Egiari Zor fundazioak gerra zikinean aritu zirenen erantzukizuna eskatu du

Justo Elizaranen hilketaren 40. urteurrenaren harira, «estatu terrorismoaz» aritu dira Hernanin

Egia Zor fundazioaern izenean hitz egin zuten Ane Muguruzak eta Mikel Salvadorrek , atzo, Hernanin egindako ekitaldian. JON URBE / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
Hernani
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Estatu terrorismoa eta inpunitatea txanpon beraren bi aldeak dira», salatu zuen Ane Muguruza Egiari Zor fundazioko bozeramaileak, atzo, Hernanin (Gipuzkoa) egindako agerraldi batean. GALek Justo Elizaran hil zuela 40 urte bete direla oroitarazteko bildu ziren dozenaka lagun, eta Egiari Zor-ekoek azpimarratu zuten Elizaran ez ezik, beste hainbat eta hainbat lagun ere hil zirela «estatu terrorismoaren» ondorioz. Urte horiek guztiak pasatuta, eta bestelako agertoki politiko batean ere, ez alderdiek ez eta Frantziako eta Espainiako Gobernuek ere, inolako erantzukizunik hartzen ez dutela salatu, eta gertatutakoa ahanzturan gera ez dadin «egia, aitortza, justizia eta erreparazioa» eskatu zituen Mikel Salvadorrek. Txaloz hartu zituzten hitz horiek han bildutakoek; tartean, Elizaranen sendiak.

Bideo bidez gogoratu zituzten Espainiako eta Frantziako Estatuen indarkeriak eragindako ondorioak: «Estatu aparatuek gerra zikina baliatu zuten euskal errefuxiatuen, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra», salatu zuen Muguruzak. Tartean, ATE, GAE, Triple A, Batallon Vasco Español eta GAL aipatu zituzten. Fundazioaren arabera, gerra zikinaren ondorioz hildakoak 78 dira, guztira.

Salvadorrek deitoratu egin zuen inork ez hartu izana heriotza horien guztien eta eragindako minaren erantzukizuna: «Inork ez du oraindik bere gain hartu horren larriak diren gertakarien ardura». Horregatik, fundaziokoek esan zuten «unea» dela argitzeko ea nor diren delitu horien erantzule «zuzen eta zeharkakoak». Besteak beste, eskatu zuten oraindik artxibatuta dauden kasuak argitzeko dokumentu ofizialak argitara emateko.

«Berriro gerta ez dadin»

Gaur-gaurkoz, «estatu terrorismoaren» biktimek aitorpenik ez dutela salatu zuen Muguruzak, eta eskatu zuen «biktimen arteko mailaketarik» ez egiteko, eta heriotza horiek guztiak ere aintzat hartzeko, pasatutakoa «berriro ez gertatzeko».

Arrakalak bidean

[youtube]https://youtu.be/EkIHmnVTsQk[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.