Altsasuko auzia sei hilabeteren ondoren. Elkarrizketa. Bel Pozueta. Adur Ramirez de Aldaren ama

«Gure emozioekin jolasten ari dira, debekuak ezarriz»

Sei hilabete daramatza semeak Soto del Realen preso, eta Bel Pozuetak bizi izandakoa «gogorra» dela nabarmendu du. Altsasuarrek emandako erantzunak aurrera egiteko indarra ematen diela azpimarratu du.

INIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Sei hilabete iragan dira Bel Pozuetari (Iruñea, 1965) egunerokoaren normaltasuna lapurtu ziotela. Azaroaren 14an Carmen Lamela magistratuak espetxeratzeko agindutako zazpi gazteen artean zegoen Adur Ramirez de Alda semea, eta, oraindik ere, Soto de Realgo espetxean daukate. Egoerarekin «oso haserre» dago, eta eurekin jolasten ari diren sentipena ere badu. Adibidez, hiru hilabetez ama ikusi ahal izatea debekatu diote semeari kartzelan.

Nola zaudete?

Sei hilabete luze izan dira. Nekatuta, eta, aldi berean, esperantzarekin gaude. Badirudi kontraesana dela, baina behar dugu itxaropena izan. Sei hilabete pasatu ostean, zer egin behar dugu orain? Ez dakigu jada zer egin, eta, orduan, gauzak etengabe asmatzen ari gara. Kontua luzatuko dela ikusten dugu, eta beldurra ere badugu noiz arte iraungo duen.

Auzitegi Nazionalak hasieratik abiada eman zion auziari, eta, gutxienez, Nafarroako lurralde auzitegiak moteldu egin du, terrorismoa ez dela eta Iruñean epaitu beharko litzatekeela esatean.

Ez da moteldu. Pentsatzen genuen moteldu edo geldituko zela, baina segitzen dute berearekin...

Auzia uneotan Gorenaren esku egonagatik, Auzitegi Nazionalak aurrera jarraitzen du?

Bai, berearekin segitzen du, eta iruditzen zaigu Gorena baldintzatu nahi duela. Gorenak honako hau esan dezake: hain aurreratuta badago hemen Madrilen, zertarako bidali Iruñera berriz ere prozesu guztia hasteko?

Hala ere, lurralde auzitegiak ez zela terrorismoa aldarrikatzeak itxaropena piztu dizue?

Bai. Ilusioa eragin zuen. Gorenak auzia non epaitu behar den argitu bitartean espetxean direnak aske uzteko benetako argudioak zeudela ikusi genuen. Aukera ikusi genuen, baina, aldi berean, bagenekien ezezkoa emango zigutela. Azkenean, ezezkoa eman digute. Iragan larunbatean, Nauel izeneko mutil madrildar batekin elkartu ginen. Hilabete asko eman ditu espetxean, eta aske utzi dute familiarekin bizi delako eta ikasketak dituelako. Gure kasuan, aldiz, justu kontrakoa diote, gurasook ihes egiten lagunduko diogula.

Larunbatean, Madrilen manifestazioa egin zen Poliziaren azpijokoaren aurka. Gainera, Altsasuko auzipetuen aldeko plataforma bat antolatu da. Zer esan nahi du zuentzat?

Ikusi genuen hango jendea laguntzeko eta animatzeko prest. Zabaldu nahi dute auzia. Kalean, berriz, batek galdetu zigun ea zergatik egotzi zieten terrorismoa. Azaldu genioenean liskar bat izan zela, «zenbat hil ziren» galdetu zigun. Erantzun genion liskar hartan ez zegoela hildakorik, zauritutako orkatila bat baino ez. Harrituta zegoen horregatik. Azken batean, kasua nolakoa den jakinez gero, jendea harritu egiten da, baina mezu hori ez da ailegatu. Ailegatu dena da gazteak terroristak direla.

Beste testuinguru politiko batean gaude, eta abenduan senideek BERRIAri esan zenioten hau froga moduko bat zela eta eredugarri izan nahi zutela.

Asteon atera da Mungian tabernan liskar bat izan zela guardia zibil batekin, eta epaiketa ondoren ebatzi zen gastuak partekatzea eta guardia zibilak ere ordaindu behar ziola besteei eragindako kaltea. Antzeko kasu gehiago daude.

Atzera joz gero, gertakariak urriaren 15eko goizaldekoak dira. Noiz hasi zineten jabetzen zurrunbilo haren tamainaz?

Mariano Rajoyk Twitterren «hau ez da zigorgabe geratuko» txiokatu zuenean. Egun hartan, Nafarroa Oinezera joan ginen, eta Euskal Telebistako batek deitu zidan esanez zenbait komunikabidetan astakeria ugari ari zirela esaten eta gure gazteak zeudela tartean, ea zerbait genuen esateko. Hor jabetu nintzen.

Nola zegoen Adur egun haietan?

Oso urduri. Oso. Gainerako gazteak ere hala zeuden. Atxiloketak etorri aurretik erabaki genuen elkartzea eta udalari bilera egiteko eskatu genion, bagenekielako zerbait zetorrela.

Azpijokoaz hitz egiten da. Zergatik gertatu da hau dena?

Batzuetan, elkartzen gara, eta bakoitzak badu historia bat. Hasten gara elementuak lotzen, puzzlea osatu nahirik, baina ez dakigu.

Polizia operazioak ezustean harrapatu zintuzten?

Ez; lau egun lehenago, ostegunean, etxe inguruan poliziak zebiltzan. Goizeko zazpietan etxeko garajetik gora ateratzean, auto batekin egin nuen topo, eta barruan ziren biek makurtu egin ziren, estali nahirik. Galdetu nien ea zeren bila zebiltzan. «Zer uste duzu?», galdetu zidaten. Poliziak zirela erantzun nien. Goiz eta arratsaldez genituen etxe aurrean bi edo hiru guardia zibil. Nabaritu genuen, halaber, Internet eta telefonoak oso poliki zebiltzala. Operazio egunean, berriz, gosaltzen nengoen, eta ilun zegoen. Bat-batean, beltzez jantzitako hiru gizon txanodun ikusi nituenkorrika. Gure etxe ondoan bizi da Aratz, beste gazteetako bat, eta, ikastera zihoanez, autobusa hartu zuen. Euren aurrean ihes egin omen zien, eta atzetik autoa hartzera korrika ikusi nituen. Ez nion inori esan. Hain nengoen beldurtuta, uste bainuen nire irudimenaren kontuak zirela.

Adur non atxilotu zuten?

Auzitegi Nazionalera joan zen deklaratzera. Etorri ziren etxera, baina, ez zutenez epailearen agindurik, ez ziren sartu. Ezetz esan genien, eta, azken unean, senarrak esan zien sartzeko. «Hark atera behar du, baina gu ez gara sartuko, bestela nahi duzuena kontatuko duzue eta», esan ziguten. Ez ziren sartu.

Sei hilabete iragan dira. Soto del Realgo espetxean jarraitzen du Jokin eta Oihanekin batera. Elkarrekin daude?

Egoten dira astean bi egunez ordu eta erdi edo bi orduz. Gutxienez,elkarri kontatzen dizkiote euren istorio eta beldurrak.

Nolakoak izan dira hilabeteok?

Momentu oso desberdinak izan dituzte. Adurren kasuan, hasieran oso triste zegoen, bere etorkizunarekin oso kezkatuta. Ez zuen sinesten gertatutakoa. Gero lasaiago zegoen, jendea ezagutzen, eta harremanak sortzen. Berriro ere modulua aldatu zioten, eta toki berrian egokitzen ari zenean... aske utzi zituzten lau lagun. Alde batetik, pozgarria da, baina, bestetik, galdetu zuen «zergatik ni ez?». Aldaketekin etorri ziren berriro, eta bere neska lagunari sartzeko debekua ezarri zioten, ez bisitarik ez aurrez aurrekorik.

Haiekin jokatzen dute?

Bai. Arlo emozionalekin jokatu dute, eta nirekin egotea ere debekatu izan diote. Urtarrilaren 7tik apirilaren 23ra arte ez didate harekin egoten utzi. Jokatu dute nirekin eta neska lagunarekin. Azkenean, gorabeherak dituzte. Jokin eta Adur oso-oso haserre daude, eta Oihan ere berdin. Ezintasun handia dute.

Tren handi batek harrapatuko balitu bezala.

Hori da. Ezintasuna handia da, ez dakizu zer gertatuko den eta zenbat iraungo duen. Neska lagunaren urtemugan joan ginen beregana, ez zuen ezer jakiterik nahi. «Ez esan ezer. Hor egon behar nintzen... eta ez hemen», esan zigun.

Itxaropenerako tartea irekitzen du ikusteak beste kasu batzuetan goiz edo beranduago aske uzten dituztela?

Bai, baina aldi berean ere pentsa liteke eredugarri bihurtu nahi dutela kasu hau. Aurreko batean ere Diario Vasco-n agertu zen kasua luparekin begiratuko zutela.

Gurasoen antolakuntza garrantzitsua izan da. Argi eduki zenuten kaleratu beharreko mezua?

Batzen gaitu, sentsibilitate politiko desberdineko pertsonak gaudelako. Nik uste dut jendeak ikusi duela denok elkarrekin gaudela, eta gai garela adosteko. Oso aldarte ona dugu gure artean. Kostatu zitzaigun batzuetan, bagenituen gure eztabaidak, eta lortu genuen akordio bat. Hortik aurrera, sendo izan gara, eta jendeak batuta eta elkarrekin ikusi gaitu. Hori eskertzen du.

Herri dinamikan jende askok parte hartu du. Zertan lagundu zaituztete?

Iparra ez galtzen lagundu digute. Hasieran ikusten genuen arlo politikoan eta komunikazioan lan asko zegoela egiteko. Gurasoak bat-batean sartu ginen dinamika batean, eta ia-ia egunero egiten genituen bilerak. Arnasa eta lasaitasuna ematen digu beste pertsona batzuk esateak gai honekin eurak arduratuko direla edo beste honekin gelditzea beharrezko dela. Adibidez, prest geunden Iruñean manifestazio handi bat antolatzeko, eta hau aholkatu ziguten: «Lasai, kartutxoak gorde egin behar dira».

Herria zertan aldatu da?

Ez dakit, ez dugu denborarik pausatzeko. Harritzen nau mendira joateak arnasa apur bat hartzekoasmoz, eta han elkartzea jendearekin. Edozein lekutara joanda, oraindik ere, sei hilabete geroago, jendea kezkatuta eta interesatua dago. Edozer gauza behar izanez gero, laguntzeko prest.

Zubi lanak zer garrantzia izan du? Adibidez, Kongresuan lortu zen alderdi askok bat egitea.

Esan digute ez duela inork lortu 89 diputatuk bat egitea. Gurekasua, azken batean, politikoa da, eta erantzun horrek badupisu politikoa. Berez, guretzat liskar bat izan da, baina batzuk kasu politiko egin dute. Guk, aldiz, argi utzi nahi dugu liskar bat izan zela.

Auzitegi Gorenaren aurrean, zer aukera?

Ardura handiagoz jokatu behar lukete, baina ikusita nola doan dena, eta ikusita dena salbuespen egoera dela, ez dakit. Hainbeste gauza dira arraroak...

Honek guztiak zer alde on eta txar utzi dizkizue?

Askatasun faltak eragindako guztia da txarra. Gogorra da. Baina bestalde, aktibazio soziala dago.Atera behar gara kalera, ezin gara etxean geratu. Hori gertatu da Altsasun. Adurri esaten diot: «Zoritxarrez, zuen lepotik, baina lortu dugu aktibazio politikoa, eta gizartearentzat hori ona da. Jendea ez da geratu telebista ikusten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.