Eutanasia

Hurbil, baina blokeatuta

Espainiako Kongresuan hainbat testu izan dira aztergai legealdian: eutanasia zigorgabetzea izan dute helburu, eta araubideetan zedarritzea. PSOErena dago tartean. PPk bakartuta zirudien kontrako jarreran; bozek zer eserleku banaketa uzten duten ikusi beharko da orain.

Eutanasia arautzearen aldeko mobilizazioa, Kongresuko atarian. J. J. GUILLEN / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Testigantza hau grabatuko dugu, oso garrantzitsua baita, jasota gera dadin zure nahia: suizidioa». Maria Jose Carrasco emazteari esan zizkion hitzok Angel Hernandezek, manta bat atontzen zion bitartean, apirilaren 2an, Madrilen, euren etxean. Esklerosi anizkoitza zuen andreak, eta hilabeteak zeramatzan min handiz eta mugikortasuna galduta; kostata hitz egiten zuen, baina argi erantzun zuen baietz senarrak galdetu zionean: «Zeure buruaz beste egiteko ideiarekin aurrera jarraitu nahi duzu?». Biharamunean gauzatu zuten, kamera baten aurrean. «Nire eskuak utziko dizkizut», esan zion gizonak, eta pentobarbital sodikoa zeukan ur edalontzi bat hurbildu zion emakumeari. Handik minutu gutxira hil zen Carrasco, eta polizia etxean bere burua entregatu zuen Hernandezek, bideoak eskuan. Aske geratu zen, karguekin: suizidio batean laguntzea leporatu diote; bi eta hamar urte arteko espetxe zigorra jaso dezake.

Eutanasiari buruzko eztabaida berpiztu egin zuen urte hasieran Portugaleteko (Bizkaia) Tellaetxea sendiaren eskaerak —martxoan zendu zen ama, ospitalean—. Ozendu egin du Larraitz Chamorrok ere; esklerosi anizkoitza duen andre bat da, Gipuzkoakoa, eta asteotan lehendik ere eutanasia eskatuz egindako aldarria berritu du. Carrascoren suizidioak, Espainiako Gorteetarako bozen atarian, lehen lerroan jarri du gaia, baina presente daramatza hainbat hilabete; izan ere, auzia legeztatzeko aukerak zein oztopoak izan ditu legealdiak. Iazko ekainetik eutanasia arautzeko lege proposamen bat dute Kongresuko alderdi politikoek mahai gainean. PSOEk aurkeztu zuen, eta PPk ez beste talde parlamentarioek onartu zuten tramiterako. Baina urrats gutxi egin ditu: Pablo Casadoren alderdiaren osoko zuzenketa atzera bota zuten urrian. Pedro Sanchez gobernuko presidenteak salatu du PPk eta Ciudadanosek ordutik blokeatua dutela egitasmoa, hemeretzi aldiz geldiarazi dutela.

Ez da legegintzaldian izandako proposamen bakarra, halere. Sozialisten testua Kongresuan erregistratu eta egun gutxira, halaber, Kataluniako Parlamentutik beste lege proposamen bat ere iritsi zen, eutanasia zigor kodetik kentzeko eskatuz. Horrez gain, Ciudadanosen ekimenez, heriotza duinaren inguruko lege bat onartu zuen Kongresuak 2017an —Senatuaren argi berdearen zain dago—, zaintza aringarriak bermatzeko asmoz. Eutanasiaz hitz egiten hasteko aurretiazko urrats gisara aurkeztu zuen Albert Riveraren alderdiak. Unidos Podemos ahalegindu zen zuzenketa bidez gaia txertatzen; atzera bota zioten, ordea. Aurrez ere, testu bat aurkeztu zuen koalizioak 2017an, bidea egitea lortu ez zuena.

Heriotza duinaren alde diharduten eragileek, oro har, begi onez ikusi dute sozialistenproposamena. Funtsean, eritasun larri eta sendaezin baten edo desgaitasun handien ondorioz «sufrimendu psikiko eta fisiko jasanezinak» dituztenei hiltzen laguntzeko prozedura arautzen du. Neurriak sostenguzabala lukeela esan izan du Maria Luisa Carcedo Osasun ministroak: «Hamar pertsonatik zortzi erregulazioaren alde daude; politikarien lana da horri erantzutea».

Legea onartzeko bidean egon daiteke. Badago horretarako modua: talde gehienek jaso dute eutanasia arautzea programetan. Propio aipatu dute PSOEk eta Unidas Podemosek, baita talde abertzaleek ere —tartean, EAJ—. Eskuinean dago desadostasuna: Ciudadanos alde dago, baina Voxek uste du bizitza defendatu behar dela «heriotza naturalera arte»; PPk ez du nahi zaintza aringarriez harago egiterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.