KRITIKA. 36. Antioko Musikaldia

Amore onez

2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun

Donostiako Udalaren Txistulari Taldea

Egitaraua:Txistua umore onez: I. eta J. I. Ansorena, E. J. Mokoroa, J. Olaizola, T. Garbizu eta abarren obrak. Lekua: Igartubeiti Baserri Museoa, Ezkio-Itsaso.Eguna: Urriak 5

Gure arbasoen tradizio eta bizimoduez hitz egiten duten hormen artean amaitu da 36. Antioko Musikaldia, XVI. mendeko Igartubeiti Baserri Museoaren dolarearen inguruan, hain zuzen. Bertan ez da luxu handirik: lastozko fardelez osatuta dago besaulki-patioa, eta zurezko zorua estaltzen duen alfonbra gorriak mugatzen du agertokia. Haatik, ganbara zeharkatzen duen habeak entzunareto finenek eskaini ezin duten xarma eta zenbakitan neurtu ezin den balioa dauzka. Espazio ezin egokiagoa txistua nagusi zen emanaldian murgiltzeko.

F. Escuderoren Izar ederra doinu ezagunak ireki zuen kontzertua, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeko kideak agertokian pixkanaka agertuz zihoazela harmonian sakonduz. Programaren izenari ohore eginez, eta Jose Ignazio Ansorenaren imintzio barregarriak gidari, umorez josi zuten kontzertuaren lehen zatia—XVIII. mendeko ileorde kizkur eta guzti—, txistuaren historia, familia eta aukerak batzuetan ulergaitzak suertatzen ziren txantxen bidez aurkeztuz. I. Ansorenaren Birigarroan, txistuaren txorrotxioak nonahi; E. J. Mokoroaren Sorgin Dantzan publikoaren parte-hartzea eskatu eta jaso zuten, akelarre nahasia irudikatuz.

Kontzertuaren bigarren zatian eitea baretu, eta XX. mende hasieran txistuaren errepertorioan sakondu eta hura garatu zuten konpositoreen obrak interpretatu zituzten. Ansorenaren azalpen eta aurkezpenei esker, horiek euren testuinguruan kokatu eta nondik-norakoak ezagutu ahal izan genituen. Birtuosismo eta xamurtasunez eskaini zituzten J. Olaizolaren Mendian bai alai eta T. Garbizuren Gure Erria. Bukaeran, txistua erraietatik ateratzen den kantuaren oihartzuna balitz bezala, Arizkun obrak biltzen dituen herri doinuei entzuleak batu zitzaizkien ahapeka abesten.

Agerikoa da taldea txistuari etekina ateratzeko lanetan dabilela, melodia herrikoiei umore onez moldaketak eginez, pianoa, marinba eta tronpeta bezalako instrumentuak ere barne hartuz. Norbere buruaz barre egiteko gaitasuna sen onaren, ezagutzaren eta maitasunaren zantzu izan ohi da. Horietako bat ere ez zaio falta Donostiako Udalaren Txistulari Taldeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.