskumena atzeratzeko arrazoiak argitzeko exijitu dute

Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
«Gardentasuna». Hori eskatu zion atzo Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikako ministroari, Diputatuen Kongresuan. Izan ere, Nafarroak 2021eko abenduaren 31n eskuratu behar zuen trafiko eskumena, baina atzeratu egin zuten, «arrazoi teknikoak» direla eta. Hori horrela, Pozuetak eskatu zion Espainiako Gobernuari «ausarta» izateko eta «emandako hitza betetzeko».

Diputatuak adierazi zuenez, urteak daramatzate egoera horretan. Izan ere, 2018ko urrian Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agindu zion Uxue Barkos orduko lehendakariari Madrilek trafiko eskumena transferituko ziola. Orain, ordea, 2025ean espero dute akordioa izenpetzea. Pozuetaren arabera, transferentzia ez da herritarrentzako «opari» bat: «Gure eskubideak dira. Errespetatu eta bete beharreko eskubideak», hain zuzen.

Rodriguezek, berriz, azaldu zuen transferentzia hori «konplexua» dela, besteak beste, gai teknikoak, operatiboak eta aurrekontuari buruzkoak daudelako horren barruan. Horrekin batera, zera nabarmendu zuen: «Borondate politikoa existitzen bada, transferentzia egongo da».

Pozuetak, gainera, atzerapena justifikatzeko bi hipotesi planteatu zituen. Batetik, uste du Madrilen asmoa izan daitekeela Nafarroak bere gain har ditzala trafikoko Guardia Zibileko langileen kostuak, transferentzia osoa gauzatu arte. Bestetik, Barne Ministerioan Guardia Zibilak eragindako barne presioak egon daitezkeela uste du, eta horiek galarazi egiten dutela transferentzia sinatzea. Izan ere, Nafarroan 1.500 guardia zibil inguru daude, eta horietatik 190 bat arduratzen dira trafikoaz.

Ministroak, ordea, gezurtatu egin zituen diputatuaren hipotesiak: «Transferentzia atzeratu egin zen beste transferentzia bat aurreratu genuelako, gutxieneko bizi sarrerarena».

AHTa eta 'euskal Y'-a

Trafiko eskumenaz gain, AHT abiadura handiko trena eta A-15 autobidea ere izan zituzten hizpide Diputatuen Kongresuan.

Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak adierazi zuenez, Nafarroako AHTaren eta euskal Y-aren arteko lotura eztabaidatuko dute Madrilek eta Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako kontseilariek, uda baino lehen. Jakinarazi zuenez, A-15 autobideari dagozkion estatuko errepide sareko trazadurak ere konpondu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.