Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Aintzane Ezenarro. Gogora-ko zuzendaria

«Gai izan beharko genuke kritikak eraso moduan ez bizitzeko»

Memoriaren institutuaren zuzendariaren ustez, indarkeria desagertu zenetik igarotako denborak «lasaitasuna» eman beharko luke «ezkutua kendu eta bestea, jarrera defentsibo batekin entzun beharrean, modu irekiago batean entzuteko».
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko urriak 9 - Bilbo

Duela gutxi, Gogora memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen institutuak 2021-2024 eperako plangintza onartu du. Han agertzen diren egitasmoez eta memoriaren inguruko beste zenbait gaiz mintzatu da institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro (Getaria, Gipuzkoa, 1971) BERRIArekin, Gogora-k Bilbon duen egoitzan.

Sei bat urte dira Gogora abian jarri zela. Nola laburbilduko zenuke institutuaren orain arteko ibilbidea?

Legebiltzarraren askotariko bultzada baten ondorioz sortu zen Gogora; ez zen Jaurlaritzaren proiektua izan, legebiltzarretik sortua baizik. Hasiera horrek erakusten du bazela gizartearen zati handi baten asmo bat iragan hurbilari begiratu, egia azaleratu eta gogoeta egiteko. Bagenekien ez geundela erabat ados gertatutakoaren balorazioaz, baina bazegoen gogoeta partekatu bat egiteko nahia.

Guk bi irizpide nagusi erabili ditugu: alde batetik, parte hartzea sustatzea, memoria guztion artean eraiki behar dugulako; eta, beste aldetik, aniztasuna eta akordioa. Ahalegindu gara memoria ez dadin izan batak besteari botatzen dion harria, eta adostasunaren bidez aurrera egiten. Gure jarduera gehienetan alderdi politiko guztiak egon dira; horrek ez du esan nahi gure desadostasunak ezabatzen direnik, baina ahalegin bat egon da horretarako. Uste dut Gogora erreferentzia eta, nolabait, memoriaren etxea bilakatu dela.

Zeintzuk dira onartu berri duzuen plangintzaren ildo nagusiak?

Nik esango nuke Gogora-ren finkatzea dela. Aurreko planak egitura sortzea ahalbidetu digu, gauza asko egiteko zeuden eta: ikerketari ere bultzada handia eman diogu, eta orain finkatu nahi duguna hedapena da, dibulgazioa eta transmisioa, adibidez, eraikin honetan egongo den erakusketaren bidez. Martxoaren 3ko gertakariak gogoratzeko Gasteizko gunea, Gernikako museoa, hezkuntza arloan elkarlanean egin nahi ditugun proiektuak eta beste zenbait ildo horretatik doaz.

Martxoaren 3ko gertaerak gogoratzeko gunea agertzen da plangintzan. Nola doaz hori gauzatzeko lanak?

Prozesu hauek luzeak eta korapilatsuak izaten dira. Nire ustez, garrantzitsuena izan zen erakunde guztien arteko adostasuna lortzea eta Elizak ere ontzat ematea San Frantzisko elizaren lagapena. Alde sozialarekin eta biktimekin harreman zuzen eta jarraitua daukagu, haiek ere fundazioaren partaide izatea nahi dugulako. Memoria Gara eta Martxoak 3 elkarteetako kideekin lan bilerak egin ditugu, eta adostasuna badugu. Gunean erakutsiko diren materialak elkarrekin lantzen jarraituko dugu. Martxoaren 3ko biktimena oso elkarte saiatua izan da: beti egon dira jardunean amore eman gabe, eta merezimendu osoa dute hor egoteko.

Gasteizen, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa ere ireki da, nahiz eta hori Gogora-ren ardura ez izan. Zu eroso zaude han erakusgai diren mezu eta edukiekin?

Gauza guztien sorburuari erreparatu behar zaio. Memoriala arautzen duen legea 2011ko Biktimen Legea da, eta Espainian onartu zen. Hori erabaki zutenak ez daude hemen, baina zentroa jadanik hemen egonda, gizarteak ez luke ulertuko gutxieneko harreman eta koordinazio bat ez egotea, eta horretan saiatzen gara. Ez dago esan beharrik ikuspegia ez dela berdina. Xedea ere ez da berdina, baina hori legeak ezartzen du: guri legeak agintzen digu XX. mendean izandako lau gertaera traumatiko aintzat hartzea, eta haienean terrorismoa da gaia; adibidez, han jihadismoak presentzia handia du, eta, zorionez, guk Euskadin ez dugu horrelakorik bizi izan. Gauzak partekatu izan ditugu, eta badago gutxieneko harreman bat, baina jakinda ikuspegiak desberdinak direla, legeak hala aginduta.

Mehatxatutako zinegotziei omenaldi bat egitea ere aipatzen da plangintzan.

Zenbait herritan, izugarria izan zen zinegotziek bizi izan zutena, eta askotan ez ETAren mehatxuagatik, herritarrek biziarazitako giroagatik baizik. Jende askok oso gaizki pasatu du, eta hori ez du ETAk egin; herritarrok egin dugu. Errekonozimendua behar dute, ez dagoelako eskubiderik horretarako, jende bati zer bizimodua eman zaion. Horretaz gogoeta egin beharko genuke, eta batez ere agurra ukatzetik pintaketak egiteraino aritu direnek, soilik desberdin pentsatzeagatik.

Horren aurrean, nahiko nuke sektore batzuk defentsiban ez jartzea. Denbora pasatu da, eta horrek lasaitasuna eman beharko liguke ezkutua kendu eta, bestea jarrera defentsibo batekin entzun beharrean, modu irekiago batean entzuteko. Agian zenbait gauza ez zaizkigu gustatuko, baina gai izan beharko genuke onartzeko besteak duen arrazoi zatia, eta kritikak eraso moduan ez bizitzeko. Zintzotasun ariketa hori gabe, zaila izango da elkarbizitza.

1936ko gerrako biktimen datu baseak nolako harrera izan du?

Uste genuen baino handiagoa. Lehenengo astean, 20.000 sarrera baino gehiago izan zituen. Batez ere familiei zerbitzu bat emateak pozten gaitu. Hainbatek jakin dute euren senitartekoa non desagertu zen webgune horri esker.

Lan horrek jarraipena izango du?

Gure asmoa da frankismoan preso egon zirenen zerrenda ere egitea. Lehenengo helburu gisa jarri dugu 1945era artekoak hartzea, baina nik nahiko nuke gutxienez 1959ra iristea; 1962an TOP Ordena Publikoaren Auzitegia sortu zen, eta hor beste prozesu bat egon zen; hori ere ikertu nahiko genuke.

Zure ustez, urrundutako preso bati bisita egiteagatik auto istripuan hildakoak biktimak dira?

Nire ustea baino gehiago, esango dizut herri honek bizi izan duen indarkeriazko egoeraren ondorio bat direla, zalantzarik gabe, baina ez giza eskubideen urraketa baten biktima. Ez nik esaten dudalako, nazioarteko legeriak esaten duelako baizik. Era berean, esan behar da familientzat sufrimendu ikaragarria dela, eta kontuan hartu beharrekoa. Ez nuke nahi inor minduta sentitzerik; giza eskubideen urraketen biktima ez izateak ez die kentzen minaren eta bidegabekeriaren zamarik.

Minaz hitz egiten hasita, GALen biktima batzuk minduta sentitu dira Gasteizen duela aste batzuk egindako ekitaldian omenduen artean sartu zutelako Clement Perret, GALeko kide izateaz akusatutakoa. Nola ikusi duzu polemika?

Egia esan behar badizut, ez dut horren berri izan. Gure kasuan irizpidea argi dago, baina ez orain, Maixabel Lasa Biktimei Arreta Emateko Bulegoko zuzendaria zen garaitik baizik: gauza bat da biktima izaera errekonozitzea, baina biktima izan eta aldi berean biktimagile izan direnek ez dute merezi erakunde publikoen omenaldirik. Kasu hau ez dut ezagutzen, eta ez dakit zeintzuk diren kexatu diren biktimak, ezta pertsona hori GALeko kidetzat jotzen den ere. Biktimagilea zela badakigu?

GALekin lotzen duten informazio ugari agertu dira, baina ez dago GALeko kidetzat hartzen duen Espainiako justiziaren epairik. Edonola ere, Jose Miguel Beñaran Argala ETAko kidetzat hartzen duen epairik ere ez dago, eta zaila egiten da erakunde publikoak hari omenaldia egiten irudikatzea.

Besteak beste, berak askotan bere burua ETAko kide moduan aldarrikatu zuelako. Baina, adibidez, hor dugu Lasa eta Zabalaren kasua ere: guk askotan esan dugu ez dagoela horiek ETAko kidetzat hartzen dituen epairik. Berriro diotsut: ez dut kasua zehazki ezagutzen, baina gure aldetik irizpidea argi dago.

Laster hamar urte beteko dira Aieteko bilkura egin zenetik...

Eta ETAk armak utzi zituenetik.

Hori ere bai. Zerbait prestatu duzue urteurren horiei begira?

Guk, memoriaren institutua garen aldetik, hitzaldiak egingo ditugu hiriburuetan, eta ekitaldi bat biktimak gogora ekartzeko. 853 pertsona hil zituen ETAk gure datu basearen arabera; horiek guztiek bizitza bat zuten, eta jada ez dute. Horrelako ekitaldi bat egin nahi dugu, goxoa eta intimoa. Hitzaldietan, berriz, gogoeta sustatu nahi dugu desberdinen artean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sare Herritarrak iazko urtarrilean Bilbon euskal presoen eskubideen alde eginiko manifestazioa. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Presoen harrerak «era pribatuan» jasotzeko nahia agertu du EPPK-k

Jon O. Urain

Kolektiboak azaldu du bere gogoa dela «sufrimendu oro arintzea». Presoek «hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea» izan arren, EPPK-k dio «ulertzen» duela harrerek eragin dezaketen «samina»

 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

«Jarduteko abagune zabal bat izango dugu»

Iosu Alberdi

Espainiako aurrekontuek euren bideari Senatuan jarraituko diote, baina Garridok aldaketa txikiren bat baino ez du espero. Hala, uste du koalizio gobernua indartuta aterako dela azken asteetako zurrunbilotik.
EAJren zuzendaritzako kideak, Andoni Ortuzar buru dutela, igandean, Barakaldoko BECen. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

EAJk adierazi du Espainian eta Europan eragiteko gaitasunari eusten diola

Gotzon Hermosilla

Ortuzarrek «kalkuluak» egiten dituztenak kritikatu zituen EAJren Batzar Nagusian. Atutxak ere uste du ez dutela eragiteko gaitasunik galdu
 ©Luis Jauregialtzo / FOku

Presoen harrerak «era pribatuan» jasotzeko nahia agertu du EPPK-k

Berria

Presoek «hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea» izan arren, EPPK-k dio «ulertzen» duela harrerek eragin dezaketen «samina». BERRIAk bihar argitaratuko du osorik presoen kolektiboaren agiria.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.