Euskara: kaleko erabilera

Kaleko erabilera jaitsi egin da ezagutza %80tik gorakoa den eremuetan

Lagin osoa hartuta, mantendu egin da euskararen presentzia,Uemak eta Soziolinguistika Klusterrak eginiko ikerketaren arabera. Adinean gora egin ahala, behera egiten du euskararen erabilerak

Kaleko erabilera jaitsi egin da ezagutza %80tik gorakoa den eremuetan.
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Euskara airosoen dabilen eremuetan beherakada txiki bat izan da kaleko erabileran, baina horrek ez du aldatu argazki orokorra: azkenekoz neurtutako bera da herririk euskaldunenetan —ezagutza %60tik gorakoa dutenetan— kalean euskara darabiltenen proportzioa: %61,5. Gaztelaniazko elkarrizketetan apenas izan den aldaketarik: %0,1 igo da. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Soziolinguistika Klusterrak argitara eman dituzte 93 udalerritan egindako behaketaren emaitzak, Uemako 87 udalerritan —zortzitan ezin izan zuten egin, zenbait arazo tarteko— eta Uematik kanpoko Tolosaldeko beste seitan. Eskualde horretako datuak lortzeko, lankidetzan aritu dira Galtzaundi euskara elkartearekin. 2017an ere egin zuten ikerketa, baina orduan herri gutxiago behatu zituzten. Aldi hartan eta oraingoan ere berriro behatu diren udalerriak 74 izan dira, eta horietako datuen alderaketatik ondorioztatzen da orduko bera dela kaleko erabilera. Hots, bi aldietan behatu diren herrien multzotik eratorritakoak dira bilakaera erakusten duten datuak.


Neurtutako udalerri guztiak aintzat hartuta, kaleko erabilera apur bat apalagoa da: %61,1. Ia hamarretik lauk jarduten dute gazteleraz (%36,9k), eta beste hizkuntzetan, %2k. 227.900 solaskide eta 71.000 solasaldi behatu dituzte, denera.

Herri batzuetako emaitza orokorrak ere ezagutarazi dituzte. Horiek 2017koekin erkatuz gero, 56 herritako bilakaera ikusteko aukera dago. Bada, 32tan euskarazko elkarrizketa gehiago entzun dituzte behatzaileek, eta 24tan gutxiago. Tolosaldeko herriei dagokienez, 29 udalerritatik hamabostetan gora egin du kaleko erabilerak, eta hamalautan, behera.

Argazki orokorretatik harago badira joeren adierazle izan litezkeen mugimenduak. Esaterako, datuek erakusten dute euskara gaitasunik handieneko herrietan dela handiena euskararen kaleko erabilera. Jakintza %90ekoa edo handiagoa den herrietan, %83,8k darabil; %80tik %89,9ra artekoa denetan, %78,6k; eta, %60tik %79,9ra artekoa denetan, %54,1ek. Hala ere, esanguratsua da ezagutzarik handieneko bi multzoetan jaitsi egin dela erabilera; ezagutza %90etik gorakoa den multzoan, 3,2, eta %80-%89,9 tartean, 2,8. Edozein kasutan, aldea nabarmena da oraindik; erabileran ia 25 punturen aldea antzeman dute gaitasuna %60 eta %79,9 artekoa den herrien eta %80 eta %89,9 artekoa denen artean.

Herri handietan, gora

Tamainaren arabera ere aldatzen da erabilera. Biztanlerik gutxien duten herrietan dago erabilera daturik handiena, eta alderantziz. Bilakaerak, ordea, erakusten du herririk handienetan, 10.000 biztanletik gorakoetan, 3,7 puntu igo dela erabilera, eta 1,5 puntu jaitsi, aldiz, 500 biztanle baino gutxiagokoetan. Multzoetan bigarrenean, 500 eta 1.000 biztanle arteko herriak biltzen dituenean, gora egin du kaleko erabilerak, eta behera, 1.000 eta 10.000 biztanle artekoan.

Eremu soziolinguistikoak erabileran duen «garrantzia» nabarmendu dute Uemak eta Soziolinguistika Klusterrak udalerrien tipologiaren araberako datuetatik: «Zenbat eta euskaldun gehiago, erabiltzeko aukera gehiago eta erabiltzeko joera handiagoa».

Hiztunen profilaren araberako banaketa ere egin dute Uemak eta Soziolinguistika Klusterrak. Adinari erreparatuta, ikus daiteke euskararen erabilera jaitsi egiten dela adinean gora egin ahala, salbuespen batekin: 64 urtetik gorakoek zertxobait gehiago egiten dute (%51,5) haien aurreko multzokoek —40 eta 64 artekoek— baino (%50,1). Haurrek (%75,7) eta gazteek (%65,6) egiten dute gehien euskaraz. Egoera soziolinguistikoarekiko koherentzia dute emaitzek, adin tarte horietakoek baitute ezagutzarik handiena. Aztertzekoa izan daiteke 25-39 urte bitarteko heldu gazteen bilakaera, orobat. Izan ere, gaur-gaurkoz, 15-24 arteko gazteen portaerara hurbiltzen dira euskararen erabileran: gazteek % 65,6, heldu gazteek % 62,9. Eta 40-64 heldu nagusien taldean, hizkuntzen portaera gehiago hurbiltzen da adinekoek dutenera: %50,1 heldu nagusiek, % 51,5 adinekoek. Hala ere, beherakada nabari da 15-24 urte artean, 1,6 punturena. Datu hori ñabartu egin dute ikerketaren egileek: «Gazteak gazteekin daudenean, erabilera handiago da gazteak helduekin daudenean baino. Hots, gainerako adin taldeek eragina daukate gazteen jardunean».

Datuak sexuaren arabera aztertuta, beste zenbait neurketek erakutsitakoa berresten da: emakumeek (%61,7) gizonezkoek (%60,3) baino gehiago egiten dute euskaraz, eta adin tarte guztietan, gainera. Gazteen artean eta haurren artean dago arrakalarik handiena: 6,6 punturena gazteetan eta 4,1ena haurretan. Gainerako adin tarteetan ez da halako alderik: bizpahiru punturena, gehienez.

Umeekin, euskaldunago

Ikerketak agerian uzten du euskararen presentzia baldintzatzen duela elkarrizketan parte hartzen dutenen adinak. Alegia, adin gaztekoek euskaraz gehiago egiten dutela euren artean, eta gutxiago nagusiagoekin. Haurrak haurrekin ari direnean, orduan da euskara gehien entzuten den momentua (%75,2), adin talde berekoen arteko elkarrizketetan. Gutxien, berriz, 40 eta 64 artekoen elkarrizketetan entzuten da.

Joera horrekin lotuta, ikerketak erakusten du haurrak eta gazteak tartean direnean, helduagoek gehiago egiten dutela euskaraz. Nagusien eta haurren arteko elkarrizketen %73,3 euskaraz direla dio ikerketak, baina hizlari nor ari den, horrek ere aldatzen du proportzio hori. Bi adin tarteetako pertsonen artean hizlaria haurra denean, %76,7ra igotzen da euskararen presentzia, eta nagusia hizlaria denean, berriz, %63,6ra jaisten. Gainera, joera hori antzeratsua da herri guztietan, euskararen erabilera orokorra edozein izanda ere. Ezagutza mailarik txikieneko multzoan aldatzen da gehien. Kasu horretan, nagusien arteko elkarrizketetan gehiago jaisten da euskararen presentzia.

Hala ere, adin taldeak gurutzatuz gero, ikus daiteke haurren eta nagusien arteko elkarrizketetan dela handiena euskararen erabilera (%76,6), eta, gainera, kopuru hori handixeagoa dela haurren arteko elkarrizketetakoa baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.