Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Espetxe politika. Atea ireki al da zerbait?

EAJk, Sortuk eta Foro Sozialak uste dute PSOEren gobernuak pauso gehiago eman behar zituela. PSEk iritzi dio ona dela Sanchezek presoen auzian egindakoa.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, iazko ekainaren 18an, Madrilen, TVEko elkarrizketan. JUANJO MARTIN / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Datuek diote: PSOEren gobernuak aurrerapauso batzuk egin ditu espetxe politikan. Baina galdera da: nahikoa egin du, ala gehiago egin zezakeen? Edo galdetu daiteke auzia konpontzen hasteko ireki ote duen atea zerbait. EAJk, Sortuk eta Foro Sozialak uste dute gehiago egin zezakeela; PSE-EEk ontzat jo du egindakoa. PSOE iazko ekainetik Moncloan denetik, nagusiki gertatutakoa da: 27 euskal presori eman diete bigarren gradua, eta lauri hirugarrengoa; lau preso Euskal Herriratu dituzte, eta beste 25 gerturatu —eta beste batena iragarria dute—; hiruk lortu dute irteera baimena; eta preso eri bat askatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta beste bati espetxe arindua ezarri dio.

Mikel Legarda EAJko diputatuaren esanetan, «ukaezina» da «norabide zuzenean» urratsak egin dituela Pedro Sanchez presidentearen gobernuak, baina uste du «berandu eta arrastaka» egin dituela. «Mugitzen lehenago hasi izan balitz, ziur pauso gehiago emango liratekeela. Huts egin du PSOEk, politika antiterroristarekin lotu izan duelako espetxe politika. Lotura hori lehenago hautsi behar zuen, eta legedia modu egokian ezarri». Oihana Garmendia Sortuko Euskal Presoen Aldeko Batzordeko kideak deritzo «oso mugimendu txikiak» izan direla eta «berandu» egin dituztela. «Motel doa prozesua. Adibidez, oraindik [EPPK-ko] presoen %79 lehen graduan daude, bakarra ekarri dute Euskal Herrira, eta beste hogeitaka lekualdatzeak presoekin adosteke egin dira. PSOE balaztari emanda ibili da; ausardia falta izan zaio».

Rafaela Romero PSE-EEko legebiltzarkideak dio «ona» dela Sanchezen gobernuaren balantzea. Haren iritziz, elkarbizitza lantzeko modurik onena legedia betetzea da. «Adibidez, presoak gerturatzea. Gobernua ari da horretan. Presoak senideengandik-eta ahal den gertuen badaude, horrek erraztu egingo du haien gizarteratzea, bigarren aukera bat izan dezaten. Gainera, presoentzat ere ona da hurbilketa, ikusiko dutelako euskal gizartea aldatu egin dela garai batetik hona».

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak esan du «gazi-gozoa» dela balorazioa. «Alde ona da ez gaudela lehengo egoeran, PPren aldikoan. Izan ere, salbuespen egoera gainditzeko oinarriak jartzen ari dira: preso gehienak ez daude bakartuta; gero eta gehiago daude bigarren graduan, eta horrek legediari jarraitzea ahalbidetu liezaieke; Espetxeetako Instituzioak ontzat ematen ari dira presoen pausoak; eta Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epailea poliki-poliki ari da neurri berriak hartzen. Balantzaren beste aldean jarri behar da irteera baimenik ez dutela eman kasik; kolektiboko bakarrari eman diotela hirugarren gradua, eta hura baino ez dutela Euskal Herriratu; gerturatze prozesua oso geldo doala; gaixotasun larriak dituztenen kasua ez dela mugitu ia...». Legardak erantsi du PSOEk Kongresuan ez zuela bozkatu presoen Frantziako kartzela urteak batzeko 7/2004 legea erreformatzearen alde. EAJko diputatuak azaldu du bere taldeak hainbat aldiz atera duela espetxe politikaren gaia Madrilen, baina gobernuak ez duela behar bezala jokatu.

Emandako hitzaz

Moncloara heldu eta berehala iragarri zuen Sanchezek «bestelako» politika bat egingo zutela euskal presoei zegokienez: ekainaren 18an, TVEko elkarrizketa batean. «Hitza betetzen ari da», adierazi du Romerok. «ETAren bukaeraren ondoren, kartzela arloa testuinguru politiko eta sozialera egokitu behar dela esan genuen. Bide bat ireki da». Garmendiak nabarmendu du egungo gobernuak dituela orain arteko «baldintzarik onenak» espetxe politika aldatzeko, baina PSOErena ETAren biktimen elkarte batzuek «baldintzatuta» ikusi du. «Erraza du: legedia bete», dio Sortuko kideak, eta «salbuespeneko» legeak deuseztatzeko ere eskatu du. Legardak ere esan du biktimek «presio» egin diotela Sanchezi, eta berriro dio gobernuak «lotu» egin dituela espetxe politika eta politika antiterrorista.

PSEko kideak deritzo «ona» dela gobernuak ETAren biktimekin harremana izatea, «baina ez akordioa lortzeko, haien parte hartzea izateko baizik». Halaber, Romeroren arabera, kontuan hartu behar da PSOEk 84 diputatu izan dituela eta hamar hilabete baino ez direla pasatu gobernua aldatu zenetik. «Egin zezakeena egin du. Banuen kezka ez zuela egingo, halako gai delikatu batean gauza batzuk aldatu egin behar zirelako, estatuko politika oso oldarkor dagoelako...».

Hernanek, dena dela, azaldu du Sanchezek balukeela gehiengo osoa Kongresuan neurri gehiago hartzeko, eta Foro Sozialeko eledunak erantsi du beste hiru «baldintza» betetzen direla gaur egun: «Gehiengo politiko eta soziala euskal gizartean; presoen jarrera legedian pausoak emateko; eta biktimen elkarteen adostasuna orain arteko urratsekiko eta Euskal Herriko biktima ez-antolatuen jarrera proaktiboa espetxe politika berri baten alde». Haren arabera, ETA desegin ostean, presoen afera ez da eremu jakin batena, «euskal gizartearena baizik», eta eskatzen dena da urrunketa amaitzeko, gradu progresioa, gaixoak kaleratzeko, zigorrak batzeko eta eskumenak emateko. «Bizikidetzarako ekarpen modura hartzen dira mugimendu horiek, baina PSOEren gobernua oso urrun agertu da eskema horretatik». Hernanek jakinarazi du «Sanchezen inguruko sektore politikoek» ere uste dutela «erritmoak azkarragoa» izan behar zuela.

Legardak faltan bota du ezker abertzaleak autokritika ez egitea ETAren giza eskubideen urraketez, «jakinda horrek espetxe politikaren aldaketan eragin zuzena izan dezakeela». Romerok dio ezker abertzaleak baduela «borondatea», baina «jauzia egiteko beldurra» duela. Ontzat jo du ETAren biktimekin egotea Etxerat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.