Koronabirusa

Hiru hilabete gelan sartuta

Asteartean, Nafarroako Gobernuak baimena eman zuen zahar etxeak irekitzeko. Erruki Etxean, lurraldeko egoitzarik handienean, gogor jo du COVID-19ak, eta aurre egiteko neurriek bestelako zauriak islatu dituzte.

Egoiliar bat, Iruñeko Erruki Etxetik atera eta anaia agurtzen, atzo. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
S ARS-CoV-2 koronabirusak gogor jo du makina bat zahar etxetan. Nafarroan, 74 egoitzetatik 33tan kasu positiboak izan dira, eta, behin hori gertatuta, ia su hartu du COVID-19ak, poxpoloen antzera. Su hesi gisa neurri gogorrak ezarriagatik, pandemiaren lehen olatu honen epizentroan kokatu ditu adinekoen egoitzak: 1.262 kasu positibo eta 423 hildako. Datu lazgarri horren atzean, pertsonak daude, eta egoiliar bakoitzaren atzean, istorio ugari. Koronabirusa izan zein ez, egoera ulertzeko ahalmena izan zein ez, hiru hilabete eman dituzte gelako lau hormen artean.

Asteartean, Nafarroako Gobernuak zahar etxeetako ateak irekitzea baimendu zuen. Iruñeko Erruki Etxean, goizez zein arratsaldez, egoiliarrek txanda eskatu behar dute atera ahal izateko.Nahiz eta ehunekotan Tafallako San Francisco Javier zahar etxean pandemiaren eragina lazgarriago izan den, Erruki Etxean izan da kasu eta hildako gehien. Bertan bizi diren 575 egoiliarretatik 170ek hartu dute birusa, eta 68 hil dira.

Senideekin hizketan

Ateak lehen aldiz ireki zirenetik hiru egun igaro dira. Atarian, langileetako batek eskuak garbitzen dizkie sartzen eta irteten diren guztiei. Ordua eskatu ez dutenetako askok hormen barruan jarraitzen dute, eraikinaren kanpoalde zabalean oinez, goizeko eguzki printzez gozatzen.

Batzuk hormaren bestaldean den senideren batekin hitz egiten ari dira. Adibidez, Natividad Eslaba luze aritu da Erruki Etxe barruan den ahizparekin azken egunetako berriez kontu-kontari. Ahizpa arratsaldean irtengo da kalera ilobarekin, baina, hormaren bestaldetik bada ere, Natividadek eskertzen du azken bi asteetan ahizpa gertutik ikusi ahal izatea. «Apur bat argalago ikusten dut». Alarmaren lehen egunak kezkatuta eman arren, «buruz ongi» dago ahizpa, eta telefonoz harekin harremanetan egoteak indarra eta lasaitasuna eman dio sendiari.

Natividad Eslabarengandik gertu beste emakume bat dago—nahiago du izenik ez eman—, baina haren kasua zeharo desberdina da. Barruan du izeba, eta hiru hilabeteok «oso gogorrak» izan dira. Izeba ez dago buruz ondo, eta, ondorioz, ezin izan du ulertu zergatik behartu duten logelan bakarrik egotera, ezta zergatik ez datozkion senideak bisitan ere. «Uste du abandonatu egin dugula». Ilobaren ustez, ulermen gaitasun hori ez izatea egoitza inguratzen duena baino murru sendoagoa izan daiteke. Gainera, izebak belarritako entzungailua galdu du, eta horrek are gehiago zaildu du komunikazioa. Azkenik, harekin egoteko aukera izan dute: entzungailua emateaz gain, aurrez aurreko komunikazio horrek dena aldatzen du: lagungarri da bai adinekoentzat, bai haien senideentzat ere.

Hala ere, burua ongi edukiagatik, egoera ulertzea zaila izan daiteke. Ibilgailua lagun, Tere Jimenez tipi-tapa irten da Erruki Etxetik eserleku baten bila, eta atsekabe aurpegia jarri du hiru hilabeteoz galdetzean: «Kartzela bezain gogorra izan da». Apirilean bederatzi egun eman zituen erizaintzan, positibo eman zuelako, sintomarik gabe: «Ez zait ezer gertatu». Alta, bakartuta egote horrek bai, min egin dio: «Ez dut ulertzen zergatik hartu dituzten neurri guztiok. Zuk uste duzu hau dena beharrezkoa zela? Porrot bat izan da». 87 urte, eta «sekula» ez du halakorik bizi izan.

Sakelakoa lagun

Errealitate beraren ifrentzua da Antonio Martija lekunberritarra. Bi hilabete eman ditu logelan bakarrik, batzuetan «ate aurrean jarlekuan eserita», besteetan «gelan gora eta behera oinez». Azken asteetan korridorean ibiltzeko aukera eskertu du, eta bapo jan duela nabarmendu: «Orain baino hobeki eman digute jatera». Erruki Etxe barruan du arreba, eta, hura gaixotu egin bada ere, ongi dago, nahiz eta Antoniok ezin izan duen harekin egon. Umorerik ez zaio falta. Hainbeste itaun egiteaz harrituta, galdera itzuli dio kazetariari: «Aizu, zu ez zara gobernukoa izango? Zer moduz gauden galdekatu ohi digute». Antonio Martijak sakelakorik ez zuenez, bat pasatu zion Eduardo Larrasoain ilobak, familiarekin hitz egin zezan: «Lehen egunean, 120 minutuak agortu zituen».

Atea ireki izanak egoera hobetu dela erakusten badu ere, pabiloi bat itxita dago oraindik. Pandemia amaitu ez den ohartarazpen argia .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.