Ebaluazio diagnostikoa. Euskarako emaitzak

Euskara ikasgelan: gero eta gutxiago eta okerrago

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, DBHko ikasleek ebaluazio diagnostikoan inoizko emaitzarik txarrenak lortu dituzte euskaran: %53k hasierako maila dute. Erabilera ere apaldu egin da adin eta egoera guztietan. Hezkuntza eragileak kezkatuta daude, eta baliabideak eskatu dituzte ikasleen beharrei erantzuteko.

Euskara ikasgelan: gero eta gutxiago eta okerrago.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ikasleek euskaraz aritzeko duten gaitasuna apaltzen ari da etengabe. Hezkuntza eragileek aspaldi zuten horren susmoa, eta hala berretsi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen ebaluazio diagnostikoak; 2019an egin zuten azterketa Lehen Hezkuntzako laugarren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailetan, eta emaitzak kezkagarriak dira. Derrigorrezko eskola etapa amaitzeko bi urteren faltan, DBH2ko ikasleen %53,3k ez dute lortu erreferentziazko euskara maila (B2). Beste modu batera esanda: adin horretako bi ikasletik batek hasierako maila du euskaraz. 2009an ebaluazio diagnostikoa egiten hasi zirenetik erdietsitako emaitzarik txarrenak dira.

Duela bi aste aurkeztu zituzten 2019ko ebaluazio diagnostikoaren emaitzak Eusko Legebiltzarrean. ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen azterketa aletu du BERRIA-k, euskaran arreta jarrita. DBHn, beheranzko joera etengabea da: bi urtean ia zortzi puntu igo da euskaraz gaitasun nahikorik ez duten ikasleen kopurua; 2009tik, hamabost. LHn, berriz, 2017an baino emaitza hobeak izan arren, ikasleen %34,1k ez dute lortu erreferentziako euskara maila (B1); bi urtean, hiru puntu apaldu da euskaraz gaitasunik ez dutenen kopurua. 2021eko ebaluazioaren lagin bat ere aurreratu dute: datuak okerragoak dira DBHn, eta ia berdin eutsi diote LHn.

ISEK indize sozioekonomiko eta kultural baxukoa, errepikatzailea edota atzerritar jatorrikoa —«atzerrian jaioa edo guraso bat atzerritarra duena», ISEIren arabera—. Oro har, hori da euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenen argazkia. Esaterako, DBHn euskaraz eta gazteleraz jarduteko gaitasunik ez duten ikasleen artean, %35,5ek ikasturteren bat errepikatu dute, eta %11,3 atzerritar jatorrikoak dira. Aldiz, ikasle elebidun orekatuen —euskaraz eta gaztelaniaz «maila aurreratua» dutenen— %2,1 dira atzerritar jatorrikoak, %0,9 errepikatzaileak, eta haiek dute indize sozioekonomiko altuena. LHn, kopuruak desberdinak izan arren, joerak antzekoak dira.

Euskara etxetik jaso izanak ere baldintzatzen du ikasleek hizkuntzan duten gaitasuna: DBHko ikasle euskal elebidunen —euskaraz maila altua eta gaztelaniaz erdikoa— %45,9 dira, eta ikasle elebidun orekatuen %25. Halere, ez da erabakigarria: euskaraz eta gazteleraz gaitasunik ez dutenen %13k eta ikasle erdaldun elebakarren —euskaraz hasierako maila dute idatzizko proban— %6,5ek euskara dute familia hizkuntza.

Ikastetxe motaren araberako datuak ere eskaini dituzte diagnostikoan: DBHn, D ereduko sare publikoan, %50,4k dute maila baxua; itunpeko sareko D ereduan, %42,2k. LHko emaitzak ere hobeak dira itunpeko sarean.

Gaitasuna eta erabilera batera doaz. Eskolako euskararen erabilerari buruzko 2019ko Arrue ikerketaren zertzelada batzuk eman dituzte, eta hor ere emaitzak inoizko txarrenak dira. Ikasleen erabilera apaldu egin da adin eta egoera guztietan: gutxiago egiten dute irakasleekin eta ikaskideekin, gela barruan nahiz jolastokian, bai LH4n, bai DBH2n.

Bide baten emaitza

Datuok ezinegona eragin dute hezkuntza komunitatean. BERRIA-k eskatu arren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du egin baloraziorik, baina beste eragile batzuek kezka agertu dute. «Ematen du ez garela lortzen ari nahi genituen helburuak». Iñaki Biainen hitzak dira: Irungo (Gipuzkoa) Berritzegunean hizkuntza normalizazioan aritzen da —soilik bere izenean egin ditu adierazpenok—, eta euskarak hezkuntzan izan duen bilakaeraren lekuko da. Ildo beretik jo du Helena Baraibarrek, Ikastolen Elkarteko hizkuntza egitasmoen koordinatzaileak: «Ez toki guztietan, ez ikastola guztietan, baina, kasu batzuetan, esaten duzu: 'Zer gertatzen ari da?'».

Halere, datuok azken urteetako joeraren erakusgarri dira, bide baten emaitza. 1980ko hamarkadatik gaur arteko errepasoa egin dute bien artean. Baraibarrek azaldu du nola 80ko urteetan martxan jarri zuten Euskaraz Bizi proiektua, ordurako jabetuta baitzeuden euskaraz «ondo eta asko» irakastea ez zela nahikoa. Ikasleak euskalduntzeko, euskara bera ez ezik, euskal kultura ere irakatsi beharra dagoela: «Ikastola askotan mezu hori aspalditik jaso da, eta ahalegina egiten da euskara ez ezik euskal kulturarekiko atxikimendu eta ezagutza zabaltzeko eta hezkuntza soziolinguistikoa hedatzeko». Biainek gogoan du 1980ko hamarkadako ebaluazioek adierazten zutela helburuak ondo lortzen ari zirela D ereduan, eta gutxiago A eta B ereduetan: «Gakoa eredua balitz bezala, eta ez hor barruan egiten ziren lanak eta proiektu pedagogikoak».

Urteak igaro ahala, egoera asko aldatu delakoan daude bata zein bestea. D eredua orokortzearekin batera, gurasoen, irakasleen eta ikasleen ezaugarriak aldatu egin dira, eta askotarikoagoak dira ikasgelak. Biainen arabera, gurasoek lehen D eredua «bilatu» egiten zuten, «ahalegin bat» egiten zuten seme-alabak euskara hutsez eskolatzeko; orain, aldiz, «eskura» dute, eta hartan daude «bilatzen edo ulertzen» ez duten hainbat sendi ere. Baraibarren irudiko ere, gurasoek jabetu behar dute seme-alabak non ikasten ari diren eta zein garrantzitsua den haien hizkuntza portaera.

Gainera, atzerritar jatorriko ikasle gero eta gehiago iristen ari dira ikasgeletara, horrek euskararen arloan dakarren erronkarekin. Haiek artatzeko «ahal duten moduan» aritzen direla nabarmendu du Baraibarrek. Baliabide falta sumatzen du: «Euskal hezkuntza sisteman ez dago behar adina baliabide migratzaileek dakarten hizkuntza aniztasunari egoki erantzuteko».

Ikasleekin egunero hartu-emana duten irakasleen jarrerak ere isla du gaztetxoengan. 1980ko urteetan, Biaini iruditzen zaionez, «hizkuntza lehentasun argia» zen, baita irakasleentzat ere; egun, aldiz, egoera bestelakoa dela uste du: «Era askotako irakasleak daude: badira hizkuntzari garrantzia ematen dioten irakasle militanteak, eta badaude hizkuntzaren halako naturalizazio bat bizi duten belaunaldi berriak. Hezkuntza sisteman ikasi dute euskaraz; gero irakasle hasi, eta ez dute hori erronka berezi gisa irudikatzen». Alde horretatik, Baraibarrek autokritika ere egin du: «Gazte horiek dira geuk erein dugun haziaren fruitua; gure iturritik edan dute. Urte askoan despistatu xamar ibili bagara eta arreta handirik jarri ez badugu hizkuntzaren kalitatean, erabileraren aktibazioan, heziketa soziolinguistikoan... gazte horiek horren emaitza dira».

Eta egungo egoera aztertuta, zer egin etorkizunari begira, egoera iraultzeko? Baraibarrek argi du lehentasuna: «Ikastolen Elkarteak hizkuntza proiektua indartzea lehenetsi du». Horren bidez, hainbat ildo jorratu nahi dituzte: «Hizkuntza proiektua oso baliozkoa da, honen guztiaren inguruan hausnarketa, trebakuntza, estrategiak eta materialak bideratzeko, horien jarraipena egiteko...». Biainen iritziz, «hizkuntzaren erronka» erdigunera eramateko garaia da, eta horretarako prest ikusten ditu eskolak eta erakundeak: «Esperantzarako bide bat izan daiteke ikastetxeetan gogotsu daudela, eta badirudi Hezkuntza Sailak erronka nagusitzat hartuko duela hemendik aurrera».

Ikastetxeek aspaldi azpimarratu zuten eskolak bakarrik ezin duela, eta, ideia horri jarraikiz, kanpoko jarduerak ere aintzat hartu behar direlakoan da Baraibar: «Zein garrantzitsua den tokian tokiko euskara zerbitzuek eta kirol erakundeek, adibidez, aisialdiko jardueretan hizkuntza irizpideak txertatzea». Erantsi du pedagogia egin behar dela umeekin eta gazteekin arituko diren hezitzaileekin. «Ikastolan egiten denaren oihartzuna ikastolatik kanpo ere entzuten bada, gaztelerarako edo frantseserako joera arinduko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.