Khaled Quzmar. DCI-Palestineko zuzendaria

«Gure lana eten nahi dute, Israeli kontuak eskatzen dizkiogulako»

Israelek giza eskubideen aldeko sei elkarteren egoitzak itxi ostean, Quzmarrek «lehen aldiz» ikusi ditu AEBak eta EBko estatu batzuk Tel Aviven segurtasun argudioak baztertzen. Ohartarazi du ez dela aski.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Israelek beste urrats bat egin du Palestinako gizarte zibil antolatuaren aurka. «Elkarte terrorista» izendatu zituen iazko udazkenean giza eskubideen aldeko sei eragile ezagun, PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontearen «adar bat» izatea egotzita, eta, joan den astean, elkarte horiei egoitzak itxi zizkien. Khaled Quzmar (1964, Kalkilia, Palestina) elkarte horietako baten burua da, Defense for Children International Palestineko zuzendaria. Israelgo Segurtasun Agentziak hura bi orduz galdekatzera eraman eta lau egunera mintzatu da BERRIArekin. «Esnatzeko» eskatu dio nazioarteari.

Zertan da Israelek zuen aurka abiarazi duen kanpaina?

Hamar urte baino gehiagoz jazarri digute. Azken eraso hau ere gu isilarazteko estrategiaren parte bat da. 2021eko uztailean, gure bulegoa miatu zuten, eta handik hiru hilabetera terroristatzat jo zituzten gure elkartea eta beste batzuk. Joan den asteko erasoa egin zuten oraindik helegitearen erantzunaren zain geundela, Israelgo Defentsa Ministerioaren erabakiari errekurtsoa jarri baikenion. Prozedurak oraindik abian daude, eta, bat-batean, bulegoak miatu dituzte, eta ondasunak lapurtu dizkigute.

Biharamunean, Israelgo Segurtasun Agentziak gune militar batera eraman zintuen. Zertarako?

Elkarrizketa batera gonbidatu ninduten. Nik ez nuen zalantzarik egin, eta haiekin joan nintzen, ez dudalako ezkutatzeko ezer, konfiantza osoa dudalako nire elkartean. Esan zidaten legez kanpoko elkarte batekin ari nintzela lanean, eta lan hori eten behar nuela; jardunean jarraituz gero legea urratuko nuela.

Zer erantzun zenien?

Argiki esan nien ez dagoela justifikaziorik gure elkartea legez kanpoko izendatzeko. Hainbat estaturekin partekatu dituzten ustezko frogak ez direla oinarri akusazioari eusteko. Israelen lagun diren hainbat estatuk baztertu dituzte gure kontrako akusazioak. Uztailaren 12ko adierazpenarekin [Europako bederatzi estatuk sinatu zuten], gure elkarteak babesten jarraitzea erabaki zuten. Esan nien garaia dela dokumentu sekretuetako gezurrak alboratzeko.

Nola erreakzionatu zuten?

Nire hizketakidea ez zegoen oso interesatuta esaten ari nintzaion horretan. Haren egitekoa zen niri mehatxu egitea, eta, noski, badakit mehatxua ez dela niretzat bakarrik, baita nire familiarentzat eta nire lankideentzat ere.

Hainbat estatuk salatu dute Israelek ez duela froga nahikorik aurkeztu akusazioari eusteko. Tartean, AEBek. Zer garrantzi dute adierazpen horiek?

Handia. Nik orain 63 urte ditut, eta lehen aldia da nire bizitzan ikusten dudana Israelek segurtasun arloko informazioa partekatu eta haren herrialde lagunek informazio hori publikoki baztertzen dutela; EBko [Europako Batasuneko] hainbat estatuk etaAEBek —Israelen estatu babeslerik handiena denak— barne. Zergatik gertatu da hori? Akusazioa erabat zentzugabea delako. Ziur nago denbora asko galdu dutela Israelek bidali dien dokumentazioa irakurtzen. Hamar hilabete behar izan dituzte. Israelen akusazioa baztertu dute azkenean. Erabakia oso garrantzitsua da, gure argudioa indartzen duelako. Hau da, errugabeak garela. Haien informazioan sinesten badute, auzipetu gaitzatela.

Auzitegi militarrek aske utziko zintuzketete?

Hogei urte daramatzat auzitegi horietan lanean, eta badakit sistema hori diseinatuta dagoela palestinarrak zigortzeko eta Israelen krimenak zuritzeko. Hala ere, ez daukat arazorik duten informazioari erantzuteko; baina desklasifikatuta, noski; neure burua defendatzeko aukera izan dezadan.

Nazioartearen erantzuna nahikoa sendoa izan al da?

Zoritxarrez, ez. Geldoegi jokatu du. Gure elkarteak iazko urrian izendatu zituzten legez kanpoko, eta lehenengo adierazpen publikoa joan den uztailaren 12koa izan zen. Sinatzaileek modu argian baztertu zuten Israelen akusazioa, eta erabaki zuten gure erakundeekin lanean jarraitzea, baina gehitu zuten Israelek informazio gehiago erraztuz gero berriro aztertuko zutela akusazioa. Ez da batere onargarria. Zenbat luzatuko dira Israeli informazio gehiago eskatzen? Informazioa aztertzen aritu diren denboran ehunka palestinar atxilotu dituzte, dozenaka etxetan eta bulegotan sartu dira indarrez, zantzurik txikienaren bila, akusazioari eutsi ahal izateko. Orain egin berri dituzten miaketekin eta atxiloketekin berriro idatziko dituzte txosten gehiago, dozenaka mila orri, auzia nahasteko. «Tori, hemen dituzue zuen frogak; aztertu», esango diete, beste urtebetez lanpetuta egon daitezen.

Zein erantzun eman beharko luke, zure iritziz?

Nazioarteak esnatzeko garaia du, eta Israeli «nahikoa da» esatekoa. Adierazpena sinatu zuten Europako bederatzi estatuek dozenaka milioi euro inbertitu dituzte gure elkarteetan. Lagundu dute Palestinan gizarte zibila antolatzen eta giza eskubideen ikuskaritzarako sistema bat eraikitzen, eta Israelek kolpe bakarrez suntsitu nahi du lan hori guztia.

Akusatutako sei elkarteek lan handia egiten duzue Israelen abusuak dokumentatzeko. Hori al da Tel Aviven kezka?

Honen guztiaren atzean dagoena ez da terrorismoarekin lotutako ezer. Gure lana eten nahi dute, Israeli kontuak eskatzen dizkiogulako eta palestinarrentzako justizia bilatzen dugulako. Gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egin dituztenak espetxeratu behar dituzte Nazioarteko Zigor Auzitegiaren (NZA) aginduz. Hori da haien egiazko kezka.

Zer espero daiteke NZAn hastekoa den ikerketatik?

Orain arte, atzerapen luzeegiak izan dira. Ikerketarik ireki behar ote zen argitzeko aztertzeak bost urte baino gehiago iraun du, eta normalean asteetako kontua izaten da. Azkenean, ikerketa bat irekitzea erabaki zuten, baina zoritxarrez etenda jarraitzen du. NZA oso modu aktiboan ari da Siriaren auzian, Ukrainarekin ere berdin jokatu behar duela uste dut, baina Israel ez da salbuespen bat. Beren lana egin behar dute, eta berehala ikerketa bat hasi.

Estatu askotako agintariek salatu dute Errusiaren Ukrainako inbasioa. Ez dute halako gaitzespenik egin Israelen Palestinako lurren okupazioarekin.

Israelen okupazioaren biktima gisa, nire elkartasuna adierazi nahi diet Ukrainako herritarrei. Begi onez ikusten dut EBk eta nazioarteak Errusiaren erasoa salatzea, baina nahi nuke Ukrainarekiko agertzen duten kezka horren %1 bederen izatea Palestinarekiko. Gu Ukrainaren pareko baldintzetan gaude azken 70 urteetan. Zazpi milioi errefuxiatu palestinar baino gehiago daude. Zenbat haur, zenbat zibil hil dira, zenbat herritar deportatu errefuxiatuentzako kanpalekuetan baldintza negargarrietan bizitzen! Gaza setiopean dago azken hamasei urteetan. Munduko espetxerik handiena da. Bi milioi lagun baino gehiago bizi dira eremu oso txikian, bizi proiektu bat garatzeko inolako aukerarik gabe. Zenbat haur hil dira han ez dutelako osasun zerbitzuetarako sarbiderik? Onartezina da gertatzen ari dena. Garaia da nazioarteko komunitatea esnatu dadin. Ukrainako herritarrak babestea oso garrantzitsua da, baina palestinarren biziek ere merezi dute kontuan hartuak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.