Leheneratzea helburu

Ehunka lagun elkartu dira Nafarroako hezkuntzako sindikatu guztiek deitutako manifestazioan. Elkarrekin, gobernua berriro negoziatzera behartu dutela diote

Ehunka lagun izan ziren atzo Iruñean, kalitateko hezkuntzaren aldeko manifestazioan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
«Inbertsio gehiago hezkuntzarentzat!». Oihu hori ozen entzun zen atzo Iruñeko erdiguneko kaleetan. Hezkuntzako sindikatu guztiek deitutako manifestazioan ehunka lagun bildu ziren, eta aurreko legealdian ezarritako murrizketak leheneratzeko exijitu zioten Nafarroako Gobernuari. «Azpimarratu nahi dugu zoriontzekoa dela hezkuntza komunitate handi bat izatea eta aldarrikatzea une honetan beharra dagoela ibilbide bat elkarrekin jorratzeko», aldarrikatu zuen Alberto Goikoa LABeko hezkuntzako ordezkariak, hasi aurretik.

18:10ean irten zen manifestazioa autobus geltoki zaharretik. «Kalitateko eskola publikoaren alde, murrizketei ezezkoa, ituna ja» zioen pankartari heltzen, mahai sektorialeko bederatzi sindikatuetako ordezkariak zeuden: LAB, Steilas, ELA, Afapna, CCOO, UGT, Anpe, APS eta Csif. Era berean, Eraldatu gazte mugimenduak bere pankarta zeraman: «Ituna orain, hezkuntza publiko eta feminista baten alde». Halaber, «finantzaketa publikoaren lege baten alde» zioten beste kartel batzuk ere baziren ibilbidean. Sindikatuetako ordezkariekin batera, beste hainbat taldetako ordezkariak ere bildu ziren manifestaziora.

Eguraldi ona egiten zuen atzo arratsaldean, eta behin Karlos III.aren etorbidera ailegatuta, ingurua jendez gainezka zegoen. Manifestazioko parte hartzaileek hainbat aldarrikapen oihukatu zituzten: «Ordezkapenak lehen egunetik»; «Solana, entzun, borrokan jarraitzen dugu»; «Polizia gutxiago, arkatz gehiago»; «ez, ez, murrizketarik ez»...

Hain zuzen ere, murrizketen inguruan dago talka nagusia. Aurreko legealdian, UPNren gobernuak ikasleen ratioa handitu, irakasleen ordezkapenak gutxitu eta irakasleen eskola orduak handitu zituen. Iazko martxotik, urtebete inguru eman dute gobernuak eta sindikatuek negoziatzen, hezkuntza publikoko baldintzak zehaztu nahirik. Alta, otsailaren 16an Hezkuntza Departamentua mahaitik altxatu zela salatu zuten sindikatuek. Une hartan, gobernuak helarazi zien hurrengo ikasturtean ezingo dituela Bigarren Hezkuntzako eskola orduak gutxitu.

Mahaitik altxatu arren, negoziazioei berrekin diete bi aldeek, eta, apirilaren amaieran, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak konpromisoa hartu zuen datorren ikasturtean Bigarren Hezkuntzako eskola orduak gutxitzeko, eta horretarako hala finantzaketa nahikoa nola egokitze juridikoa bilatzeko. Haatik, nola egin zehaztea falta da, eta, horregatik, kalera irtetea erabaki dute sindikatuek.

Sindikatuen mezua

Datorren astean beste bilera bat egingo du mahai sektorialak, eta, horren aurrean, sindikatu guztiek mezua bidali nahi izan diote Solanari: «Gu prest egongo gara lan egiteko, hitzartzeko, aurrera begira ibilbide bat egiteko. Hori da gure aldarrikapena, hori da exijitzen dioguna», ohartarazi zuen Goikoak.

Manifestazio amaieran, Gazteluko plazan egindako hitzaldi laburrean, Steilaseko ordezkari Amaia Zubietak nabarmendu zuen asteotan sindikatuek zein, oro har, hezkuntzako eragileek elkarrekin egindako mobilizazioek eta batzarrek eraman dutela gobernua berriro esertzera. «Premiazkotzat» jo dute murrizketak leheneratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.