Maider Galardi F. Agirre.
ANALISIA

Arrakalak bidean

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ia zortzi urte dira Aieteko Konferentziatik eta ETAk bere jarduera armatua behin betiko utziko zuela iragarri zuenetik. Hiru Luhusoko atxiloketetatik, bi eta erdi ETA armagabetu zenetik, eta urtebete pasatxo erakundea behin betiko desegin zenetik. Ordutik egin dira urratsak bakerako bidean, eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak ostiralean aurkeztu zuen Frantziarekin azken bi urteotan izandako elkarrizketen balorazioa. Agian, ez nahi beste, baina egin dituzte aurrerapen garrantzitsuak: Frantzian dauden kasik euskal preso gizonezko guztiak daude Mont-de-Marsanen edo Lannemezanen batuta, 29 preso hurbildu dituzte eta 25i DPS estatusa kendu diete.

Urteak joan, urteak etorri, ordea, apenas aipatu den ezer euskal preso emakumeen inguruan, eta, ostiralean, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak jakinarazi zuen Frantziarekin adostu duela emakume horiek Roazhongo (Bretainia) espetxean batzea, presoak neurri horrekin ados egonez gero. Aurretik ere egin dira euskal preso emakumeen baldintzak hobetzeko eskaerak, baina, orain, lehen aldiz jarri da fokua beraiengan. Gatazkaren konponbideaz hitz egiten hasi eta bi, hiru edo zortzi urteren ostean.

Etxerat-en azken datuen arabera, zortzi euskal preso andre daude Frantzian preso, eta 27, berriz, Espainian: 36, guztira. Frantziak behin baino gehiagotan argudiatu du preso horiek ezin dituela Euskal Herrira hurbildu, ez baitago andreentzako egokitutako espetxerik inguruan. Espainian, gerturatutako 29 kidetik bost besterik ez dira emakumeak. Preso diren andreetako hamahiru bakartuta daude, ez dutelako emakume kiderik kartzelan, edota ezin direlako haien kide gizonezkoekin elkartu espetxean. Ia denak, izatez gizonezkoentzako diren espetxeetan ari dira zigorra betetzen. Bestalde, lau dira Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) ama diren euskal presoak. Bada beste datu bat ere: batez beste 700 kilometro baino gehiago egin behar dituzte euskal preso emakumeen senideek bisitan joateko. Eta, Roazhongo espetxea ez da salbuespena: elkartuta egongo badira ere, Euskal Herritik 760 kilometrora dago kartzela.

«Andre presoentzat gordetzen dute espetxearen azken zirrikitua: tokirik txikiena, ezkutukoena, itzaltsuena...», salatu zuen Sara Majarenas euskal preso ohiak egunkari honetan. «Errealitatea da emakume izate hutsagatik euskal presoak urrunduago eta bakartuago daudela», ohartarazi Ekhiñe Eizagirrek.

Eta, hain justu, euskal emakume presoentzako aterabideak mahai gainean jartzen hasi direlarik agertu dira bidea zaildu dezaketen lehen oztopoak: batuta egon litezke, baina segituko dute urrunduta. Berdin Espainian. Egon daitezke gertuago, baina ez berariaz andreentzat egokitutako espetxeetan. Eta joango dira beste bi, hiru, zortzi urte, jarraituko dute gatazkaren konponbidean urratsak egiten, baina bake bideak arrakala izaten segituko du, ezpada lehentasunezko gai izendatzen dutela eta, haiei ahotsa emateaz gain, kontuan hartzen direla egiten dituzten eskaerak.

Egiari Zor fundazioak gerra zikinean aritu zirenen erantzukizuna eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.