Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Udal gastua gizarte zerbitzuetan

2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hezkuntzaren edo osasunaren arloan ez bezala, EAEko udalek—handiek ala txikiek—eskumen zabalak dituzte Gizarte Zerbitzuen alorrean, batez ere bi arrazoi direla medio: gizarte zerbitzuen ibilbide historikoa, batetik, eta udalek hiritarrenganako duten gertutasun handiagoa, bestetik. Horrek udalei autonomia maila zabala ematen die gizarte zerbitzuak artatzeko orduan, nahiz eta badiren lurralde eta erkidego mailan bete beharreko arau eta irizpideak. Zerbitzuen gertutasuna eta udal-autonomia bermatzearekin batera, sistema honek baditu ondorio kezkagarriak: fragmentazioa—erabakiak hartzeko orduan, adibidez, edo eskala zabala behar duten ekimenak bultzatzeko orduan—, diskrezionalitatea —alkate, zinegotzi edo udal-teknikoen erabakien lehentasuna, alegia, arau orokorren aurretik—, edota hiritarren arteko ezberdintasuna.

EAEko udalek gizarte zerbitzuetan gastatzen duten dirua aztertzen badugu, Eustatek 2018rako ematen dituen datuak erabiliz, erraz antzemango ditugu arrisku hauek: batez beste, EAEko udalek 87 euro gastatu zituzten biztanleko 2018. urtean. 23 udalek —artean, Legazpi, Oñati, Pasaia, Zornotza, Idiazabal, Urduña, Sestao, Laguardia, Ondarroa eta Gasteiz— 190 eurotik gora gastatu zituzten biztanleko. Beste 40 udalek, berriz, hogei euro baino gutxiago gastatu zituzten gizarte zerbitzuetan, betiere Eustaten arabera. 10.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriei erreparatzen badiegu soilik, batez besteko gastua 211 euro da, baina badira 150 eurora heltzen ez direnak —Gernika, Sopela, Amurrio, Bergara, Azkoitia, Etxebarri, Ermua edo Arrigorriaga—, eta baita 250 eurotik gora gastatzen dutenak ere —Barakaldo, Irun, Zornotza, Erandio, Sestao eta Gasteiz—.

Ba al da ezberdintasun horiek esplikatzen dituen arrazoirik? Udalerri bakoitzak gizarte zerbitzuetan erabiltzen duen aurrekontuak ez du harremanik gizarte zerbitzuek bere gain hartzen dituzten arazo edo beharrekin: langabezia, errenta maila, barne produktu gordina, immigrazioa edo 65 urtetik gorako biztanleen tasak ez dute harreman zuzenik udalerriek gizarte zerbitzuetan gastatzen duten diruarekin. Zein dira gastu horrekin gehien lotzen diren udal ezaugarriak? Gastu horrek udalaren aurrekontu osoan duen pisua da argiena: zenbat eta gastu handiagoa gizarte zerbitzuetan, orduan eta pisu handiagoa udaletxearen aurrekontu osoan. Horrek esan nahi du gizarte zerbitzuetan asko gastatzen duten udalerriak ez direla nahitaez orokorrean asko gastatzen dutenak, baizik eta bere baliabideen parte handi bat alor horretara bideratzea erabaki dutenak.

Bigarren ezaugarria tamaina da. Eta ezberdintasunak oso nabariak dira: 50 udalerri txikienak apenas gastatzen duten hamabi euro urtean biztanleko; beste muturrean, 50 udalerri handienak 203 euro gastatu zituzten, hamasei aldiz gehiago.

Orientazio politikoak ere badu, azalean behintzat, nolabaiteko lotura gizarte zerbitzuen udal gastuarekin: alde batetik, zenbat eta abstentzio maila handiagoa azken udal hauteskundeetan, orduan eta gastu handiagoa gizarte zerbitzuetan; era berean, EH Bilduk boto portzentaje handiagoa lortu zuen udalerrietan gastua txikiagoa da, eta, alderantziz, PSEk boto portzentaje handiagoa lortu zuen lekuetan gastua handiagoa da. Pentsatzekoa da, ordea, harreman horren atzean dagoen aldagai esanguratsua udalerrien tamaina dela eta ez, zuzenki, alderdi baten ala bestearen indarra.

Edozein kasutan, datu horiek 2018. urtekoak dira, 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legea garatzen duten mapa eta arautegi nagusiak onartu eta hiru urtera jasotakoak. Litekeena da, bai, 2015. urtean onartutako tresna horiek lortzea epe ertainean hiritarrek gaur egun pairatzen dituzten ezberdintasun horiek ekiditea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.