Albistea entzun

Abdulrazak Gurnah eleberrigileak irabazi du Literaturako Nobel saria

Tanzanian sortu arren, Ingalaterran bizi da egun, eta ingelesez argitaratu ditu bere lanak. Errefuxiatuen patua deskribatzeko era laudatu dio akademiak
Zanzibarren jaio zen Abdulrazak Gurnah, eta 60ko hamarkada amaieran heldu zen Ingalaterrara errefuxiatu, sorterriko bortizkeriatik ihesi.
Zanzibarren jaio zen Abdulrazak Gurnah, eta 60ko hamarkada amaieran heldu zen Ingalaterrara errefuxiatu, sorterriko bortizkeriatik ihesi. PALFEST Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko urriak 8

«Afrikar idazle bizi garrantzitsuena». Titulu horrekin lagundurik aurkeztu izan dute inoiz Erresuma Batuan Abdulrazak Gurnah eleberrigilea (Zanzibar, Tanzania, 1948). Publiko orokorraren radarretik erabat kanpo zegoen haren izena, ordea. Atzo arte. 1960ko hamarkadaren amaieran utzi zuen sorterria, herrialdearen independentzia aldarrikapenaren ondoren hasi ziren gutxiengo arabiarren aurkako erasoetatik ihesi, eta Ingalaterrara heldu zen errefuxiatu. Swahilia du ama hizkuntza, baina ingelesez idatzi eta eman ditu argitara bere hamar eleberriak eta narrazio bilduma batzuk, eta kolonialismoaren eta erbesteratuen bizimodua izan ditu ardatz nagusi literaturan. Paradise (1994) eta By the Sea (2004) dira haren lanik goratu eta itzulienetako bi. Goizean, hamabi lerro baino ez zituen haren biografiak ingelesezko Wikipedia entziklopedia librean, eta hiru gehiago irabazi zituen eguerdian, Nobel akademiak 2021eko Literaturako Nobela eman ziola jakinarazi bezain pronto. 900.000 euro pasa jasoko ditu horregatik, eta bor-bor dabil geroztik haren izena literaturazaleen ahotan, sarirako hautagai posibletzat aipatzen ziren hamaika izar ezagunagori gailenduta. «Kolonialismoaren ondorioak eta kulturen eta kontinenteen artean dabiltzan errefuxiatuen patua aurkezteko modu temati eta gupidatsuagatik».

Haren begirada «etsia eta soila» dela nabarmendu dute akademiako ordezkariek. «Etengabe egiten dio aurre konponketa errazak espero dituen irakurleari». Saria eman dion epaimahaiaren arabera, era berean, beti ahalegindu da izkin egiten kolonialismo aurreko Afrika «garbiago» haren nostalgiari. «Indiako ozeanoko askotariko kulturadun irla bat du jatorri, zeinaren historiaren parte baitira hala esklabo salerosketak nola hainbat indar kolonialen zapalkuntza ere —portugaldarrena, indiarrena, arabiarrena, alemaniarrena eta britainiarrena— eta baita mundu osoarekin lotzen duten merkatu harremanak ere».

Hain zuzen ere, Zanzibarren jaio zen idazlea, duela 73 urte, eta, Nigerian emandako ikasketa urteak kenduta, Ingalaterran egin du bizitzaren parterik handiena. Kenteko Unibertsitateko irakasle izan da, duela urte batzuk erretiroa hartu zuen arte. Han aurkeztu zuen doktore tesia, eta literatura poskoloniala izan da haren ikerketa esparrua akademian ere. Wole Soyinka, Ngugi wa Thiong'o eta Salman Rushdie izan ditu ikergai, besteak beste. 80ko hamarkadan hasi zen liburuak argitaratzen, 28 urterekin, eta, Nobel akademiako kideen hitzetan, une hartatik bertatik egin diote jarraipena. Literatur sorkuntzaz gainera, Afrikako literaturari buruzko hainbat saiakera ere eman ditu argitara, eta baita, besteak beste, V. S. Naipaul eta Zoe Wicomb idazleei buruzko artikuluak ere.

Idazketarako jauzia

Nobela jaso aurreko hainbat elkarrizketatan azaldu izan duenez, Gurnahek inoiz ez du idazle bokaziorik sentitu; gauza solteak idazten hasi, eta idatzitako txatal horiek ordenatzen hasteak bilakatu zuen idazle. «Ez naiz Virginia Woolf bezalakoa, 10 urterekin berak argi baitzuen idazle izan nahi zuela. Besterik gabe gauzak idazten hasi nintzen, jendeak egin ohi duen bezala, eta orri gehiago idazten nindoan, aurrez idatzitakoekin lotura zutenak, eta, hala, heldu nintzen neure buruari zera galdetu behar izateko puntura: 'Zer da hau? Zer egingo dut honekin?'. Eta hor ulertzen duzu, azkenean, zer alde dagoen gauzak idaztetik idaztera».

Geruzaka eta su txikian idazten duela azaldu izan du behin baino gehiagotan, eta batzuetan denbora luzea behar izaten duela buruan darabilena idazteko prest sentitu arte. «Ideiek denbora behar izaten dute ontzeko». Argitaratu baino hamar urte lehenago hasi zen Paradise idazten, esaterako, eta beste hiru nobela ere kaleratu zituen tarte horretan.

Sariak nazioarteko oihartzuna izaten du urtero, eta apustu etxeetan kinielak ere izaten dira, irabazlea asmatzeko. Badira, horregatik, aurten indar bereziz aipatu izan diren hautagaiak. Annie Ernaux, Anne Carson, Adonis, Haruki Murakami, Dubravka Ugresic, Ngugi wa Thiong'o, Margaret Atwood eta Jon Fosse izan dira hedabideek gehien haizatu dituzten izenetako batzuk. Betiere hautagaitza horiek guztiak espekulazio hutsak direla jakinik, akademiak gotor zaindu ohi baititu barne eztabaidak. Gurnah kazetari espezializatuen radarretik kanpo zen, halere.

Estibalitz Ezkerra Kaliforniako (AEB) Santa Barbara unibertsitateko literatura irakasle eta BERRIAko kolaboratzaile izandakoak 2018an eman zuen argitara Gurnahk idatzitako By the Sea eleberriari buruzko artikulua egunkari honetako igandetako literatura orrietan. Ezkerrak argi deskribatzen zuen orain Nobel akademiak idazlearen lanean laudatutako gaiak konplexu lantzeko gaitasuna. Eleberri horretan ere errefuxiatuen bizimodua da erdigunea. Eta pertsonaien bizitzetan presente daude herrialdetik ihes egin aurreko eta ondorengo bizitzak. Nahasian. Galdutako aberastasunak, errepresioak eta iraganeko etsaigoek bizirik jarraitzen baitute protagonistak Ingalaterrara heldutakoan ere.

Normaltasunerako itzulera izan da aurtengo saria akademiarentzat.

2018an bertan behera utzi zuten Literaturako Nobel saria. Sexu abusuen salaketek, eta konfidentzialtasun urraketen akusazioek dimisio soka luzea eragin zuten literatura batzordean, eta etena egitea erabaki zuten orduan. Bi saritu izan ziren, horregatik, hurrengo urteko ekitaldian. Olga Tokarczuk idazle poloniarrak jaso zuen 2018koa, eta Peter Handke idazle austriarrak 2019koa. Estatutuen eta hautaketa sistemaren erreforma bat jarri zuen abian akademiak orduan. Eta bi saridun zituen salbuespenezko argazkiaren ostean, Louis Gluck poeta estatubatuarra saritu zuten iaz. Pandemiagatik moldatu behar izan dituzte ekitaldiak, baina gainerakoan normal egingo duen bigarren urtea izango du aurtengoa akademiak. Bigarren urtez jarraian, izen ezagunagoen itzalean geratu den autore bat sarituta, gainera.

Afrikako bosgarren saritua

Zor historikoak ere baditu akademiak, halere. 1901ean saria sortu zenetik 115 egile saritu ditu guztira, eta haietariko hamabost dira emakumezkoak. Bestalde, Europa edo Ipar Amerikakoak dira saritutako idazleen %80, eta, gainerako hizkuntzekin alderatuz gero, gehiengo argia dira ingelesez idatzi duten idazleak. Hizkuntza gutxituetan idazten duten egile gutxi batzuk ere saritu dituzte inoiz, eta Frederic Mistral okzitaniarra da haien artean ezagunena.

Akademiak saritzen duen Afrikan jaiotako bosgarren egilea izango da Gurnah: Wole Soyinka nigeriarra, Naguib Mahfuz egiptoarra, eta Nadine Gordimer eta John Maxwell Coetzee hegoafrikarrak dira beste laurak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Erakusketaren aurkezpen ekitaldian Bilboko Guggenheim museoko ordezkariak eta komisarioak ©Monika del Valle/ Foku

Emakumezko artista abstraktuak bistaratu ditu Guggenheimek

Iñigo Astiz

Bilboko Guggenheim museoak emakumezko artistek abstrakzioaren historian izan duten lekua aldarrikatzen duen erakusketa zabaldu du: Emakumeak abstrakziogile. Guztira, 110 artistaren 400 obra baino gehiago bildu dituzte

Edgar Wrighten 'Last Night in Soho' filmeko irudi bat. ©Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Amirpour, Blomkamp, Wheatley eta Wright, Beldurrezko Zinemaren 32. Astean

Andoni Imaz

Zinemaldiaren egitarau osoa aurkeztu dute, eta abonuak bihar jarriko dituzte salgai. La cabina-ren emanaldi berezi bat egingo dute, eta ziklo bat antolatu dute Stanislaw Lem idazlearen lanetan oinarritutako filmekin.

Jon Baguesi emango dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria

Jon Baguesi emango dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria

Berria

Euskal musikaren ondarearen alde egindako lana aitortuko diote, haren berreskurapenean, aholkularitzan, zabalkundean eta sustapenean urte luzez garatutako jardun oparoa.

Alex Gurrutxaga, Txani Rodriguez eta Mikel Reparaz erdian, Javier de Isusi pantailan, eta Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Andoni Iturbe Kultura sailburuordea hegaletan, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Euskadi saria Alex Gurrutxagari, Leteri buruzko saiakeragatik

Javi West Larrañaga

'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' liburuagatik jaso du saria Gurrutxagak. Txani Rodriguez, Mikel Reparaz eta Javier de Isusi saritu dituzte gaztelerazko eta ilustrazioko arloetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.