Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Urkullu ez da Zaldibarren egon egunotan, ez duelako «eszenifikaziorik» nahi

Lehendakariak «Twiterren antolatzen diren kanpainak» gutxietsi ditu. Amiantoa duten hondakinak Mallabira eta Zallara eramatekoak dira

Urkullu, atzo, Zaldibarko auziaz erakundeek egindako bileran. DAVID AGUILAR / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun

Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko ezbeharra gertatu eta segituan antolatu zuen kabinete krisia Iñigo Urkulluk. Hori nabarmendu zuen atzo lehendakariak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5era aurreratu dituela iragartzeko prentsa agerraldian. Baina ez da istripua gertatu zen tokira joan azkeneko egunotan, «eszenifikaziorik» ez duelako egin nahi izan. «Kontua ez da egoteagatik egotea», adierazi zuen. Kazetari batek galdetu zion ea ez ote duen sentitu Bizkaiko herrira joateko beharrik. Hori dela eta, biktimen senideenganako enpatia falta leporatu diote lehendakariari. «Twiterren antolatzen diren kanpainengatik? Ez», erantzun zuen. Gertatutakoa definitzen hasita, «lan istripua» izan dela esan zuen, hirugarrenean.

Hain zuzen, gertatutakoaren «jarraipena egiteko» erakundeen arteko koordinazio bilerak Urkullu bera izan zuen buru, atzo. Auziarekin loturiko gisa horretako aurreneko batzarra izan zen Lehendakaritzak deitutakoa, eta parte hartu zuten, besteak beste, Jaurlaritzako Ingurumen, Osasun eta Segurtasun sailetako buruzagiek, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta Eibar (Gipuzkoa), Ermua (Bizkaia) eta Zaldibarko alkateek.

Amiantoa dago luiziak eragindako hondakinen artean, eta Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak atzo jakinarazi zuenez, gai toxiko hori duten materialak Mallabiko edo Zallako (Bizkaia) zabortegietara eramatekoak dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aintzat hartuta, bi horiek soilik dute mineral toxiko hori biltzeko baimena. Morenok nabarmendu zuen, gainera, luizia gertatu den eremuan lau orduz behin egiten ari direla amiantorik ba ote dagoen egiaztatzeko kontrolak.

Horren harira, Estefania Beltran de Herediak adierazi zuen Zaldibarko zabortegian pilatutako hondakinen artean «%0,6» dela amianto aglomeratua. Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak agerraldia egin zuen atzo Zaldibarren, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuarekin eta Jose Luis Maiztegi udalerriko alkatearekin batera. Beltran de Herediak baztertu egin zuen, gainera, hondakinen artean lindanoa egotea. Verter Recycling enpresan konposatu kimiko hori egon daitekeelako «susmo sendoa» adierazi zion Ekologistak Martxan-ek BERRIAri joan den larunbatean.

Arriolaren esanetan, bestalde, kutsadura «ohiko neurrian» dago, eta ez da beharrezkoa aparteko neurririk hartzea. Azaldu zuen, gainera, zabortegian gertatutako luiziak ez diola eragin inguruetako erreken uren kalitateari. Ingurumen sailburuarentzat, desagertutako bi langileen gorpuak topatzea da «lehentasuna», eta datozen egunetan hasiko dira aztertzen zergatik gertatu zen lur-jausia. Moreno sailburuordearen hitzetan, «gauza txiki asko ez ziren ondo egiten» zabortegian.

Bitartean, piztuta jarraitzen du ostiral gauean zabortegiaren goiko aldean piztutako suteak. Suhiltzaileen arabera, «kontrolatuta» dago. Ingurumen Sailak azaldu duenez, azterketa topografiko bat egitekoak dira, itzaltzeko modu eraginkorra bilatze aldera.

Bizkaiko Diputazioak, berriz, euste horma bat eraikiko du AP-8 autobidean, Zaldibarren, luiziak estalitako errepide zatiko segurtasuna hobetzeko.

Kritikak Jaurlaritzari

Urkullu Zaldibarko auziaz mintzatu baino ordu batzuk lehenago, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak lehendakariaren «isiltasuna» eta Jaurlaritzaren «utzikeria» salatu zituen. Elkarrekin Podemoseko Komunikazio arduradun Andeka Larreak Jaurlaritzaren «kudeaketa eskasa» kritikatu zuen. PPko legebiltzarkide Maria Carmen Lopez de Okarizek eskatu dio Arriolari legebiltzarrean azalpenak emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.