Paperean gelditu zen gezurra

Datorren asteartean estreinatuko da Donostiako Zinemaldian 'Non dago Mikel?' film dokumentala, Mikel Zabalza orbaizetarra desagertu eta haren gorpua Bidasoan aurkitu zutenetik 35 urte betetzear daudela.
Mikel Zabalzari egindako omenaldia,2015ean.
Mikel Zabalzari egindako omenaldia,2015ean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko irailak 18

Kutxa bat ohantze baten azpian. Hiru emakume gazte: Lohizune Amatria, Mirari Zabalza eta Garazi Iribarren. Kutxa barruan dagoena ari dira arakatzen. Agiriak, prentsan azalduriko albisteak, oroigarriak, marrazkiak; haien osabarekin zer gertatu zen hobeto ulertzeko aztarnak. Mikel Zabalza Garate (Orbaizeta, Nafarroa, 1952 - Endarlatsa, Nafarroa, 1985) izan zen haien osaba; haiek gazteegiak ziren edo artean jaio gabeak Zabalza Bidasoaren uretan hilotz agertu zenean.

Egia topatzeko ariketa izan daiteke kutxa zahar baten barruan arakatzea: «Guk gure seme-alabei kontatuko diegu egia, eta haiek ere beren seme-alabei egia kontatuko diete. Eta gezurra, nork kontatuko du? Gezurra paperetan geldituko da, eta egiak iraungo du. Egiak egingo du historian aurrera». Hala mintzo dira hiru emakumeak Zabalza auziaz laster aurkeztuko den filmean. Non dago Mikel? du izenburua: beste urrats bat «egiak historian aurrera» egin dezan.

Azken 50 urteotako historian, ohikoa izan da Euskal Herrian zenbait gertaera lazgarriren inguruan bertsio ofiziala eta herritarren susmoa bat ez etortzea. Zabalza auzia horren adibidea izan zen: 1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak atxilotu eta gutxira «desagerturik» zegoela jakinarazi bezain laster, susmo txarra hedatu zen herritarren artean. Zabalzarekin batera atxilotu zituztenen torturen lekukotasunek areagotu egin zituzten susmo horiek. Eta, hogei egun geroago, Orbaizetako gaztearen gorpua Bidasoan agertu zenean, behin eta birritan arakatua izan zen paraje batean, inor gutxik egin zuen zalantza gertatutakoaz.

Zabalzaren heriotzaren 25. urteurrenaren harira, 2010ean, iritsi zitzaion Miguel Angel Llamas Pitu irudigileari (Noain, Nafarroa, 1980) auziaren inguruko dokumentala egiteko proposamena. Garai hartan, Apurtu.org informazio webgunean aritzen zen, baina handik gutxira Espainiako Auzitegi Nazionalak web orria itxi eta Llamas eta beste hiru lagun atxilotu zituen.

Azkenean, ez zen epaiketarik izan, eta denak libre gelditu ziren, baina, aurretik, Llamasek urte eta erdi eman behar izan zuen kartzelan, eta, denbora tarte horretan, proiektua geldirik egon zen. 2015ean, 30. urteurrenean, berriro ekin zioten lanari. 2018an, Amaia Merino (Donostia, 1970) batu zen zuzendaritza taldera.

Prozesu luze eta gorabeheratsu horren emaitza irailaren 22an aurkeztuko dute Donostiako Zinemaldian. Sekretuak gordetzen dituen kutxaren irudi horrekin abiatzen da filma: «Pelikula egin duen taldearen galderetako bat zen nola transmitituko zaien hau guztia belaunaldi berriei, eta familia barruan ere nola kontatu den hori», azaldu du Merinok. «Pentsatu genuen iloben irudi hori oso poetikoa zela, oso indartsua, eta oso aproposa metafora gisa erabiltzeko».

Baina askoz kontu gehiago daude dokumentalean. Ardatz nagusietako bat da 1985eko udazken hartan gertatutakoaren kontakizun kronologikoa: Mikel, Patxi eta Aitor Zabalza, Idoia Aierbe, Manolo Bizkai eta Ion Arretxe atxilotu zituztenetik, Mikel Zabalzaren gorpua lurperatu zuten arte. «Ikerketa lan itzela egin da, eta dokumentazio handia bildu da» azaldu du Merinok; «topatutako ikus-entzunezko materiala erabili dugu egunez eguneko kontakizun bat egiteko».

Torturaren «ikonoa»

Ez da azken hamarkadetako tortura kasu bakarra, baina 1980ko hamarkadan Zabalzarena paradigmatikoa izan zen, «ikono» bilakatzeraino, Llamasen esanetan: «Nafarroan, behintzat, torturaz hitz egiten genuenean, guztioi etortzen zitzaigun burura auzi hura, gutxienez gure belaunaldikoei eta helduagoei. Herri honek pairatu duen sufrimendua ordezkatzen du». Gainera, Orbaizetako gaztea 20 egunez desagerturik egon izanak, hura aurkitzeko egindako bilaketa lanak, gizarte oso batek hiru astez sentitu zuen ezinegonak oso berezi egin zuten Zabalza auzia: «Asmatu zuten gezurra hain handia izan zen, ezen guztiz agerian geratu baitzen estatua edozer egiteko prest zegoela torturak egon izana ez onartzeko».

Hala ere, zuzendariek badakite gazteagoen artean oso bestelakoa dela afera: «Oker ez banago, azken tortura salaketak 2011n izan ziren», gogorarazi du Llamasek. «Bederatzi urte pasatu dira, eta egia da tortura gaurkotasunetik desagertu dela, horren eraginak oraindik gure gizartean badauden arren. Memoria oso ahula da, eta belaunaldi gazteek ez dakite euskal gatazkaren inguruan gertatutako zenbait konturen berri. Pelikula honek balio behar du memoria freskatzeko».

Gertaeren kontakizun kronologikoarekin batera, beste ardatz batek hartzen du protagonismoa dokumentalean: Ion Arretxeren testigantzak, Paco Etxeberria auzi medikuaren aurrean. Zabalzarekin batera atxilotu zuten Arretxe, garai hartan Arte Ederretako ikasle gaztea zena. Hura ere torturatu egin zuten, eta hasiera-hasieratik kontatu zuen Intxaurrondon jasandako tratu latza.

Geroago, ibilbide luzea egin zuen Arretxek zinemagintzan, aktore eta arte zuzendari. Baina Non dago Mikel? pelikulan ez du inolako rolik antzezten: bere egia kontatzen du, apal, hunkituta, apur bat durduzatuta zenbaitetan, gertatu zitzaiona oraindik ulertu edo sinetsi ezingo balu bezala.

«Arretxek lehenengo pertsonan eta zuzenean kontatzen du zer gertatu zitzaion, eta, horrez gain, zer-nolako hausnarketak egin zituen eta zer-nolako ondorioak atera zituen horren inguruan», azaldu du Merinok. «Egile gisa ez ezik, ikusle gisa ere uste dut altxor bat dela prozesu horren lekuko izan ahal izatea».

Bere testigantza emateko, liburu bat idatzi zuen Arretxek, Intxaurrondo: la sombra del nogal (Intxaurrondoaren itzala, 2015). Liburu hura aurkezten ari zelarik jarri ziren harekin kontaktuan pelikularen egileak.

Llamasek «oso garrantzitsutzat» jotzen du Arretxek parte hartzea pelikulan: «Mikel Zabalzak ezin du kontatu zer gertatu zitzaion, baina Arretxeren esperientziaren bidez irudika dezakegu zer egin zioten. Nolabait, Arretxe Mikel Zabalzaren ahotsa da pelikulan. Eta uste dut torturatu askok beren burua islatuta ikusiko dutela Arretxek torturaren inguruan adierazten dituen gogoetetan eta sentimenduetan. Pena handia da berak pelikula bukatuta ikusterik ez izatea [Arretxe 2017an hil zen]».

Gezurrak hanka motz

Bere garaian, begien bistakoa zena ukatzen saiatu zen Espainiako Gobernua. Dokumentalean, esaterako, Espainiako Barne Ministerioko buru Jose Barrionuevoren eta Jorge Argote abokatuaren adierazpenak jasotzen dira. Gehiago ere izan ziren.

Baina, 35 urte geroago, badirudi gezurrak bide motza egin zuela eta orain inor ez dela ausartzen defendatzera, Barne Ministerioko orduko agintariek egiten zuten moduan, Zabalzak bere burua bota zuela ibaira, igeri egiten jakin ez eta eskuak lotuta edukita. Jose Maria Calleja kazetaria, esaterako, beti izan zen torturaren ukatzaile porrokatua: 2016an, berriz, elkarrizketa batean adierazi zion Victor Lenore kazetariari Zabalzarena «tortura kasu ukaezina» iruditzen zitzaiola.

Llamas: «Gaur egun, Nafarroako esparru parlamentarioan ez dago inor bertsio ofizial hura defendatzen duenik. Nafarroako Gobernua, Uxue Barkos lehendakari zelarik, 30. urteurrenean egindako omenaldian egon zen, eta iaz ere, PSNk zuzentzen duen Bizikidetza eta Bake Saila egon zen omenaldian. Beste kontu bat da ofizialki zer egiten den horri buelta emateko: espero dezagun Nafarroako Biktimen Legeak aurrera egiten duenean Mikel Zabalza biktima gisa aitortzea».

Gaur egun, inor ez da gezurrean tematzera ausartzen, baina, hala ere, aitortza ofiziala ez da iristen. Llamasen ustez, ez da «aski» ahapeka onartzea 1985ean gauzak ez zirela gertatu Guardia Zibilak esan zuen moduan. «Egia jakin behar dugu: nortzuk aritu ziren Mikel torturatzen, noren aginduz, nork antolatu zuen gezur hori guztia. Eta, jakina, familiak justizia eta erreparazioa behar du. [Espainiako] Estatuak behingoz onartu behar du tortura erabili duela euskal herritarren kontra, hori ez dela bidezkoa eta, batez ere, ez dela berriro gertatuko».

Non dago Mikel? ez da izango Euskal Herriko historia hurbila jorratzen den film bakarra Donostiako Zinemaldian. Merinok dioenez, «zenbait kasutan beste batzuk ari dira gutaz hitz egiten, eta beste zenbait kasutan istorioak Euskal Herritik kontatuta daude. Non dago Mikel? horietako bat da. Guk geuk kontatzen dugu gure historiaren atal garrantzitsu bat».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaria, atzo, Granadako Alboloteko espetxe aurrean. ©FORO SOZIALA

EPPK prest dago espetxe politikaren «diseinuan konpromisoak emateko»

Jon O. Urain

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak bilera egin du Granadako espetxean Jon Olarra eta Ainhoa Mujika EPPK-ko zuzendaritzako kideekin. Presoen egoera salatu du kolektiboak

Joan den larunbatean Donostian egindako manifestazioa. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

Iñaki Bilbao presoak gose greba utzi du

Gotzon Hermosilla

AEMk azaldu duenez, janaria hartzen hasi da, baina gertukoei adierazi die borroka ez dela «amaitu».

Teresa Toda eta Aitzol Asla Behatokiko kideak, atzo, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bakartzea: kartzela barneko kartzela

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Bakartze moduluetan dauden euskal presoen egoera aztertu du Foro Sozialak bigarren txosten monografikoan. Urrian hogei euskal preso zeuden horietan. Espetxe legedian aurrera egiteko trabak salatu dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna