Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

PENTSIOAK. Heriotza, zergak eta pentsio erreformak

Espainiako Gorte berriek derrigorrean heldu beharko diote sistemaren moldaketari. Pentsiodunen beharrak sistemaren iraunkortasunarekin uztartzea lan zaila da.

Pentsiodunen azken manifestazioa, duela bi aste, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Mundu honetan ez dago ezer ziurra, heriotza eta zergak izan ezik». Hirugarren ziurtasun bat gehi dakioke erraz asko Benjamin Franklinen esaldi ospetsuari: Espainiako Gorteen XIII. legealdiak pentsio sistemaren erreforma bati ekin beharko dio. Lortuko ote duen, beste kontu bat da.

Pentsioen erreforma aurreko legealditik zintzilik geratu diren gai ekonomikoetako bat da, Hego Euskal Herrikoa ez beste autonomia erkidegoetako finantzaketarekin, Google tasarekin eta trantsizio energetikoarekin batera. Baina pentsioena bereziki garrantzitsua da, pentsiodunen etorkizuna ez ezik, kontu publikoena ere baldintzatuko duelako. Hau da, etorkizuneko pentsioak ordaintzeko hartuko diren erabakiek baldintzatu ahal dute zenbat diru dagoen beste gai batzuetarako —Estatuko aurrekontuetatik ordaintzen badira zenbait atal—, eta zer neurri hartu behar diren kontu publikoak orekatzeko.

Gaur egungo sistema defizitarioa da. Iaz, Espainiako Gizarte Segurantzak 17.088 milioi euroren defizita izan zuen, eta horren zatirik handiena izan zen pentsioak ordaintzeko. Enpleguaren sorreraren eskutik kotizazioetan bildutakoa %5,4 handitu arren, ia ez da aldaketarik izan defizitean: 2017tik 2018ra BPGaren %1,44tik %1,41era baizik ez da jaitsi. Arrazoia? Urtetik urtera handitzen ari delako erretiroan daudenen kopurua, baina baita batez besteko pentsioa ere.

2018ko abenduaren 31n 450.916 ari ziren kontribuzioaren menpeko erretiro pentsio bat jasotzen Hego Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 10.500 lagun gehiago (+%2,4). Abenduko pentsioen faktura, berriz, %5,7 handitu zen, 573 milioitik 606 milioira. Beste kopuru batzuetan: 2017 amaieran 1.303 eurokoa zen batez besteko erretiro pentsioa, eta 1.345 eurokoa joan den urtearen bukaeran. 2005arekin alderatuz gero, %106 handitu da erretiro pentsioetan gastatutakoa. Orduan 855 eurokoa zen batez besteko pentsioa,

Langabezia oraindik oso handia izateak eta 2014az geroztik sortu den enpleguaren zati handi bat soldata txikikoa izateak asko zailtzen du pentsioen ordainketa, kotizazio bitartez diru asko galtzea ekartzen baitu.

Erreserba funtsa

Eta diru sarrerak nahikoa handitzen ez badira, beste bi aukera daude defizita estaltzeko edo defizit onargarri bat lortzeko. Bata da dirua beste kutxa batzuetatik ateratzea; hau da, kotizazioetako dirua ez ezik, zergetakoa ere erabiltzea pentsioak ordaintzeko. Berez, azken urteetan hori gertatu da, ate txikitik izan bada ere. Mariano Rajoyren eta Pedro Sanchezen gobernuek ez dute guztiz hustu nahi izan pentsioen erreserba funtsa —5.000 milioi geratzen dira—, eta horren ordez aurrekontuen kontura egindako maileguekin pagatu dituzte pentsioen zati bat. Iaz 15.000 milioi ordaindu ziren horrela.

Defizitari aurre egiteko beste aukera da pentsioen zenbatekoa txikitzea, edo, behinik behin, oraingo erritmoan ez haztea. Azken erreforma guztiak bide horretatik joan dira. Horrela, erretiroaren adina 65 urtetik 67ra atzeratzeko prozesua martxan dago, eta 2027an da amaitzekoa. Era berean luzatzen ari da pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den epea, oro har, kotizazio urte gehiago aintzat hartzeak pentsioa txikitzen duelako.

2013ko azken erreformak, PPk bere boto hutsekin onartutakoak, pentsioen zenbatekoa beste bi faktorerekin lotu zuen: Gizarte Segurantzaren kontuetara eta bizi itxaropenera. Lehen faktorearen ondorioz, 2013-2017an pentsioak gutxieneko kopurua baizik ez ziren igo, %0,25 alegia, urte horietan guztietan defizita izan zuelako Gizarte Segurantzak. Sistema hori ez da azken bi urteetan aplikatu, iazko urtarrilean hasitako pentsiodunen protestak alderdi politikoak mugiarazi zituelako. EAJren botoen truke, 2018an eta 2019an KPIaren arabera igotzea onartu zuen Mariano Rajoyren gobernuak, eta sistema horri eutsi dio Pedro Sanchezenak.

Teorian indarrean dago sistema hori, eta 2020an berriro pentsioak %0,25eko igoerarekin eguneratzea ekar dezake. Praktikan, ordea, Toledoko Ituna deitutako Kongresuko batzordean talde politiko guztiek adostu zuten sistema hori aldatu behar dela, eta «KPIa oinarri hartuta» eguneratu behar direla pentsioak. Esaldi horrekin gauza desberdinak ulertzen dituzte: PSOEk eta haren ezkerrera daudenek inflazioaren araberako eguneratzea nahi dute; KPIa ez ezik, beste faktore batzuk ere kontuan hartzea nahi du PPk, patronalen babesarekin.

Toledoko Itunak akordiorik gabe amaitu zituen bere lanak otsailean, hauteskundeak aurreratzearen ondorioz. Horregatik, airean dago 2013ko erreformaren beste puntu nagusia: jasangarritasun faktorea izenekoa. Pentsioen kalkulua bizi itxaropenera lotzen du, eta 2023an da indarrean jarri beharrekoa. Hitz bitan, bizi itxaropena handitzen den heinean, gutxitu egingo da hilero erretiratuek jaso beharrekoa, bere pentsioan egindako gastu teorikoa ez handitzeko. PPk jasangarritasun faktoreari eutsi nahi dio; PSOEk, erreformatu, eta Unidas Podemosek, berriz, baliogabetu.

Alargunen pentsioak

Alargun pentsioekin ere zer gertatzen den erabaki beharko dute diputatuek. Octavio Granado Gizarte Segurantzako jarduneko Estatu idazkariak eztabaida handia sortu zuen duela aste batzuk, esan zuenean etorkizunean alargun pentsioak soilik jaso behar dituztela beste pentsiorik ez dutenek edo pentsio propioa txikia dutenek. Granado «ozen pentsatzen duen teknikaria» zela esanez isildu nahi izan zuen Magdalena Valerio Lan ministroak, baina eztabaida mahai gainean dago.

Hego Euskal Herrian alargun pentsioa jasotzen dutenen %26k badute beren pentsio propioa, baina kopuru horrek igo beharko luke hurrengo urteetan, etxetik kanpo lan egin duten emakumeek erretiroa hartu ahala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.