Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Eskola baino gehiago diren eskolak

Bertso eskola batzuek hausnarketa, egituratze eta zentralizatze prozesuak egin dituzte azken urteetan. Zarautzen, herriko bi bertso eskolak egitura bakarrean bildu dira aurten.
Uztaileko bertso musikatuen emanaldian aurkeztu zuten Zarauzko Motxian-Etxebeltz Bertsogunea.
Uztaileko bertso musikatuen emanaldian aurkeztu zuten Zarauzko Motxian-Etxebeltz Bertsogunea. AMAIA URBIETA ARRUTI Tamaina handiagoan ikusi

Hodei Iruretagoiena -

2021eko abuztuak 21

Bertsolari jaio egin behar zela uste zen garaitik, ideia horrekin hausteaz gain, zabalkunde eta garapen handia izan dute bertso eskolek. Azken urteetan, era guztietako talde, eskola eta elkarteak sartu izan dira izen horren pean. «Hasi astean behin bertsotarako elkartzen diren bertso eskola txikietatik, eta lekuan lekuko bertsozale elkarte txikietaraino», Bertsozale Elkarteko kide Eneritz Artetxeren hitzetan. Elkartetik bertatik kudeatzen dira asko, batez ere, Araban, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Badira asko, ordea, era autonomoan funtzionatzen dutenak. Haietako zenbaitek hausnarketa, egituratze eta zentralizatze prozesuak egin dituzte azken urteetan, bereziki Gipuzkoan; Zarautzen, esaterako, uda honetan aurkeztu dute Motxian Etxebeltz Bertsogunea.

«Bertso eskola hots egin izan diogu beti, baina bertsotan ikasteko lekua da hori. Guk bultzatzen ditugun egiturak hori baino gehiago dira», azaldu du Artetxek: «Elkartean garrantzitsua ikusten genuen bertso eskola batek ez betetzea ikasteko funtzio hori bakarrik, izan behar lukeelako tokiko bertso mugimenduaren eragile nagusi, edo behintzat, erreferente nagusi, lekuan-lekuan transmisioa eta sustapena egiteko». Tokiko talde eta eragile horien funtzioak bezala, bertso mugimendua aipatzean, asko baitira hura osatzen dutenak ere: antolatzaileak, irakasleak, bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak... Artetxe: «Entzule hutsak zergatik ez izan bertso eskola bateko kide?».

Lekuan leku, aldatzen dira barne hartzen duten lurralde eremua eta adin tartea, tamaina eta baliabideak. Badira azken urteetan eskualde mailako elkarte gisa egituratu direnak ere. Herri mailan izan arren, Zarauzko Motxian eta Etxebeltz bertso eskolek indarrak batzeko ariketa egin, eta egitura bakarrean antolatzeko prozesua egin dute aurten. Uztaileko Bertso Astean aurkeztu zuten Motxian-Etxebeltz Bertsogunea, eta omenaldi txiki bat ere egin zieten Etxebeltzen sortzaile Rosa Lertxundiri eta Pello Esnali.

«Bi jatorri ezberdinetatik zetozen bertso eskolak ziren», azaldu du Aitor Urbieta kideak: «Etxebeltz erabat ikastolari lotutako mugimendua izan da, 16 urte artekoentzat. Motxian, aldiz, herrian ezer egituraturik ez zegoela eta, gazte kuadrilla batek sortu zuen helduen bertso eskola modura: gelditu, kantatu, ondo pasatu, ekitaldiak antolatu...». Elkarte bakarrean bilduta, besteak beste, bi bertso eskolei «beste martxa bat» eman eta belaunaldien arteko zubia erraztea izan dute helburu.

Gaztetxoena, ikastolan kokatuta zegoena, udalaren lokal batean daukate orain, gainera: «Garai batean ez bezala, gaur egun, ikasleak beste eskola askotatik ere badatoz. Errealitatea aldatu da, eta zaletasun hori beste leku batzuetatik ere badator». Helduen bertso eskolan ere, talde bat baino gehiago aritu izan dira azken urteetan: «Elkarte berean antolatzeak elkar ezagutza bat edo hori errazago eramateko modu bat eman behar lukeela uste dugu. Hala nahi genuke behintzat».

Hazi, «gainezka» egin gabe

Zarautzen, borondatezko lanean oinarritu izan dira bertso eskolak, bai kudeaketan, bai irakaskuntzan. Gaur egun, gutxi dira irakasle gisa aritu eta ordainik jasotzen ez dutenak, eta badira kudeaketarako langileak soldatapean dituzten tokiko elkarteak ere. Albe Algortako Bertsolari Eskola, esaterako. Hura ere «lagun talde baten moduan, euskaltzaleak elkartzeko leku baten moduan» hasi zela kontatu du Jone Uriak, baina 1995 aldera elkarte bihurtzea erabaki zutela: «Hasiera batean, kudeaketa lana Joseba Santxok egingo zuen batez ere, eta momentu batean, lan gehiegi izango zuelako ziur aski, taldetxo bat hartu zuen. Haiei ere gainezka egin zien lanak, eta, gogoeta baten ostean, erabaki zen zuzendaritza bat sortzea eta kudeaketa lanetarako langile bat lortzea».

Gaur egun, gaztetxoen taldeak dituzte, heldu hasi berrienak, bat-batekoak, eta bertso saio ugari antolatzen dituzte urte osoan, asko, beste elkarte batzuekin eta udalekin elkarlanean. «Hasiera batean, nahi zuten guztiak etortzen ziren bertso eskolara, baina gainezka egiten zigun apur bat. Orain, saiatzen gara DBH3 arte eskolaz kanpoko jarduera gisa ematen hezkuntza arautuan, eta gero, Albera etorriko lirateke hortik aurrerako gaztetxoak».

Izenak bestelakorik iradoki dezakeen arren, bertsolari eta bertsozaleak biltzen ditu gaur egun Algortako Bertsolari Eskolak. 1980ko hamarkadatik Uribe Kostan bertsolaritzak eduki duen garapenaren isla izan daiteke hori ere. «Hautu kontziente bat izan zen. Hasieran, bertsozale eta euskaltzale asko elkartzen ziren, baina nahi bagenuen eskualdean bertsolaritza sustatu, bertako bertsolariak ere beharrezko ziren. Hortik etorri zen Bertsolari Eskola jartzearena». Gaur egun ere saioak antolatzea edo bestelako eragileei antolatzen laguntzea zeregin garrantzitsua dela dio Uriak: «Bertso eskolako gazteei plazak emateko, bertsolari ezberdinak ekartzeko... Horrek ere hezten du bertsozalea eskualdean».

Lekuan lekuko egoera eta bertso eskola bakoitzaren ahala asko aldatzen bada ere, borondatezko lana eta soldatapekoa uztartzea mugimendua hazteko gakoa izan dela uste du Artetxek: «Bertso mugimendua bizirik baldin badago, bada biak uztartzeko ahalegina egin delako, eta lan denak ez direlako utzi ez boluntarioen, ez langileen gain. Bestela aritzen gara bertso eskolako eta umeen taldeak sortu eta sortu, eta irakaslerik ez dugu izaten. Horrek ekarri du bertso eskolak asko haztea: bai ikasle gehiago edukitzea, bai beste seriotasun bat ematea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Ez dakit hau zerbaiten aurrekaria izango den; nahiko nuke»

Ane Eslava

Anarik kontraste handiko single batean bildu ditu bi kantu: Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor'-en bertsio bat, «himnotzat» duena, eta, 'Efemerideak, kontzertuetan jotzen duena baina grabatu gabea zuena'.
 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera
Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara
Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.