Pello Urizar. EAko idazkari nagusi ohia

«Indartsu daude EAren betiko printzipioak»

Hamar urteren ostean, EAko idazkari nagusi kargua laga du Urizarrek, uzteko garaia zuela sentituta. EH Bilduren balioak eta planteamenduak zein diren ikusita, lasai doa.
ENEKOITZ ESNAOLA

Enekoitz Esnaola -

2019ko ekainak 26
Herenegun jakinarazi zion Pello Urizarrek (Arrasate, Gipuzkoa, 1968) EAko Kontseilu Nazionalari idazkari nagusi kargua uzteko erabakia, eta atzo hedabideen aurrera azaldu zen, Donostian, alderdiaren egoitza nagusian. Agerraldia bukatu ostean hartu zuen BERRIA, bulegoan; azken eguna zuen han Urizarrek. Ondoren, Arrasatera joan zen, herriko jaietara. EAEko legebiltzarkide izateari ere lagako dio, eta irailean bere kooperatiban hasteko asmoa du.

Zergatik utzi duzu?

Zikloetan sinesten dudalako. Ez nuen pentsatuko hamar urte egingo nituenik kargu horretan, baina egin ditut, eta uste dut heldu dela garaia uzteko. Nik ikusten dudanean eman nezakeena eman dudala, uste dut proiektua beste esku batzuetan utzi behar dela. Orain horixe ikusi, eta EAko idazkari nagusi postua uztea erabaki dut.

Zergatik ez duzu utzi zeure agintaldia bukatzean, bi urte barru?

Erraza da horren azalpena: orain dela bi urte EAren kongresua bukatu ondoren, EH Bildurena etorri zen berehala, eta, ondoren, hauteskunde ziklo bat. Beraz, bazegoen lanik. Hauteskunde zikloa bukatu berri dugu, eta orain ikusi dut une hauxe dela egokiena uzteko. Politikan ikusten dugu jendea sartu sartzen dela, baina gero irteteko arazoak izaten dituela; nik ez.

EA barruan ildo kritiko inportante bat egoteak ere izan al du eraginik zeure erabakian?

Nik uzteko arrazoia ez da izan EA barruan ikuspuntu desberdinak egon izana. Bestela, duela bi urteko kongresuan lagako nukeen.

2017ko biltzarrean EAko bi ildoek adostu zuten EH Bilduk egitura propio bat edukiko zuela eta aldi berean «alderdien arteko koalizio irekia» izango dela. Baina afera ez zen amaitu oraindik.

Ni EAJtik iritsi nintzen EAra. 16-17 urte nituela EGIn nengoen, eta EAJren zatiketa barrutik bizi izan nuen, eta gero EA sortu zutenek erabaki zutenean beste proiektu bat hastea, jende batek esaten zuen ez zuela EAJ utziko. Nire galdera da: siglak al dira gauzarik garrantzitsuena? Seguru jendeak siglen arteko zerari ematen diola garrantzia, ala proiektuari ematen dio? Nik EAren aldeko apustua proiektuagatik egin nuen.

Orain dela bi urteko kongresu nagusiaren ondoren, zure ildoak Arabako eta Gipuzkoako EAren kontrola galdu zuen, eta Nafarroak segitu zuen kritikoen esku. Geroztik, nolakoa izan da alderdiaren barne bizitza?

Alderdian aldaketa nabarmena 2015eko udal eta foru hauteskundeen emaitzengatik gertatu zen, ez duela bi urte. Gauza batzuk hauteskunde emaitzen arabera erraztu edo zaildu egiten dira. 2011n sekulako emaitzak lortu zituen Bilduk, 2015ean kontua okerrago joan zitzaigun, eta batzuek pentsatu zuten gauzak aldatu egin behar zirela. Hortik etorri zen batzuen planteamendua 2017ko kongresuan. Ez nengoen ados. Apustuak serioak badira, ezin dira aldatu lehen aldiz estropozu-edo egitean.

Justu hamar urte egin dituzu EAko idazkari nagusi modura.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitza kaskarrek behartu zuten aldaketa. Aulki bakarra lortu genuen, Unai Ziarretak dimisioa eman zuen, eta, behin-behinean buru Koldo Amezketa jarri ostean, arduradun berria jarri beharra zegoen, eta neu. Ezohiko kongresua baino hilabete bat lehenago proposatu zidan horretan zebilen lantaldeak.

Erraz eman al zenuen baiezkoa?

Etxean aipatu beharra neukan, eta animatu egin ninduen emazteak. Haren babesik gabe ezingo nukeen ardura horretan egon urte hauetan guztietan. Bestetik, pentsatu nuen neure artean: zer gaizki gauden alderdian, ardura niri proposatzeko... Aurrera.

Helburu nagusia polo subiranista eratzea al zenuten?

Unai-eta hasi zirenean ezker abertzalearekin polo subiranista bat sortzeko saioa egiten, ETAk atentaturik egingo ez zuen bermerik ez zegoen, eta, era berean, ez zegoen bermerik zerbait gertatuz gero erantzun politiko bat emateko. ETAk atentatuak egiten segitu zuen, eta orduan ez zen posible izan polo subiranista sortzea.

EAren 2009ko kongresua hasi bezperan, Eduardo Puelles Espainiako Polizia hil zuen ETAk, Arrigorriagan.

Bai, eta kongresuan minutu bateko isilunea gorde genuen. Neuk kargua hartu eta berehala ere izan zen ETAren hilketarik: uztailaren 30ean, bi guardia zibil, Mallorcan. Noski, ez nuen bat egiten borroka armatuarekin, eta, gainera, borroka armatua ezker abertzalearentzat —haren alde zirenentzat— tresna baino gehiago helburu zen dagoeneko. Bestetik, ezker abertzaleak ordurako babes soziala aldian behin soilik jasotzen zuen. Burujabetzaren aldekook gehiengo soziala lortzeko geure lubakitik irten beharra genuen; bakoitza bere tokian egonda gaitasunik ez genuen gehiengo izateko.

Ezker abertzalearekin noiz hasi zineten berriro biltzen?

Urte hartako azaroan. Hilabete bat lehenago gertatu zen Bateragune auziko operazioa, eta ondorengo egunetan egin genituen hartu-eman batzuk.

Ezker abertzale ofiziala legez kanpo zeukan Madrilek. Neurriak hartuko zenituzten biltzeko.

Halamoduz ibiltzen ginen bilerak egiteko. Gogoan dut pasadizo bat: EAkook autoz gindoazen bilera tokira, eta, bidean, batzarrean izango zen ezker abertzaleko bat ikusi genuen autobus geltoki batean, eta autoan atzera egiten hasi ginen, baina, kasualitatez, Ertzaintzaren auto bat zegoen hantxe, eta berriro aurrera joan ginen; gero, ezker abertzaleko kide horrek esan zigun zeharo beldurtuta egon zela geltokian une hartan, auto bat ikusi zuelako atzerako martxan, polizia auto bat ere han... Badakit jazarpen batzuk izan genituela; neu ez nintzen enteratzen.

Sintoniak segitzen al zuen?

Ezker abertzalekoek esaten ziguten barne eztabaida bat hasia zutela eta ezker abertzale osoak onartu beharko zuela han hartutako erabakia. Guk giza eskubideen alorrean konpromiso politikoa eskatzen genien. Bestela, ez zegoen bide bat egiterik. Elkarrizketen bi aldien arteko desberdintasun bakarra izan zen lehen ez zegoela bidea soilik tresna demokratikoekin egiteko bermerik, eta gero, bai.

Gero, justu noiz?

Ezker abertzaleak 2010eko otsailerako esan zigun barne prozesua amaitua zuela eta estrategia aldatzeko erabakia hartu zutela.

2010eko otsailaren erdian jakinarazi zuen ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpena. Eta gerora jakin zen ETAk otsail hartan utzi zuela jardun armatua.

ETAk utzia zuela nik esango nuke urte hartako astesantuetarako [2010eko apiril hasiera] bagenekiela. Bermea zen hori, jakina.

Ekainean sinatu zenuten ezker abertzalearekin Lortu Arte ituna.

Seguru geunden jada, eta Lortu Arte akordioa egitea izan zen hurrengo lana. Oinarrietan baino arazo gehiago izan genituen idazkeran eta terminoetan, kultura politiko desberdinekoak baikara.

Agurreko pretsaurrekoan, esan duzu «bertigoa» sentitu zenuela. Zehazki, noiz sentitu zenuen: 2010ean Lortu Arte sinatutakoan ala 2011n Bildu sortzean?

Lortu Arte itunaren prozesu horretan. Soilik tresna politikoak eta demokratikoak erabiltzeko bidea ezker abertzaleak egin behar zuen, baina besteok ere lagundu genezakeen, eta EAk laguntzea erabaki zuen. Apustu bat zen, konfiantza genuen, baina ez geneukan gauzak ondo aterako ziren erabateko ziurtasunik. Merezi zuen arriskatzea. Frogatu da merezi zuela.

EAJrekin koalizioa moztea erabaki zenuten 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Asmatu al zuen EAk?

Bai. Guk EAJrekin koalizioa parametro batzuetan geneukan egina. Ibarretxek ahalegin guztiak egiten zituen hori aurrera eramateko, sinesten zuen, baina arazoak EAJ barruan zeuden. Legebiltzarrean estatutu politiko berria [2004] eta Galdeketa Legea [2008] onartu ziren, eta egia da Madrilek ez zituela onartu, baina Sabin Etxeak erabaki zuen bide horrek ez zuela ibilbiderik. EAk esaten zuen EAJn ez bazegoen inolako borondaterik arrisku batzuk hartzeko, ez zegoela justifikaziorik harekin segitzeko. Zer gertatzen zen? Zaila zela erabaki hori gizarteari azaltzea, 2009an Ibarretxe berriro izan baitzen [EAJren] lehendakarigai. EA bere kasa aurkeztu zen orduan, eta ordaindu genuen. Baina guk segitu izan dugu Ibarretxek defenditzen duena sinesten. Adibidez, Ibarretxe aurreko legealdian EAJk eskatuta joan zen Autogobernu lantaldera —EH Bilduk ere eskatu zuen—, eta bere azalpenaren ondoren esan genion den-dena geure egiten genuela, puntuak eta kakotxak barne, baina haren etxean ez zioten horrelakorik; guretzat hori ez zen ustekabekoa izan.

Utzi zuen Ibarretxek ere politika.

Oso emaitza onak lortu zituen 2009ko martxoko bozetan, baina ilegalizazioagatik-eta ezin izan zuen jarraitu lehendakari. Gaizto jarrita, esan daiteke Sabin Etxean batek baino gehiagok lasaitua hartu zuela haren erabakiagatik.

Zaila zen EArentzat egoera une hartan: legebiltzarkide bakarra EAEn; Gipuzkoan ildo kritikoa; ezker abertzalearekin elkarrizketak etenda; ETA ekinean...

Ni karguan jarri eta hedabideek egin zidaten bigarren elkarrizketan kazetari batek galdetu zidan zer egin nezakeen «hildako proiektu bat» aurrera ateratzeko... Hamar urte pasatu dira, eta EH Bildu sortu genuen, bukatu zen ETAren indarkeria, eman dira aurreapausoak Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, Europan toki batzuetan aitortu izan da autodeterminazio eskubidea... Bizirik eta indartsu daude EAren betiko printzipioak: giza eskubideak, justizia soziala eta autodeterminazioa.

EH Bilduren barruan zer rol jokatu du EAk urte hauetan?

2009an azterketa politiko orokorra egin genuen EAn, eta ikusi genuen subiranisten arteko elkarlana sustatu behar genuela. Beraz, irizten genion EA orduan ere, helburu zehatz batzuetarako, tresna bat zela eta moldatu beharra zeukala egoera berrietarako. Beti horrela jokatu izan dugu.

Nolako etorkizuna aurreikusten diozu EH Bilduri?

Ikusi da ezkerreko subiranismoa esparru handi batera iristen dela, eta aurrerantzean ere halako indar bat izango dela. Gauzak ondo ari gara egiten, eta ikasi behar dugu iraganetik. Esaterako, 2011ko udal eta foru hauteskunde haien ondoren, agian ez genuen jakin behar bezala kudeatzen. Garrantzitsuena da zer nahi dugun jakitea, eta EH Bilduk badaki. Eta nola egiten dugun ere garrantzitsua da. Hala ere, argi daukat alderdiek ere bere espazioa behar dutela proiektu honetan, EH Bilduk dinamika propioa izan arte.

Zertaz ari zara «dinamika propioa» esatean?

Oraindik ere alderdietan arduratan dagoen jendeak iraganera asko begiratzen du, eta ez da txarra lehengo erreferentziei-eta eustea, jakin behar duzulako nondik zatozen jakiteko nora joan nahi duzun, baina proiektu honetan jende berria sartzen ari da, eta jende berriak ez die hainbeste erreparatzen iraganeko erreferentziei; gehiago nahi izaten du etorkizuneko helburuez hitz egitea. Hori gertatzen ari da EH Bildun, eta, beraz, bere proiektua dinamika propio batekin garatu beharko du. Bildu, hasiera batean, proiektu desberdinen batuketa bat izan zen, eta halakoa behar zuen, baina gerora beste era bateko mugimendua izango da. Hori bai, asko kezkatuko nintzateke EAk historikoki defenditu izan duen proiektuaren aldean oso desberdina izango balitz. Gaur egun ez da hori gertatzen, eta, bestela, ikusi zein diren EH Bilduren balioak eta planteamendu politikoak; gauza berriak erantsita, jakina. Espainiako Estatuan dugun aliantzako kideak ere EAk historikoki izan dituenak dira. Niri lehen esaten zidaten oso ondo ari ginela, baina hauteskundeetan EA bigarren aukera zutela. EH Bildu aurrenekoa da asko eta askorentzat. 350.000 boto lortu ditugu azkeneko udal hauteskundeetan. Eraiki nahi dugun herria eta gizartea eraikitzeko, EH Bildurena da proiekturik eraginkorrena.

EAEn EAJk oraindik ere koska kentzen dio EH Bilduri, ordea.

2011ko hauteskundeetan hurbildu ginen asko, eta batzuek igual pentsatuko zuten indar metaketarekin eta ETAren jarduera armatua bukatuta, gizartearen babes handi harekin segituko genuela eta hau egina zegoela. 2015ean ikusi zen murriztu egin zela babesa. Euskal gizartean gaindituta dago garaituen eta garaileen eskema, baina EAJ beste eskema bat lantzen ari da: onarena eta txarrarena. Onak, haiek dira; txarra, EH Bildu. Azkeneko kanpainan ikusi da hori, Gipuzkoan oso erasokor aritu delako. Emaitza aldetik, funtzionatu egiten dio. Baina gauzak aldatuko diren itxaropen handia daukat. Badakigu EAJ barruan eta Jaurlaritzan-eta daudenen artean bat baino gehiago kezkatuta dagoela, ez dutelako ikusten herri proiektu bat, baizik eta adabakiak jartzen ari direla. Gainera, EAJk akordioak egiten ditu herri proiektuarekin bat egiten ez duen indar batekin. Kudeaketa batera mugatzen da. EAJk Iñaki Azkuna zenarekin Bilbon deskubritu zuen espainolismoaren eremuan baduela eskuragai boto poltsa handi bat. Azkuna hasi zen PSE eta PP husten, eta EAJ EAEn bide bera ari da jorratzen.

Zein dira EH Bilduren indarguneak alternatiba bat eraikitzeko?

Toki batzuetan ondo ari gara gauzak egiten, eta hori esportatu egin behar dugu. Eta nik uste EAJren estrategia elektoral hori kudeatzea ez dela erraz-erraza ere, ildo abertzaleak eta espainolistak bereganatze horrek badaukalako lanik. Hori bai, orain arte asmatzen ari da. EH Bilduren lana izango da EAJri botoa ematen dioten subiranistak bereganatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna