Errepide zaharra deskargatzeko autobidea

Gaur irekiko dute Deskargako mendatetik Bergarara arteko errepide zatia, eta, horrekin, amaitua izango da Beasain-Bergara autobidea: A-636 izena jarri diote. Bidesaria edukiko du errepideak, baina Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du ez dutela martxan jarriko 2020ra arte. Oraindik ez dituzte zehaztu prezioak.

Errepide zaharra deskargatzeko autobidea.
Donostia
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Osorik irekiko dute gaur Beasain-Bergara autobidea (Gipuzkoa), Deskargako mendatea saihestuko duen errepide berria. Mendatetik Bergarara arteko zatia falta zen egiteko, eta, bi urteko lanen ostean, eguerdian zabalduko dute bost kilometroko tarte hori. Gipuzkoako Aldundiak iragarri duenez, A-636 izena jarri diote autobideari —orain arte GI-632 izan da errepidea—. Uste dute egunean 9.000 ibilgailu baino gehiago igaroko direla autobidetik. Deskargako saihesbidea irekita, diputazioak amaitutzat jo du Gipuzkoako Biribilgunea izeneko proiektua, errepideen azpiegitura sare nagusia: 234 kilometro autobide ditu herrialdeak, eta aldundiak nabarmendu du herritar guztiek ordu laurden baino gutxiagora dutela autobide bat.

Hamarkada luzeetako proiektua izan da Deskargako autobidearena. 1990eko hamarkadaren hasieran ekin zioten Beasain-Durango errepidea eraikitzeari, eta faseka joan da obra. Deskargako mendatetik Bergarara arteko zatia izan da korapilatsuena, eta aurrekontuaren zatirik handiena hara bideratu dute, aldundiak azaldu duenez. Urteotan, errepide zaharretik joan dira ibilgailuak —Deskargara arteko zatia irekita egon da aurreko urteetatik—; bide deserosoa da, maldaz eta bihurgune itxiz betea, eta kamioi ugari pasatzen dira. Autobidea izango da guztia aurrerantzean, eta lotura izango du beste bi autobiderekin: Bergara aldetik, AP-1arekin; Beasain aldetik, N-1arekin. 23 kilometroko errepidea da A-636, eta 11 minutu beharko dira igarotzeko, aldundiak iragarri duenez.

Bidesaria izango du Deskargako saihesbideak; hori jakinarazi du diputazioak. Hala ere, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu du «momentuz» ez dutela martxan jarriko, «gutxienez 2020. urte bukaera arte». Azken urteetan bidesaria jarri dute Gipuzkoako beste autobide batean, N-1ean, baina ez die ibilgailu guztiei eragin, kamioiek soilik pagatzen baitute. Deskargan, ordea, bai, autoek ere ordaindu beharko dute bidesaria.

Bidesaria, arku bidez

Arkuen sistema jartzeko asmoa du aldundiak. 2017an ezarri zuten arku bat errepidean, Zumarraga inguruan, baina Oiarbidek azaldu du aldundiak ez dakiela zenbat kilometro hartuko dituen arku horrek: «Planteamendu orekatua aztertzen ari gara. Europako Batzordearekin hainbat aukera aztertu, eta planteamendu zehatza erabakiko dugu hurrengo hilabeteetan». Aldundiak ez du zehaztu zenbatekoak izango diren bidesariak, ezta zer desberdintasun egongo diren ere autoen eta kamioiei artean. Oiarbidek gehitu du bidesarien eztabaida «gaindituta» dagoela: «Gipuzkoako Batzar Nagusietan inork ez du zalantzan jartzen halako errepideetan bidesaria jarri behar denik».

Bidesarien gaiak, ordea, hautsak harrotu ditu autobide berriaren erabiltzaile izango direnen artean. Antzuola eta Bergara dira errepidearen zati horretatik gertuen dauden herriak. Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak (EH Bildu) kritikatu egin du bidesaria: «Antzuolar moduan, desastre hutsa iruditzen zaigu, eta ez soilik Antzuolar modura: Debagoienetik irten nahi baduzu eta edonora azkarrago iritsi, nahitaez pagatu behar duzu». Ohartarazi du eskualde batetik bestera desberdintasunak daudela; aipatu du, adibidez, N-1 errepidea ez dela ordainpekoa. «Iruditzen zait bigarren mailako herritartzat hartzen gaituztela; sentsazio hori daukat. Hasieratik esan genuen ez genuela bidesaririk nahi».

Autoen erabiltzaileei ez ezik, bereziki kamioilariei eragingo die bidesariak. Hiru garraiolari sindikatuak gogor kritikatu zuen N-1 errepidean bidesariak jartzea, eta iritzi bera dute A-636 errepide berriari buruz ere: «Bidesarien aurka gaude. Azpiegitura publikoak dira, eta, hala diren heinean, denen artean ordaindu behar dira, zergen bidez», adierazi du Jaione Ugalde sindikatuko ordezkariak. Salatu du agintariek ez dituztela kontuan hartu garraiolarien eskariak, eta «oso gutxi» egiten ari direla bertako garraiolarien alde: «bat gehiago» izango da Deskargako bidesaria, haren esanetan. «Hori da gure egoera. Halere, ofizialki ez dakigu askorik; aldundia ez da gurekin harremanetan jarri zer tarifa egongo diren esateko, eta ez dakigu aldaketak nola eragingo dien euskal garraiolariei».

Bidesariei buruz bestelako iritzia du Bergarako alkate Elena Letek (EAJ). Argudiatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan adostu zutela Deskargako autobideari bidesariak jartzea, eta Europako Batzordeak zehaztutako neurriak nahitaez bete behar direla: «Bakoitzak bere baliabideak kudeatu behar ditu, eta ordaindu. Europak esaten duena betetzen saiatu behar dugu». Bergarako alkateak nabarmendu du errepide berriak abantaila ugari ekarriko dituela herrirako: «Bergara gune estrategiko batean dago, eta errepide hori lagungarria da gune estrategiko bat izaten jarrai dezan. Balio erantsia emango dio Bergarari kokapenari dagokionez, baita gure industria jarduerari ere».

Lan gorabeheratsuak

Ia 30 urte joan dira A-636 autobidea oso-osorik egin dutenerako. 1992an inauguratu zuten Antzizarko lotunea (Beasain), eta sei urteren buruan ireki zuten handik Ormaiztegirainoko tartea. 2005ean ailegatu zen errepidea Zumarraga sarrerara, eta 2012an Legazpirako bidegurutzera. Orain arteko azken zatia, Deskargako gainera heltzen dena, 2015eko martxoan ireki zuten.

Hortik aurrera, lanak «korapilatzen» hasi ziren. Bi urteko geldialdia egon zen Deskargatik Bergararako errepide zatian, 2015 eta 2017 artean. Izan ere, 2015eko otsailean gelditu egin zituzten lanak, errepidearen lanek lur mugimenduak eragin zituztelako. Aldundian Bildu zegoen garai hartan, eta eraikuntza enpresarekin zeukan kontratua eten egin zuen, obraren gainkostua %10etik gorakoa zela argudiatuta. Iragarri zuen lanak gauzatzeko proiektu sendoago bat jarriko zuela mahai gainean. Urte bereko maiatzean, ordea, EAJk irabazi zituen hauteskundeak, eta foru gobernu horrek kudeatu du falta zen zatia.

Diputazioak eskualdeko orografiari egotzi dio proiektua atzeratu eta garestitu izana. 2016an azaldu zuen lurren mugimenduetarako eta lurrak egonkortzeko erabili zutela errepidea eraikitzeko aurrekontuaren %40. Izan ere, «punta-puntako teknikak eta konponbide teknologikoak eskatu dituzte obrek», aldundiaren hitzetan. Gainera, nabarmendu du «paisaia berreskuratzea» izango dela proiektuaren beste arlo nagusietako bat, eta datozen hilabeteetan egongo dela ikusgai.

Begi bistakoak dira paisaiak jasan dituen aldaketak, Antzuolako alkatearen aburuz. «Zirkulazioa gutxituko da, baina, aldi berean, asko galdu dugu. Asko hitz egiten da ingurumenaz, eta azpiegitura erraldoietara jotzen dugu; interes orokorrekin, edozeren gainetik pasatzen dira agintariak, eta parean jartzen zaien guztia birrintzen dute. Bihotzeko mina ematen dit Antzuolako magala suntsituta dagoela ikusteak». Oraingo errepidea Antzuolako herri albo-albotik pasatzen da, eta herritarrak «nazkatuta» daudela uste du alkateak. Autobidearekin, zirkulazioa aldendu egingo diete.

Lan istripua

Autobidea egiteko obretan lan istripu larri bat gertatu zen 2013ko irailean; 33 urteko langile bat hil zen, gidatzen ari zen kamioia hamar metrotik erori eta iraulita. Gizonezkoak salto egitea lortu zuen, baina kamioiaren azpian gelditu zen harrapatuta. Ibilgailua aurretik erabili zuten langileek ohartarazia zuten akatsak zituela. Hala ondorioztatu zuten ikuskatzaileek ere, kamioiaren balaztek huts egin zutela. Aballa enpresako langilea zen gizona, eta azpikontratatuta ari zen Deskargako obretan. Enpresa horretako kudeatzaileari urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten, langileen segurtasunaren aurkako delitua egin izana leporatuta. Langilearen familia ez zen ados azaldu, eta ardura hartzeko eskatu zioten diputazioari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.