Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. Mobilizazioak

Kalean zein balkoietan, bortizkeria arbuiatzera deitu dute feministek

Pandemiak baldintzatuta bada ere, mobilizazioak egingo dituzte asteazkenean. Bortxaren kausak «sakondu» direla salatu dute

Erredakzioa
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Egutegian letra larriz markatuta dute feministek azaroaren 25a: indarkeria matxistaren aurkako eguna izaki, mugimendu feministaren aldarrikapenak gizarteratzeko garaia izaten da, eta azken urteetan manifestazio bereziki handiak egin dituzte. Aurten, pandemiak baldintzatuta egin behar izango dituzte mobilizazioak, baina mugimendu feministak ez dio uko egingo bortizkeriarekiko arbuioa adierazteari. Ipar Euskal Herria konfinatuta dago, eta Hego Euskal Herrian itxita daude udalerriak, baina talde feministek dei egin dute asteazkenean kalera ateratzera eta balkoietan objektu moreak jartzera.

COVID-19ak eragindako izurriak agerian utzi du emakumeek jasaten duten «egiturazko desberdintasuna», asteon feministek salatu dutenez. «Pandemiak demostratu du sistema kapitalista, neoliberal, matxista eta heteropatriarkala ez dela desagertu, eta, kontrara, indartu egin dela», adierazi du Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Nafarroako Plataformak. Gaineratu dute andreen eskubideak urratu egin direla konfinamenduan eta ondoren: «Indarkeriarik gabeko bizitza bat izateko eskubidea; berdintasunean eta aske bizitzeko eskubidea».

Bilbo Feminista Saretzen plataformak ere salatu du erakundeen neurriek «azkartu eta sakondu» egin dituztela bortizkeria eragiten duten prozesuak: «Erasotzaileekin giltzapetutako emakumeak, lanean konfinatutako etxeko langile egoiliarrak, arrazakeria instituzionala kalean eta erakundeetan pairatzen dutenak, zaintza eta enplegua uztartu beharrean dauden amak eta alabak...». Hori dela eta, zuzeneko indarkeria zein bortizkeria ekonomikoa desagerrarazteko bidean, zerbitzu publikoen defentsa aldarrikatu dute Bilbon eta Iruñean: «Giltza dira guztion bizitza duina eta askea bermatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.