Amaraun judizial batean

Josu Urrutikoetxeak baldintzapean aske uzteko egindako eskaera aztertuko dute gaur, Parisen. Frantzia euskal presoaren aurkako bi epaiketa egitekoa da, eta Espainiak bi estradizio eta bi euroagindu eskatu ditu

enekoitz esnaola
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Maiatzaren 16an atxilotu zuten Josu Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) ETA zeneko militante historikoa, Frantziako Alpeetan, eta Espainiako Estatuaren eskaerengatik eta Frantziako auziengatik, amaraun judizial batean daukate, hainbat auzi baititu zabalik. Gaur, Dei Auzitegiko estradizioen instrukzio auzitegiak, euskal presoak baldintzapean aske uzteko egindako eskaera aztertuko du, Parisen.

1. BALDINTZAPEKO ASKATASUNA (I)
Defentsaren bigarren eskaerari buruzko saioa, gaur

Urrutikoetxearen abokatuek orain dela aste batzuk bigarrenez eskatu zuten hura baldintzapean askatzeko, epaileek hainbat auziren aztertze saioak abuztu ondorenera pasatu ondotik, eta gaur jakingo da kontrol judizialpean libre utziko duten ala ez. Parisen izango da auzi saioa, Frantziako Dei Auzitegiko estradizioen instrukzio auzitegian, 14:00 aldera. Ekainaren 19an, Dei Auzitegiak baldintzapean aske utzi zuen, nahiz eta gero Urrutikoetxeak preso jarraitu zuen, Parisek ameto eman ziolako Espainiaren egun hartako atxilotze eskaerari.

Defentsak uste du badirela arrazoiak baldintzapean askatzeko: gaixotasun larria du —prostatatik ebakuntza egin zioten irailaren 2an, Parisko erietxe publiko batean—; Frantziako justiziaren kontrolpean egoteko «bermeak» daude —Louis Joinet frantziar legelariak proposatua du bere etxean hartzea Urrutikoetxea—; eta ekaineko aldeko erabakia. Euskal presoaren seme Egoitz Urrutikoetxeak ekaineko auzi saioaren ondoren adierazi zuenez, zuzenbidea betetzeagatik eta Euskal Herriko egoera politiko berria kontuan hartzeagatik ere hartu zuten erabaki hura aretoko hiru epaileek.

Fiskaltzak uda honetan bertan helegiteak aurkeztu ditu Frederique Haranburu eta Lorentxa Beirie euskal presoak baldintzapean askatzearen alde epaileek emandako ebazpenaren aurka. Aldiz, azkeneko bi urteetan, Parisek oraindik epaitu gabeak dituen beste bi kasutan —ETAren zuzendaritzako kidetzat jotako bi kasutan, zehazki— gauzatu izan ditu mota horretako askatasunak: Mikel Irastorzarenean (2017) eta Mikel Barriosenean (2018).

Ekaineko ebazpena ustekabekoa izan zen Urrutikoetxea sendiarentzat. Gaurkorako ez daude baikor, ekainaren 19ko atxiloketaren atzean bi estatuak egon zirela iritzita. Fiskaltzak askatasunaren aurka egingo du berriz ere. Presoa libre uzteko eskatu dute EH Baik, EH Bilduk, Sortuk eta euskal presoen eskubideen alde lanean diharduten hainbat elkartek, baita nazioarteko intelektual eta ekintzaile ezagun ugarik ere.

2. BALDINTZAPEKO ASKATASUNA (II)
Ekaineko erabakiaz fiskaltzak ka sazio helegitea

Fiskaltzak kasazio helegitea aurkeztu zuen Dei Auzitegiak ekainean hartutako erabakiaren aurka: prozedura akatsa onartu zelako, baldintzapean aske uzteagatik eta auzia Korrekzionalera pasatu zelako. Atzo aztertu zuten helegite hori Parisen, Auzitegi Gorenean, publikoa izan ez zen saio batean, eta hilaren 24an emango dute ebazpena. Auzi horrek ez dio gaurko balizko baldintzapeko askatasunari eragingo, kasu desberdinak baitira.

3. EPAIKETA (I)
Jarduera armatua bukatu osteko elkarrizketagunea Oslon

 Frantziak hamarkada honetan bi aldiz epaitu du Urrutikoetxea, ETArekin lotuta, eta bietan kartzela zigorra ezarri dio: 2010ean eta 2017an. Bi aldietan sasian zen hura, ez zuen jaso epaiketaren jakinarazpenik, eta, maiatzean atzeman ostean, epaiketei uko egin eta eskatu zuen berriro egiteko. Legez badagokio, eta egitekoak dira. Ekainaren 28an Auzitegi Korrekzionalean izan zen euskal presoa, 2017ko epaiketako auziaz; haren abokatuek prozedura akatsak aurkeztu zituzten, eta horiek aztertzeko auzia biharko jarri zuten epaileek.

2011-2013ko aldian Osloko elkarrizketagunean ETAren egitura politikoan egotea egotzita zortzi urteko espetxea ezarri zion Frantziak duela bi urte. Erakundearen ordezkaritza taldeko kideetakoa izan zen, jakin izan denez. ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen jarduera armatuaren bukaera, eta, uda hartan erakundeak eta Espainiako Gobernuak bakoitzak bere aldetik nazioarteko bitartekariekin hitzartu zutenez, ETAren urriko iragarpenaren ondoren berehala ekingo zioten Norvegian elkarrizketari, euskal gatazkaren ondorioei konponbidea emateko asmoz.

Madril, ordea, ez zen agertu Osloko gunera —2011 bukaeran PP jarri zen Espainian agintean, PSOEren partez—. Blokeotik irteteko xedez, ETAk 2012ko udazkenean, eta betiere Norvegiako Gobernuaren eta nazioarteko komunitateko beste eragile garrantzitsu batzuen anparoan, Frantziari «elkarrizketa diskretuak abiatzeko» proposamena egin zion, eta, keinu modura, azaldu erakundea prest zegoela aurretik «armategi kopuru esanguratsu bat desegiteko». Saio horrek ere, baina, ez zuen aurrera egin. ETAk 2013ko martxoan azaldu zuen «ezarria zegoen elkarrizketa eta negoziaziogunea desegin» zela.

Joan den ekaineko auzi saio batean, Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce defentsa abokatuek nabarmendu zuten Urrutikoetxeak 2002tik aurrera bakearen alde jardun izan duela. 2002an ihes egin zuenetik, 2005-2007ko elkarrizketa prozesuan ere hartu zuen parte, 2006ko irailera arte: ETAren ordezkari modura, elkarrizketak izan zituen Espainiako Gobernuaren mintzaideekin. 2002 aurretik, berriz, 1989an (Aljer) eta 1999an (Lizarra-Garazi), orduko prozesuak jadanik hasiak zirela, ETAk Madrilekin hitz egiteko bere solaskideetako izendatu zuen, baina bi prozesuak hautsi egin ziren gero, eta ez zen sekula bildu estatuarekin. Bestalde, iazko maiatzaren 3an Urrutikoetxeak berak jarri zion, Marixol Iparragirrerekin batera, ETA erakundearen desegite adierazpenari ahotsa.

Dena dela, Parisko biharko auzi saioan ez dira 2011-2013ko elkarrizketa ahaleginaren mamian sartuko; prozeduraz ariko dira. Ekainean fiskaltzak abokatuei aitortu zien bazirela akatsak. Epaileek erabakiko dute auzia jarraitu ala berriro hasi —kasu horretan, asko luzatuko litzateke—.

4. EPAIKETA (II)
ETAren «hierarkian» kide garrantzitsua izateaz akusatuta

 2002-2005 arteko gertakari batzuk aipatuz, ETAko kide izatea eta haren zuzendaritzarekin harremana izatea egotzita, 2010ean zigorra ezarri zion Frantziak: zazpi urteko kartzela —hasieran, bostekoa—. Urrutikoetxeak ETAren «hierarkian» zukeen tokia kontuan hartu behar zela defenditu zuen prokuradoreak zigor urteak gehitzeko helburuarekin, eta jaramon egin zion epaileak. Joan den ekainaren 19an, Dei Auzitegiko saioan, auzia lehen instantziara itzultzea onartu zuten epaileek, eta datorren urtarrilaren 6an izango dute saioa, Parisen.

1989an atxilotu, Baionan, eta 1996ra arte Frantzian preso egon zen. 1990ean kondenatu zuen Parisek, gaizkile taldeko kidea izateagatik, dokumentu faltsuak izateagatik eta armak legez kanpo edukitzeagatik. Halaber, Sokoa kooperatibaren polizia operazioko (1986) dosierrarekin lotu zuten —dosierrean Urrutikoetxea ETAren nazioarteko arduradun bezala jo zuten—. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 1993an zioen 1984tik 1989an atzeman zuten arte erakundeko nazioarteko taldeko arduraduna izan zela, eta hamabi urteko espetxea eskatu zuen; Parisek errefusatu egin zuen Madrilen eskaera hori, eta gaineratu Urrutikoetxea dagoeneko kondenatu zutela 1990ean, etakidea izatea leporatuta.

1996-2000an Espainiako Estatuan preso egon ostean, Madrilek eta Parisek 2002tik aurrera berriro lotu zuten ETAren zuzendaritzarekin. Zaragozako (Espainia) kuartelaren aurkako atentatuko inputazioa zela eta, 2002ko azaroan ihes egin zuen Urrutikoetxeak, eta, joan den maiatzean Sallanchesen atxilotu zuten arte, sasian izan zen; Frantziako eta Espainiako estatuen iritziz, ordutik aurrera ere urteetan egon zen ETAren zuzendaritzan. Auziko parteen aldetik argitu beharreko kontuetako bat izango da.

5. ESTRADIZIO ESKAERA (I)
ETA pm-k aldarrikatutako hilketa batean nahastua

 ETAk 1980ko ekainaren 25ean Luis Hergueta Michelin enpresako arduradunetakoa hil zuen, Gasteizen. Hurrengo egunean bertan aldarrikatu zuen hilketa, agiri bat igorrita hedabideetara. Justuki, ETA politiko-militarrak hartu zuen bere gain atentatua, ez ETA militarrak. Josu Urrutikoetxea ez zen izan ETA pm-ko kidea, ETA m-koa baizik. 1980an, atentatu haren aurretik, Michelingo langile bati Lapurdin egindako bilera batean Herguetaren argazki bat eskatu izanagatik lotu nahi du Espainiako Auzitegi Nazionalak hilketarekin; Santiago Pedraz epaileak 2005ean auzipetu egin zuen, eta, orain, estradizioa eskatu diote Frantziari. Herguetaren hilketa euroagindua indarrean (1993) jarri aurrekoa izateagatik galdegin dute kasu horretan estradizioa. Frantziak oraindik ez du auzi saioaren eguna jarri.

6. ESTRADIZIO ESKAERA (II)
Zaragozako kuarteleko atentatua agindu izana

 1987ko abenduaren 11n ETAk —adar politiko-militarra jadanik desagertua zegoen— 11 lagun hil eta 88 zauritu zituen Zaragozan, Guardia Zibilaren kuartelaren aurka bonba-auto bat leherrarazita, eta Auzitegi Gorenak 2002ko azaroan Urrutikoetxea deklaratzera deitu zuen, inputatuta, 1987an ETAren zuzendaritzako kidea zelakoan atentatua agindu izanagatik. Ez zen bi saio judizialetara azaldu, eta bere kontrako «sasi-epaiketa bat» zela deitoratu zuen eskutitz batean. Bilatze eta atxiloketa agindua eman zuen epaileak. Urrutikoetxea orduan Sozialista Abertzaleetako legebiltzarkidea zen.

Egoitz Urrutikoetxeak joan den ekainean AFP Frantziako berri agentzian adierazi zuen bere aitak ez zuela zerikusirik izan 1987ko eraso militar harekin. «Nire aita [Frantzian] 1990ean ETAren nazioarteko eta talde politikoko arduradun moduan zigortu zuten, sekula ez talde militarreko kide moduan». Frantziak Espainiaratu ostean Madrilek badaezpadako kartzelaldian izan zuenean (1996-2000), euskal presoaren aurkako auzibide berrien saio guztiak antzuak gertatu eta Frantziaren espetxe zigorreko akusazioagatik berriro ezin zutenez epaitu, Gorenak aske utzi zuen 2000ko urtarrilaren 14an, kargurik leporatu gabe.

Zaragozako atentatuaren kasu honetan ere Madrilek estradizioa eskatu behar izan du, ez euroagindua. Parisek oraindik ez du esan noiz izango den auzi saioa.

7. EUROAGINDU ESKAERA (I)
'Herriko tabernen' auzian, ardura posturik izan ez arren

 Datorren urriaren 16an aztertuko dituzte, Parisen, Urrutikoetxearen aurka Espainiak egindako bi euroagindu eskaerak. Herriko tabernen auzia da horietako bat, elkarteon bidez ETA «finantzatzea» egotzita. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak hasi zuen auzia, 2002an, Batasuneko 11 lagun atxilotuta. Hamar eta hamabi urte arteko kartzela zigor eskaerekin ekin zioten epaiketari, Madrilen, eta Auzitegi Nazionalaren epaiak (2014) urtebete eta hiru urte arteko espetxea eta inhabilitazioa ezarri zien hogei laguni: herriko tabernetako arduradun izandako hamabiri eta Batasuneko zortzi mahaikide ohiri. Urrutikoetxea inoiz ez da izan herriko tabernetako arduraduna eta HBko edo Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea.

Gorenak 2015ean kartzela urteak murriztu egin zituen, gehienezko zigorra bi urte azpitik jarrita. Epaiaren ostean, beraz, zigortutako inor ez zuten sartu preso.

 8. EUROAGINDU ESKAERA (II)
Gizateriaren aurkako krimena, Barajaskoagatik

 ETAren buruzagitzat jo eta «gizateriaren kontrako krimenak» eragin zituela leporatuta, Urrutikoetxearen kontrako euroagindua eskatu du Espainiak, eta horri buruzko saioa ere urriaren 16an izango da, Parisen. Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak 2015eko urrian auzipetu egin zuen Urrutikoetxea —Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera, Aitzol Iriondo eta Aitor Elizaran ere bai—, 2004ko urritik ETAk eragindako hilketen arduradun moduan —estatuko Zigor Kodean 2004an jarri zuten indarrean delitu mota hori—. 2015eko abenduan Carmen Lamela epaileak erabaki zuen auzia atentatuka aztertu behar dela, ez modu orokor batean.

Orain arte, Elizaranen kasua baizik ez dute jorratu Auzitegi Nazionalean, duela hiru urte, eta epaileek artxibatu egin zuten gizateriaren aurkako krimenak leporatzen zizkioten prozedura —gainera, baztertu egun zuten Elizaran ETAren buruzagia izan zenik—. Auzitegiko hainbat epailek orduan azaldu zuten ETAk ez zuela halako krimenik egin, haren jardueran ez zegoelakoan «biztanleria zibilaren aurkako eraso orokorra eta sistematikoa». Dena dela, iaz Auzitegi Nazionalak, Lamela buru zela, beste lau lagunak epaitzea proposatu zuen, eta epaileak autoan Urrutikoetxeari bi hilketen ardura egotzi zion —ustez, 2006ko abenduaren 30ean Barajasen (Madril) izandako atentatuko biena—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.