Parlamentuak Koldo Martinez hautatu du senatari autonomiko

joxerra senar
Iruñea
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Ezkerrako Iñaki Bernalek bere hautagaitza erretiratu ondotik, aurreikuspena bete da. Atzo, parlamentuko osoko bilkuran, Geroa Baiko Koldo Martinez hautatu zuten Nafarroako senatari autonomiko izateko. PSNren, Geroa Bairen eta Ahal Dugu-ren botoak jaso ostean, Navarra Sumako Arantza Ariasi gailendu zitzaion Martinez —22 boto izan zituenberak eta 20 Ariasek—. EH Bilduk eta Ezkerrak zuri bozkatu zuten. Martinez «pozarren» agertu zen.

Azaroaren 10ean egingo diren Gorteetako hauteskundeetan, lau senatari hautatuko dituzte herritarrek. Horrez gain, lurraldeetako legebiltzarrek senatari autonomikoa hautatzen dute. Nafarroan, aurrekoa, Ahal Dugu-ko Idoia Villanueva izan zen, eta 2015ean laukoak zuen gehiengoari esker atera zen aurrera. Haatik, ekainean iraungi zen bere kargua, eta uda osterako utzi zuen parlamentuak hurrengoa hautatzea.

Polemika egon da tartean. Apirilaren 28ko bozetarako Aldaketa koalizioaren akordioan, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak hitzartu zuten hiru hautagaiak lehen hiru alderdietakoak izatea, baina senatari autonomikoaren txanda iristean, Ezkerrako hautagaiaren alde egitea.

Ezkerrak Iñaki Bernal aurkeztu zuen, baina akordio horren bestelako interpretazioa eginez, Geroa Baik berea aurkeztu zuen, eta PSNk hura babestu. Testuinguru horretan, Navarra Sumako Arantxa Ariasek irabazteko aukera guztiak zituen, eta horregatik asteon Bernalek atzera egin du.

Atzo, Martinezek eskertu egin zion keinu hori Bernali. «Adimenez» jokatu zuela deritzo. Bernalaurreko legealdian senatari izan zen, eta Senatuan egindako lana goraipatu zuen.

Martinezen arabera, Madrilera joatea ez zen helburu pertsonala. «Ideiekin, erakunde batekin eta demokratziarekin gaude konprometituta. Militatzen dugun erakundeen esanetara gaude», azaldu zuen. Martinezek onartu zuen pozik dagoela oraingoan Madrilera doalako. Ez da lehen aldia, apirilaren 28ko bozetan Kongresuko diputatu izateko hautagai izan zelako, baina hitzordu hartan diputatua lortzetik urrun geratu zen Geroa Bai.

Martinezek eskerrak eman zizkien babesa eman dioten hiru alderdiei. «Konpromiso argia dut Nafarroarekin, autogobernuarekin, aldebikotasunaren defentsarekin, demokrazian sakontzeko beharrarekin, eta pertsona guztientzako eskubideekin». Nafar guztien esanetara dagoela gaineratu zuen.

Atzo hautatuagatik, kargua abenduaren 3an hartzea espero da, eta, bitartean, parlamentari izaten jarraituko du. Legebiltzarrean, Ana Ansa Zabaltzeneko kideak hartuko du bere tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.