Bingen Zupiria. Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua

«Benetako gogoa nabari dut beste era batera lan egiteko»

Euskara biziberritzeko bidean «testuinguru berri bat» datorrela dio Zupiriak: ateak irekiko direla, baina «zailtasunak» ere izango direla. Gizarte eragileekin biltzen ari da, eta aldaketarako nahia sumatu die. Asmo hori agertu du hark ere.

Garikoitz Goikoetxea.
Gasteiz
2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun

Beste aldean dago orain: galderak egiten ez, erantzuten. Komunikazioaren arloan egin du bidea Bingen Zupiriak (Hernani, Gipuzkoa, 1961): ETBko zuzendari izana da, eta Deia egunkariaren buru egon da orain arte. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua da orain. Gasteizen ari da lanean, eta han bertan egina dago elkarrizketa, Artium museoan.

Aste batzuk egin dituzu sailburu. Nolako harremana izaten ari zara zure arloetako eragileekin?

Ahalegin berezia egin dugu denboraren erdia baino ez pasatzeko bulegoan, beste erdia hara eta hona igarotzeko: kultur emankizunak ikusi, sortzaileekin hitz egin, euskararen arloko gizarte eragileekin... Esku artean daukagunaz behar bezala ohartzeko, garrantzitsua da jende askori entzutea.

Euskalgintzako eragileei dagokienez, ezer eskatu dizute?

Eskertu dute atea zabaltzea eta lehenbailehen haiekin biltzea. Ez nizuke esango inork erregeen karta ekarri didanik; gehiago egin digute adierazpen bat elkarlanerako prest gauden edo ez ikusteko.

Erlazioa nola topatu duzu? Elkarlan premia nabarmendu dizute?

Nabari dut benetako gogoa hitz egiteko, elkarri daukagun eginkizuna eta erantzukizuna onartzeko, eta, seguruenik beste garai batzuetan elkarri bizkarra emanda egon garen bezala, hori gainditzeko eta beste era batera lan egiteko. Horrek ez du esan nahi denean konforme egon behar dugunik, baina denok daukagu gogoa diferentziak desdramatizatzen ikasteko; diferentzien gainetik, komunikazioa izateko, elkarrekin hitz egiteko eta lan egiteko. Hori sumatu dut gizarte eragileen partetik, eta gure jarrera ere hori da.

Asko aipatzen da ziklo aldaketa.

Nondik gatozen ikusita, bizikidetza asko normalizatu den eta normalizatuko den neurrian, denok ikusten dugu gauzak beste era batera egin ditzakegula. Legebiltzarrean agresibitatea asko galdu da; gauzak era sosegatuagoan egin eta esaten dira. Gauza berriak ikusi ziren aurreko legealdi amaieran ere.

Aldaketak egin dituzu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan. Miren Dobaran izango da arduradun. Esan duzu Bizkaiko ikuspegia sartu nahi izan duzula.

Batetik, konfiantza dago: neure taldea egin dut. Bestetik, helburu jarri dut berdintasuna: horrek dakar hainbat emakume izatea taldean. Aldi berean, ahalegina egin dugu jatorri aniztasuna egoteko. Sailean bi hanka zeuden: Kulturan, bi gizon gipuzkoar; Hizkuntza Politikan, lau gizon gipuzkoar. Hizkuntza politikan, sailburua ni naiz: gipuzkoarra eta gizona. Behar nuen bidelaguna, eta iruditu zitzaidan emakume bizkaitar bat izan zitekeela: Miren Dobaran.

Batez ere Gipuzkoan, kezka sortu da euskara arnasguneen jaitsieragatik. Neurririk baduzue?

Zure liburuko [Euskara irabazteko bidean] ideia bat hartuko dut: hizkuntza politikak, eraginkorra izateko, behar du arnasguneak zaindu eta arnasgune ez direnetan euskaldun kopurua handitu. Bien arteko oreka. Arnasguneak nola bultzatu? Behar da euskaldun dentsitate handia. Horrekin batera, inportantea da inoren eskubideak ez mugatzea. Hortik aurrera, saiatu behar da egin litezkeen gauza guztiak euskaraz egiten. Nahiz oso leku euskaldunetan bizi, gero eta gehiago gaude munduarekin konektatuta; inportantea da lotura horietan euskarak presentzia izatea.

Hezkuntza eta aisia. Ez duzu uste beti gazteei begira gaudela?

Hezkuntzarekin batera helduen alfabetatzean segitzea oso garrantzitsua da. Leku askotan, euskara hezkuntzaren hizkuntza da; ume askok ez dute aukerarik eskolaz kanpo euskara entzuteko eta mintzatzeko; euskarak gune berriak irabazi behar ditu. Eskolakoari utzi gabe, eskolaren inguruan hainbat aktibitate euskaldundu behar dira.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, programan dago probak gainditzen dituztenek doako euskalduntzea izatea B1 mailara arte. Hasi zarete ezer zehazten?

Gaia planteatua dago Hakoban. Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek adostu beharko ditugu irizpideak.

Gobernuan ikusi duzu euskarak baduela zeharkakotasunik? Edo euskarakoen gain uzten da gaia?

Sorpresa izan da gure arteko harremanean euskara oso presente dagoela; adibidez, gobernu batzordean. Jendeak uste baino euskara gehiago dakite sailburu askok. Sumatzen dut, gainera, lankide batzuen aldetik asmo sendoa beren egunerokoan euskara txertatzeko. Horrek zenbateraino zipriztinduko dituen politikak? Ikusiko dugu. Uste dut arlo gehienetan asko zaindu dela hizkuntzaren kontua izendapenak egitean.

Gobernu bilera, zer hizkuntzatan?

Lehendakariak ahalegina egiten du bi hizkuntzatan izan daitezen. Eta seguruenik bera da, gainera, ahalegin handiena egiten duena.

Eta sailburu euskaldunek, nola?

Dakitenekin euskaraz egiten dut.

Ezagutza asko hazi da. Gaitasuna eta erabilera dira erronka. Olatuari heltzeko prest gaude?

Oso une garrantzitsuan gaude. Denok konturatzen gara zenbat ugalduko den euskal hiztunon taldea. Denok daukagu bultzatu nahi bat, ugaltze horrek ekar dezan erabilera areagotzea eta funtzio gehiago euskaraz egin ahal izatea. Erronka izugarria dugu, seguruenik aurreko hamar-hamabost urteetan ikusi ez duguna bezalakoa. Zer dator? Ikastetxeetatik ateratzen diren gehienak euskaldunduta egongo dira, ohitura berriak ekar ditzakete, bikoteak, funtzio berriak gizartean...

Pauso horiei begira, neurri eta erritmoak jartzen hasi behar da?

Neurriak jarrita daude nolabait. Badakigu zer eman dezaketen hezkuntzak eta helduen euskalduntzeak; administrazioan, erretiroekin ugaldu egingo da euskaldunen kopurua. Horrek markatzen du erritmo bat. Ez du esan nahi dena egina dagoenik; erronkak eta zailtasunak ere hor daude. Testuinguru berri batera goaz.

Hizkuntza eskakizunen auziak jarri zuen zeresana kanpainan. Hasi zarete gai horri heltzen?

Hasita dago lana: 38.000 langile publikoren soslaien berrikusketa. Kontuan izango da zer lan daukaten —jendaurreko lana den edo ez— eta zer ingurunetan ari diren. Horrek ez du esan nahi funtzionario euskaldunik behar ez denik, baina eskakizunak desberdinak izan daitezke batean eta bestean.

Erretiroak aipatu dituzu. Belaunaldi gazteak euskaldunagoak dira. Euskaraz ez dakiten langileak hartzen jarraitu behar da?

Galdera ona da. Neurri handi batean, berez etorriko da hori. Ez luke zentzu handirik jendearekin harremanetan lan egin beharko duen postu publiko baterako euskaraz ez dakien norbait hartzeak. Oso garrantzitsua da postuen azterketa egitea: bakoitzak zer exijentzia duen hizkuntza aldetik eta zenbateko maila eskatzen duen.

Diskurtsoari dagokionez, proposamen berriak ikusten ari gara. Zein hartu duzu zeuretzat?

Berdintasunaren diskurtsoan eroso sentitzen naiz. Hiritar gisa eskubide batzuk ditugu, eta era berdintsuan tratatuak izan nahi dugu. Kontziente izanik berdintasuna ez dela egun batetik bestera lortzen; denbora eta neurri eraginkorrak eskatzen ditu, eta adostasunak.

Hedabideen laguntzetan irizpideak aldatu ziren aurreko agintaldian. Ados dago talde berria?

Gai korapilatsua izan da beti. Beharrizanak handiak dira, eta, seguruenik, jasotzen duenari beti iruditzen zaio gutxi. Jaurlaritzak sektorearen eskakizunei erantzunez erabaki zuen irizpide berriak finkatzea eta hiru urterako deialdiak egitea. Hiru urteko egonkortasuna bilatzeko ahalegina ona da. Dena dela, gure jarrera eta obligazioa da hitz egitea eta sor daitezkeen egoera zailei nola aurre egin ikustea.

Hekimen elkarteak proposatu du laguntza deialdietatik itunetara jotzea. Ondo ikusten duzue?

Hekimenekin hitz egiten hasita gaude. Miren Dobaranek iritsi eta berehala erabaki zuen harreman horri eustea. Gogoeta bat hasi dugu Hekimenekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin, aztertzeko nola dagoen laguntza sistema eta nolakoa izan beharko lukeen. Galdera asko dauzkat nik ere. Finantzaketa publikoak zenbaterainokoa izan behar du publikoak ez diren ekimenetan? Azken deialdian 137 komunikabidek eskatu dituzte laguntzak; ez dakit 137 hedabide behar ditugun. Denon artean ikusi beharko dugu. Jakina, hala ere, gizarte ekimena libre da nahi dituen hedabideak sortu eta kudeatzeko.

EITBren gaia parlamentuan dago, baina jaso duzu enkargurik?

EAJk eta PSEk eskatu zidaten geure burua alderdien esanetara jartzeko, EITBren erreformari heltzeko.

Elkarrizketarik izan duzu?

Oraindik ez. Eduki ditut elkarrizketak EITBko langileekin. Erabakiak ez dira haien esku egongo, baina inportantea da EITBko kazetariak kontziente izatea gizarte honetan duten garrantziaz. EITBk pisua handia du. Batzuei gustatuko litzaiekeen baino handiagoa.

Gehiegizko kritika ikusten duzu?

Kritika neurrigabea, eta oso interesatua. Hedabideetako profesional askok oso errespetu gutxirekin hitz egiten dio EITBko langileen jardunari. Ez dut ongi ulertzen.

Hedabide batzuk EITBren aurka?

Komunikazio enpresa askotan dagoen beligerantzia, seguruenik, interesatua da.

Ikusten duzu aldaketa premia?

EITB 1982an sortu zen, eta zuzendari nagusia hautatzeko moduan izan da aldaketa bakarra. Badirudi kontrol horrek kezka handia sortzen duela alderdietan. Ez dut proposamen asko entzun nolakoa izan behar duen EITBren kudeaketak, zenbat kate behar dituen, zenbat langile... Inguruan aldaketa handiak izan dira. Arrazoizkoa izan liteke ereduari buelta bat ematea, gauzak asko aldatu direlako.

Bideoa: Zupiriaren elkarrizketaren zenbait une (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

[youtube]https://youtu.be/lkzWX-vbhrs[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.