Aukera bat eraldaketarako

Herri mugimenduetan sumatu dituzten eztabaida eta kezketatik abiatuta, Joxemi Zumalabe fundazioak gatazken inguruan gogoeta egiteko liburuxka bat egin du. Euskal Herriko kolektibo eta taldeentzat «tresna praktikoa» izan dadila nahi dute, nork bere beharretara egokitu dezan.
Ainhoa Narbaiza eta Marta Luxan, Joxemi Zumalabeko kideak.
Ainhoa Narbaiza eta Marta Luxan, Joxemi Zumalabeko kideak. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Edurne Begiristain -

2019ko ekainak 26
Premisa batetik abiatu dute gogoeta: «Gatazkak ezin dira desagerrarazi. Ezkutuan edo agerian, beti aurkituko ditugu bidean». Azken 30 urteotan izan diren estrategia aldaketetan, korapiloetan, blokeoetan eta konfrontazioetan jarri dute arreta, eta etorkizunera begirako erronkei heltzeko gogoeta bat egin dute. Tokian tokiko gatazken esperientziak bildu eta ikuspegi zabalago batera egin dute jauzi, horiek aztertzeko tresna eta bide orri bat lortu nahian. Emaitza: Gatazkak. Borroka moldeak eta kultura politikoa herri mugimenduetan liburuxka. Joxemi Zumalabe fundazioak landu du. Gaur arratsaldean egingo dute aurkezpena, Donostian.

Herri mugimenduetan antzeman dituzten eztabaidak jasotzeko, aztertzeko eta laguntzeko asmoarekin abiatu duten ibilbide berriaren emaitza da liburuxka. 2012an, militantzia politikoari eta kolektiboen barne horizontaltasunari buruzko gogoeta prozesu bat abiatu zuten, eta horren ondorioetako bat da liburua. Prozesu horretan sortu zen haratago gogoeta bat egiteko beharra, eta orduan ondorioztatu zuten beharrezkoa zela barrura ez ezik kanpora ere begiratzea. Liburuxkan jaso dituzte bidean bildutako galdera eta tresna praktikoak. Herri mugimenduek gogoeta egiteko, bide berriak irekitzeko eta erabakiak hartzeko lagungarriak izatea nahi dute.

«Tresna» gisa aurkeztu dute kaiera. Herri mugimenduentzat baliagarria izan daitekeen tresna bat. Alde batetik, gaur egun Euskal Herrian gatazkak non eta nola gauzatzen ari diren aztertzeko. Eta bestetik, eskala txikiagoan, gatazken aurrean herri mugimenduen estrategietan pausatzeko galderak egiteko. Marta Luxan eta Ainhoa Narbaiza fundazioko kideak ibili dira liburua prestatzen. «Tresna bat da, kolektibo bakoitzak egokitu beharko duena bere beharretara, nahi izanez gero», azaldu du Luxanek. Irakurterraza eta eskuragarria da liburuxka. «Praktikoa» izatea ere badelako asmoa, Narbaizak gehitu duenez. «Tresna hau kolektibo batek bere hastapenean, ibilbidean zehar edo ibilbidearen amaieran erabiltzeko interesgarria dela uste dugu. Ibilbide amaieran eginez gero, egindako lorpenak jasotzeko, adibidez».

GATAZKAK: ZER DIRA?
Ikuspegi eta era oso ezberdinetatik definitu, ulertu eta azter daitezke gatazkak. Etimologikoki, gatazkak talka esan nahi du, bi alderen edo gehiagoren artean gorpuzten den ikuspegi edo jarreren arteko talka. Joxemi Zumabaleko kideek adiera horren erroetara jo dute, eta gatazkaren esanahi zabalago bat bilatu. Gatazkaren sustraietan zer dagoen azaldu du Luxanek: «Ezberdintasun sozialetan dago gatazken jatorria, eta gatazkak eraldaketa sozialak bultzatzeko tresna lirateke».

Hala, gatazka, arazo gisa bainoago, «aukera» moduan ikusten dute. «Eraikitzailea» dela uste dute, jarrera indibidual zein kolektiboak mugiarazteko balio duen heinean. Luxanek azpimarratu du ideia hori: «Gatazka ez da ekidin beharreko zerbait. Eta uste dugu badela garaia herri mugimenduek arazo gisa baino gehiago jarrera ezberdinak ikusarazteko aukera moduan hartzeko».

HIRU MAILA
Gatazka(k). Konfrontazioa. Protesta. Prozesu beraren barruko hiru maila. Ba al da ezberdintasunik hiruren artean? Joxemi Zumalabeko kideek baietz uste dute. Ongi bereizi dituzte hiru kontzeptuak. Gizarte desorekak eragiten dituzten ezberdintasun sozialetan dute gatazkek oinarria. Konfrontazioa, egoera bat eraldatzeko eraikitzen den harreman soziala da. Eta, protesta, gatazkek hartzen duten forma litzateke. Okupazioaren adibidearekin, ongi islatu dituzte hiru maila horiek: okupazioaren atzean dagoen gatazka ez du okupazioak berak sortzen: «Horren jatorria jabego pribatuan dago, espazio eta etxebizitzei ematen zaien erabileran». Gatazka, beraz, jabego pribatua litzateke, eta konfrontazioa, aldiz, okupatutako espazio hori hustea litzake; protesta, berriz, okupazioaren inguruko mobilizazioak lirateke.

TESTUINGURUA
Testuinguru politiko eta sozialak markatzen du, hein handi batean, garai bakoitzeko ekintza kolektiboa. Unean uneko errealitateak baldintzatu egiten ditu herri mugimenduetako antolaketa moduak, eta eragina dauka eraldatzeko gaitasunean. Hala ondorioztatu dute Joxemi Zumalabe mugimendukoek. Euskal Herrian, azken hamarkadetan izan den gatazka politikoa kontuan hartzeko elementu bat dela uste dute. «Borroka armatuak aje eta ondorio batzuk utzi ditu», dio Luxanek. Oraindik ere borroka armatuaren garaiko «logikak» eragin handia du herri mugimenduko sektore askoren diskurtsoan eta jardun politikoan, azaldu duenez. Borroka armatuaren aje horrek, hala ere, «gogoetarako» espazioa eta «birkokatzeak» eragin ditu kolektiboetan eta norbanakoetan.

Baina, Euskal Herriko gatazka nazionalaz haratago, bestelako gertakariek ere izan dute gaitasuna testuingurua erabat eraldatzeko, eta herri mugimenduek horiek ere kontuan hartu beharko lituzkete estrategiak garatzeko. «Ezin dugu duela 30 urteko klabe berdinetan komunikatu», azaldu du Narbaizak. «Gatazka bat piztu edo ikusgarri egin nahi badugu, gure estrategia, komunikatzeko era eta antolatzeko modua ere moldatu beharko ditugu testuinguru berrira, gizartea bera aldatu delako». Narbaizak ezinbestekotzat jo du begirada «zabaltzeko» ahalegina egitea, inguruan bizirik dauden bestelako gatazkak kontuan hartzeko. «Gatazka horiek ere ondorioak izan dituzte, eta ezin ditugu ahaztu», gaineratu du Luxanek.

Feminismoaren eremuan ikusi dute adibide argi bat. Zehazki, etxeetako langileen aldarrikapenetan. Luxanek azaldu du: «Martxoaren 8an, askok ezin izan zuten greba egin, beren lan baldintzengatik, eta horrek eraman behar gaitu pentsatzera zer protesta mota egin dezakegun pertsona horien baldintzak ikusarazteko».

BARRURA ETA KANPORA
«Pendulu» efektua sor daiteke gatazkak barrura eta kanpora begiratzeko orduan, Joxemi Zumalabeko kideen ustetan. Hau da: fokua kolektiboen zein taldeen barne bizitzetan jarriz gero, arriskua egon daiteke kanpo elementuei arreta gutxiago jartzeko. Joxemi Zumalaben luze eztabaidatu dute gatazkek barrura begira dituzten ondorioez; alegia, kolektibo edo norbanakoengan duten eragin fisiko, animiko, errepresibo edota ekonomikoaz. Gogoetarekin, honako ideia hau plazaratu dute, Luxanek azaldu duenez: «Gatazka batean murgilduta gaudenean, benetan arreta jartzen al diegu horrek izan ditzakeen ondorioei? Gatazka bat enkistatuta dagoenean, ez da emankorra izaten, ez soilik eraldaketa sozialari begira, baizik eta kolektiboko pertsonen bizitzei begira».

Barrukoaz gogoeta luzea egin ondotik, ordea, ezinbesteko iritzi diote kanpora begirako ondorioei ere arreta jartzeari. Funtsezkoa delako ekimenek batzeko duten gaitasunari ez ezik norberaren estrategiarekin duten harremanari ere erreparatzea. Hala, gogoetarako galdera sorta bat ekarri dute: «Posible al da jende multzo zabal bat gure estrategiarekin identifikatzea eta hor egon nahi izatea? Jendearen motibazio eta gogoez gain, ba al daude haien parte hartzea mugatu dezaketen elementu materialak?...».

ESKALATZEA
Gatazka orok faseak ditu. Batzuetan puri-purian egongo da, eta beste batzuetan, aldiz, ahaztuta. Gatazka fase batetik bestera mugitzeari edo mugiarazteari «eskalatzea» esaten zaio. Luxanek azaldu du: «Iruditzen zaigu fase berean mantentzen den gatazka batek ez duela eraldaketarako ate askorik irekitzen. Beraz, ulertzen badugu gatazka eraldaketarako tresna bat dela, beste fase batera pasatu behar du».

Gehienetan, gatazka eskalatzea indarkeriaren erabilerarekin lotzen da, baina ez du zertan. «Ez dugu irudikatzen eskalatzea biolentziara edo desobedientziara igarotzearekin. Badaude beste modu batzuk fasez aldatzeko», azaldu du Narbaizak. Gatazka ikusgarriago egitea izan daiteke horietako bat: «Jende gehiago erakartzea, iritzi gehiago biltzeko bideak jartzea, jende gehiago inplikatzea... bada fasez aldatzea», gehitu du Luxanek.

Kontrako bidea ere gerta daiteke. Alegia, gatazka larregi tenkatu bada edo «asko eskalatu» badu, aproposa izan daiteke mailaz jaisteko baliabideak jartzea. Horrela azaldu du Luxanek: «Une batean akaso komeni zaigu tentsioa murriztea eta ikustea zer ondorio izan dituen kanpora begira edota pertsonengan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna